2011/03/15

Aspaldiko partez!!

Baina, baina... zer da hau?? Zeharo utzita daukagu bloga! Zer gertatzen da, Aratz taldeak ez duela ezer egin uztailako kanpalditik ala? Gezurra dirudi!
Ba bai, aspaldi hasi genuen kurtsoa, eta honez gero hainbat irteera, ekintza, bilera eta jolas egin ditugu! Fundamenturik ez duena bloga da, ez taldea! Dagoeneko ia Aste Santuko irteera heldu zaigu eta!

Aurtengo ikasturtea Altzon hasi genuen, oso irteera dibertigarriarekin! Bertan adar berriak martxan jarri genituen, bakoitzaren funtzionamendua azaldu eta errepasatu genuen, begirale bakoitza zein adarretan egongo zen esan, jolastu, gitarra jo, gaubelak egin, abestu, mozorrotu, ilea moztu, margotu, adarra jo... irteera bat, azken batean! Azken egunean gainera nolabait "informatizatu" egin ginen eta Interneteko orrietan zehar frogak egiten aritu ginen, Troiar birus baten trabak eta Panda baten laguntza gorabehera.

Gabonetan ere egin genuen irteeratxoa, betiko moduan. Allora joan ginen, Nafarroan, eta hango tenperatura frexkoa kontutan hartuta, oso ondo pasa genuen! Sukaldean aritu ginen, ingurua ezagutzeko txangoa egin genuen, Olentzeroren bixita eta guzti izan genuen! Beti gertatu ohi den moduan ez ginen nahi bezainbeste jende elkartu irteerarako, askok gabonetan bestelako planak egiten baitituzte, baina giro goxo eta ederrean pasa genituen egun haiek (Inuxente Komandoaren erasoak tarteko).




Eta guzti honen artean, larunbateroko dinamikak! Bilerak, jolasak, abentura, enpresa, Santo Tomas eguneko postua, tailerrak, asteburuko irteeratxoren bat, urteroko ihauterietako izotz-patinaje saioa, mozorroak... denetik! Oinarinak laburmetraia batean ari dira lanean buru-belarri, martxa honetan Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabaziko dute! Hortxe dabiltza astebururo grabaketan, gidoia lantzen eta abar. Eta azkarrek aurten ere lanean dihardute euren proiektua aurrera atera ahal izateko, bidaiatxo bat Andaluzia aldera uda partean. Animo denoi eta segi lanean, oraindik badaukagu eta denbora aurretik guztia egin ahal izateko!

Hori bai, hemendik aurrerakoa ea era jarraiagoan kontatzen dugun blog honetan, bestela ustelduko zaigu eta...