2007/07/09

Irla Eguna 2007

Denboratxo bat generaman udako egun luze eta beroak disfrutatzen. Bazen garaia, beraz, urtero bezala, Donostiako Santa Klara uhartean egun pasa egiteko, eta horrela egin genuen igaro den hileko azkeneko ostegunean.

“Irla eguna” Donostiako Iruzun eskaut-gia taldeko kideekin batera egiteko ohitura daukagu. Beraiek ere kanpaldia egingo dute laister eta honetarako dauzkaten planak kontatu dizkigute aurtengoan ere (Burgos aldera doaz, beraz gertu izango ditugu!).

Goizeko hamar t´erdietako itsasontzia hartu genuen eta bost minutuko bidaitxoa egin eta gero, irlan geunden. Trasteentzako leku bat bilatu ondoren, hainbat jolas egin genituen Iruzun eta Aratzeko kideon izenak eta aurpegiak ezagutzeko. Gero, krema eman ondoren, toailak hartu eta bainu luze bat ematera jaitsi ginen uharteko hondartzara.

Uretan a,e,i,o,u-ra jolasten, karramarroak bilatzen, inguruak ezagutzen eta beste hainbat gauzetan ibili ginen goizean zehar. Gustora hartu genituen, hortaz, etxetik ekarritako bokata goxoa eta ondorengo atsedentxoa.

Arratsaldean, jolasteko gogoa piztu zitzaigun berriz eta horretarako lau taldetan banatu eta uhartean zehar froga desberdinez osatutako zirkuito dibertigarri bat egin genuen. Bukaeran, “giza-piramidea” eta “kate-korapilatua” bezalako frogak bete eta gero, talde bakoitzak denen artean asmatu beharreko hieroglifiko baten zati bana lortua zuen. Honi esker, uharteko sorosleek saria emango zigutela jakin genuen.

Sei t´erdiak aldera abiatu ginen portura eta han zeuden gurasoak gure zain, baita sorosleek agindutako saria (izozki bana) ere.


Kanpaldian gutxi barru ikusiko garela jakinda agurtu genuen elkar!

2007/06/23

Kurtso amaiera

Jada udan sartu gara, eta Aratzentzat ere amaitzen ari da ikasturtea. Oraindik Irla Eguna eta kanpaldia falta diren arren, larunbatetako bilerak amaitu dira dagoeneko. Lehengo asteburuan adar guztiak elkartu ginen Ategorrietako lokalean, ikasturteari agur esateko. Pista-froga joko bat egin genuen handik zehar, ondoren zetorren merendola ederrean jan ahal izateko. Izan ere, talde bakoitzak segunduak lortzen zituen jokoan zehar, gero prest zeuden jaki guztiak jateko erabili ahal izango zituztenak. Talde bakoitzak denbora tarte bat zuen, hortaz, meriendatzeko! Azkenean denok batera eta denbora horri kasurik egin gabe jan genuen mahai gaineko guztia, nola ez. Baina ederki dibertitu ginen jokoa egiten...

Amaieran, gainera, monitoreotako baten azken eguna zenez (jubilatu egingo zaigu, eta ezinezkoa du kanpaldira etortzea) momentuan otu zitzaigun zenbait haurrek euskal dantza egiten dutela, eta Agurra dantzatu zioten (musika gainerakook abestu edo txistukatu genuen, ahal zen moduan). Polita geratu zen, inprobisatu xamarra izan arren.

Esan bezala, orain soilik Irla Eguna eta kanpaldia geratzen zaizkigu, aurten Tubilleja de Ebro-n izango dena (Burgos aldean). Larunbatetako bilerei dagokienean, datorren urtera arte, Aratz!

2007/05/05

Jarri gurekin kontaktuan!

Dagoeneko ikusiko zenituzten zuen auzoetako kale, kulturetxe, ikastola, haurtxoko eta gaztelekuetan gure kartel, foileto eta triptiko desberdinak. Pentsa dezakezuenez, gure taldea eta honen helburu eta ekintzak ezagutarazteko nahiean gabiltza, eta horretarako edozein zalantza edo proposameni erantzuna emateko irrikitan gaude.

Hortaz, edozer gauza nahi izanez gero, deitu edo idatzi lasai hemen alboan azaltzen diren helbide eta telefonoetara!

2007/04/28

Aste santuko irteera

Aurten ere, aste santuko oporretan 4 egunetako irteeratxoa egin dugu Aratz taldekook. Gainera, etxe berri bat ezagutzeko aprobetxatu dugu, Beizaman igaro baititugu egunak. Ez genuen etxea ezagutzen, eta egia esan poz-pozik geratu gara han topatu genuenarekin. Sekulako etxea, logela ugarikoa, handia, sukalde eta jangela ederrarekin, eta hau gutxi balitz, herriko frontoiari pega-pega eginda dagoena! Kriston frontoi handia, eta estalitakoa gainera. Ederki aprobetxatu genuen!

Idatzi genizuen gabonetako irteeran haur gutxi xamar azaldu zitzaizkigula, baina oraingoan ez, oraingoan jende dezente elkartu ginen Beizamara joateko. Koxkorren adarrak hala ere, lau egun hauek "Komikilandian" igaro zituen, euren mundu berezi hau bizirik mantentzeko lanetan. Izan ere, baziren pertsonaia gaizto batzuk Komikilandia suntsitu nahi zutenak...
Ekintza ugari egin genituen, betiko moduan: mugitzeko moduko jokoak, mahai-jokoak (azkarrek Monopoly bat egin zuten han bertan, Donostia bertsioa!), tailerrak, antzerkiak, gitarra jo genuen, botata egon ginen, frontoiean futbol eta pilota partida ederrak jokatu genituen... sukaldean ere aritu ginen, jaki desberdinak prestatzen: azkarrak magdalenak egiten saiatu ziren, baino arazo tekniko batzuk zirela medio (gasik gabe geratu zen herria!), ez zen guztiz posible izan; trebeek kriston takotea prestatu ziguten (gaileta, esne eta txokolatearekin egiten den postrea, oso ohikoa Aratzen), gosaltzeko jan genuen; eta oinarinek urdaiazpiko kroketak egin zituzten, izugarri goxoak atera zitzaizkienak!

Egun ederrena, hala ere, Talde Eguna izan zen, ohikoa izaten den moduan. Oraingoan urte batzuk atzera egin genituen eta Italian kokatu ginen, Mafiaren urrezko aroan. Goizean haurrek mafioso onak izango zirela frogatu behar izan ziguten froga desberdinen bidez: punteria, ihes egiteko abilezia, gorpu bat ezkutatzeko gaitasuna, itaunketa bat jasatekoa... hala, pizzeria bat aurrera ateratzeko beharrezkoak ziren gaiak lortu zituzten. Arratsaldean, ostera, banku bat lapurtu behar izan zuten, segurtasun-sistema guztiak gainditu ostean: sensoredun baldosak lurrean, segurtasun-kamerak eta azkenik laser-izpi sare bat, segurtasun-kutxara heltzeko. Hau irekitzeko zenbaki-konbinaketa lortu zutenean, euren ezkutalekura egin behar izan zuten ihes urrearekin! Azkenik, gauean familiako "Padrinoa" nork hil zuen asmatu behar izan zuten, afalorduan gertatu baitzen hilketa.

Oso egun ederrak igaro ditugu aurtengo aste santuko irteeran Beizaman, nola ez. Pena handiarekin itzuli ginen denok etxera, baino aldi berean jada ilusionatzen hasita, hurrengoa kanpaldia baita, Uztailan! Denok gaude noiz helduko zain!

2007/04/08

Guraso irteera

Aurreko astebururako egunpasa bat antolatu genuen Aratz taldekook, haur eta gurasoekin egitekoa. Asmoa Larraitzera joan eta ondoren Auzagaztelura abiatzea zen, eguerdirako itzuli eta bazkaldu ostean Larraitzen bertan antolatu genituen jolasetan aritzeko. Hala ere, asmoa eguraldiaren baitan zegoen, eta bada ezpada ere, plan alternatibo bat ere bagenuen. Hala ere, espero ez genuen gertaera bat jazo zen; etortzeko asmoa zutenen erdiak baino gehiagok azken momentuan ezezkoa esan zigun. Igande goizean oso jende gutxi bildu ginen hortaz, baina denon artean hitz egin ondoren, irteera aurrera eramatea erabaki genuen, egun osokoa beharrean goizekoa soilik bilakatuta. Euria ari zuenez, bigarren plana hartu genuen, gainera. Hala, autoetan sartu eta Abaltzisketara abiatu ginen bildutakoak.


Abaltzisketako frontoia inbaditu genuen, eta bertan aurkezpen joko batzuekin hasi genuen goiza. Izan ere, guraso askoren izenak ez dakizkigu, eta agian beraiek gureak ere ez. Izotza apurtzeko, primerako jolasak egin genituen, hortaz. Ondoren, gure parakaidas maitea atera genuen, eta honekin ere jolas ugari egin genituen. Pañuelitoaren jokoan ere aritu ginen, eta froga joko batekin jarraitu genuen, non arraultze-lasterketa, mimika eta beste zenbait gauza egin behar ziren taldeka. Hala ere, froga-jokoa bitartean, monitoreotako bik kanpin-gas bat piztu eta hamaiketakorako txokolate beroa egin zuten, bertan bustitzeko bizkotxo eta guzti eraman baikenituen. Hotz handiegia egiten ez zuen arren, denok eskertu genuen txokolatea, eta izugarri gustora hartu genuen.


Hamaiketakoaren ostean, tenisean, futbolean, gitarra jotzen, osteratxo bat egiten, kantuan... aritu ginen. Hala, eguerdia heldu zitzaigun, eta denok elkar agurtu ostean, bazkaltzera abiatu ginen, batzuk etxera, besteak han inguruko txokoren batetara. Ez zen pentsatuta genuen moduan atera, baina hala ere, argi geratu zen jende gutxi bildu arren primeran pasa daitekeela. Guraso batzuek esan zuten moduan, "urteak dira ez nintzela jolasean aritzen, baino primeran pasatu dut!". Ea hurrengoan gehiago biltzen garen eta eguraldiak laguntzen digun, orduan sekulakoa izango da eta!

2007/03/26

Heldu Korrikari!

Larunbatean pasa zen Donostiatik Korrika 15, eta nola ez, Aratz taldekook hantxe izan ginen parte hartzen! Urtero bezala, ibilbidearen zati bateak geuk eraman behar genuen lekukoa. Parma hotel ingurutik (Paseo Berriaren hasieran) Donostiako Parte Zaharrera sartu behar genuen lekukoa. Han bildu ginen monitoreak, haurrak eta zenbait guraso, lekukoa noiz helduko zain. Atzerapen pittin batekin zetorren, eta nahiz eta Paseo Berrian haize hotz xamarrak jotzen zuen, handik mugitu gabe aritu ginen denok zain, parte hartzeko irrikitan. Gainera, bitartean lekukoa nork hartuko zuen erabaki genuen; aurtengoan bi koxkor eta oinarin batek eramango zuten, Peru, Ruben eta Maddi Telletxeak.
Azkenean ikusi genuen Korrikako autoa, lekukoa eta sekulako jendetza Kursaaleko zubia gurutzatzen, eta denok bidearen alde bietan kokatu ginen, korrika hasteko prest. Autoa ia alboan genuenean, Aratz taldeak lekukoa hartu zuela iragarri zuen megafonia bidez, eta eskutik helduta han abiatu ziren Peru, Ruben eta Maddi, atzetik sekulako jende piloa zutela korrika, geu tartean!

Aurtengoan ere eman dugu geure hondar alea Korrikaren alde, datorren urtean berriro! Heldu Korrikari!

2007/03/04

Korrika badator!!

2007ko Korrika segituan helduko da guregana! Honen berri emateko, asteburu honetan Korrika Kulturala deiturikoa ospatu da Euskal Herriko herri eta hirietan, eta geuk ere hartu dugu bertan parte. Izan ere, larunbat arratsaldean taldeko adar guztiak batera elkartu ginen, eta kalean jokoak antolatu genituen, Korrika Kulturalaren egitarauaren barnean. Hasiera batean Donostiako Zuloaga plazan egitekoak ziren jokoak, baino azkenean Boulevardean antolatu genituen, kioskoaren alboan. Txikienentzat margoketa tailer bat jarri genuen martxan, marrazki ederrak egin eta aurtengo Korrika eder-eder apaintzen lagun zezaten. Eta haur koxkorrago eta gazteentzat joko desberdinak antolatu genituen. Joko hauetako asko koloretako jausgailu edota parakaidas batekin egin genituen, eta oso deigarria zenez, handik zebiltzan haur eta gazteak segituan hurbildu zitzaizkigun hura zer zen ikusi eta parte hartzera. Amaieran, gainera, Konstituzio enparantzara abiatu ginen denok, bertan antolatuta zegoen dantzaldian eta txokolatadan parte hartzeko. Amaiera gozoa eman genion arratsalde dibertigarri bati! Adi ibili denak, beraz, aurtengo Korrika badator eta!

2007/02/20

Aurtengo ihauteriak

Igaro dira aurtengo ihauteriak, eta Aratz taldean ere ospatu ditugu, urtero bezala. Larunbatean taldeko adar guztiak Ategorrietako etxean elkartu ginen, eta aurreko asteetan prestatutako mozorroak jantzi genituen. Koxkorrak aurten komikietako pertsonaia desberdinak ziren; Oinarinak, barajako kartak, nahiz eta pentsatuko duzuen bezela ez ziren baraja osoa egiteko adina haur; Azkarrak marionetaz mozorrotu ziren, gorputz adarretan sokak lotuta zihoaztela; eta Trebeak igerilariz jantzi ziren, egiten zuen eguraldia ikusita mozorro aproposena (sekulako euri jasa bota zuen!). Adar bakoitzak antzerki txiki bat edota mozorroen aurkezpen moduko bat egin zuen gainerako guztiei eskainita, eta ondoren merendola bat ospatu genuen. Tripa beteta genuela, etxe barruan joko batzuk antolatu genituen, eguraldia ez baitzen kanpoan jolasean aritzeko modukoa. Toki handiegirik ez genuen, baino azkenean denok bata bestearen gainean botata amaitu genuen arren, primeran pasa genuen jolasean. Ea datorren urterako zein mozorro prestatzen ditugun...

2007/01/02

Gabonetako irteera

Urteroko moduan, abenduaren 26tik 29ra irteera bat egin dugu Aratz taldekook. Azken bi urteetan Izurtzan igaro ditugu gabonak, Durango ondoan, baino aurtengoan etxez aldatzea erabaki dugu eta Orendainera joan gara, Alegiatik gora. Etxea zahar xamarra da, baino badu bere xarma. Gainera, ingurua paregabea du, Txindoki ikusten baita aurrez-aurre. Hori bai, etxea nahiko hotza da, eta ez du berogailurik, baino eraman ditugu estufa elektriko pare bat eta konpondu gara haiekin.

Haur gutxi azaldu zaizkigu irteerara, urteroko kontua. Gabonetan asko kanpora doaz, familiarengana, beste batzuek planak egiten dituzte, eskiatzera doaz, alferkeria sartzen zaie... Hala ere, aurtengoan oso haur gutxi azaldu zaizkigu. Momenturen batean ia haurrak bezainbeste monitore geunden! Hala ere, haur gutxi etortzeak badu bere alde polita ere. Izan ere, giroa goxoagoa da, familiartekoagoa. Haurrek denbora gehiago ematen dute monitoreokin, eta normalean baino erlazio estuagoa sortzen da denon artean. Pena da haur gutxi azaltzearena, baino dena ez da txarra.

Lagun ezkutua, opari trukeak, tailerrak, pista-jokoak, mendira txangoa (Oinarinak Auza-Gaztelura joan ziren egunpasa, sekulako eguraldiarekin. Ze inbidia!), risoterapia, gitarra sesioak, abestiak, dantzak, antzerkiak... eta futbolin partida ugari, piloa (Orendaineko etxean bada futbolin zahar bat, barrak mugitzeko kriston indarra egin behar den arren arrakasta itzela duena). Talde-eguna ere ederra izan dugu, gorputz atalen ingurukoa. Laburbilduz, betiko moduan primeran pasa dugula denok, eta nahiz eta hotza izan, gehienok gustora geratuko ginatekeela egun pare bat gehiago bertan, gure arteko giroaz gozatzen.

Urte berri on eta hurren arte, Aratz!!

2006/12/25

Hator, hator mutil etxera...

Atzo arratsean, abenduak 24, taldeko zenbait monitore eta haur Donostiako Boulevardean elkartu ginen kaletik zehar zenbait gabon kanta abesteko asmotan. Trikitilari pare bat eta panderojolea ere bagenituen, eta hiriko zentrotik zehar aritu ginen giroa pittin bat alaitzen. Baserritarrez jantzita gabon kantak abestu genituen, kalejirak egin, arin-arin eta fandangoren bat ere dantzatu genuen (giroan sartuta emozionatu egin ginen eta)... Hasieran zenbait lotsatu xamar zeuden, baino laster pasatu zitzaien, eta erreparorik gabe aritu ginen denok abesten, dantzan eta jira-biran. Oso arratsalde alaia igaro genuen, eta bizitasun pittin bat eman genien hiriko kaleei. Datorren urtean gehiago!

2006/12/20

Aurten ere Gabonak Zuretzat

Urtero bezala Udaletxeak antolatzen duen programa honen egitarauaren zati izango gara. Gertu daukagun oporraldi honetan, arratsaldeetan egiteko beste ezer hobeagorik ez baduzue, Groseko Txofreko plazan egongo gara Abenduaren 22, 23, 24 eta 30ean 16,00tik 19,00etara.

Hainbat tailer eta ekintza prestatu ditugu arratsaldeak ahalik eta era dibertigarrienean igarotzeko. Berdin du zein adinekoak zareten, bertatik pasaz gero, ez ezazue bitan pentsatu. Helburua ondo pasatzea da!

2006/11/27

Gora gora igotzen...

Iragan den larunbatean, gure taldeko Oinarinek plan berezia egin zuten beren monitoreekin. Ohikoa den moduan arratsaldeko 4:30tan Boulevardeko erlojuan geratu ordez, 4:00tan Antiguoko elizan elkartu ziren. Behin denak azaldu zirenean, Pio Baroja polikiroldegira joan ziren, eta bertan eskalatu egingo zutela azaldu zieten monitoreek. Gainera, arnesak eta sokak aseguratzen laguntzeko, beraiekin Batix (azkarren monitorea) eta Iñigo (Idoia monitorearen anaia) joan ziren, eskalatzen aritzen baitira.
Polikiroldegian bertan eskalatzeko materiala utzi zieten behar zuten guztiei (katu-oinak, arnesak, mosketoiak...), eta oinarrizko azalpen batzuk entzun ondoren, igotzeko bide bertikalak aukeratu, eta han aritu ziren txandaka oinarinak eskalatzen. Monitoreek, inbidiaz ez geratzeko, zerbait eskalatu zuten, baita ere.
Azaldu ziren 8 oinarinek primerako arratsaldea pasa zuten polikiroldegiko rokodromoan, ia ia lehengo astean Patxi Usobiagak egindakoa errepikatuaz. Ziur aski oraindik nabarituko dituzte agujetak, baino errepikatzeko irrikaz geratu zirela ziur nago.

2006/11/22

Azkarrak "on air"

Iazko azkarren adarraren enpresa udan Norjam-era joatea izan zen, bertan ospatu zen Nazioarteko Eskaut Kanpaldira. Bertan mundu osoko eskatu-gia taldeetako jendearekin elkartu ziren, eta ekintza ugaritan hartu zuten parte: kirolak, jokoak, tailerrak... Enpresa honek, halako bidaiekin gertatu ohi den moduan, anekdota eta istorio ugari sortu zituen, azkarrek sekula ahaztuko ez dituztenak.
Lehengo ostiralean, iazko azkarrak Ttan Ttakun irratian aritu ziren zuzenean hizketan, anekdota eta istorio guzti hauek kontatzen. Eurekin Norjamera joandako monitoreak ere irratian izan ziren, beraiek ere gauza ugari baitzituzten kontatzeko. Ordu eta laurden inguruko irratsaio ederra egin zuten denen artean, eta beraiek ere oso ondo pasa zuten udako bidaia ederra berriro gogora ekarriaz. Beti oroituko duzue esperientzia eder hura, azkarrak!

2006/10/24

Eta orain, Interneten!!


Ongi etorriak Aratz Gia Taldearen blog berri honetara!
Sortu berria dugun tartetxo hau gure taldearen gorabeherak kontatzeko erabiliko dugu, interesa eduki dezakeenak irakur dezan. Edozein komentario utzi nahi izanez gero ematen dugu aukera baita ere, mezu bakoitzaren azpian azaltzen den loturan klik eginda.

Gustatuko zaizuela espero dugu, eta ongi etorriak izan zaitezte berriro ere.