2009/11/08

Berriro ere martxan!

Duela hilabete gutxi gorabehera, ikasturtea hasi genuen Aratzen! Betiko moduan, Urriko zubia aprobetxatuta 4 egunetako irteera egin genuen, adar berrietan haur eta begiraleak kokatu eta martxa hartzeko. Aurtengoan Belabaratz aterpera joan ginen, Oreretan.

Ostiral arratsaldean motxilak eta zakuak hartu, trenera igo eta haruntz abiatu ginen. Haurren ezinegon handiena (urteroko moduan) begirale bakoitza zein adarretan jakitea zen, noski! Hala, iritsitakoan hau azaldu eta haur berriei ongietorria egin genien, aurtengoan dezente etorri baitzaizkigu.
Nahiz eta eguraldi kaxkar xamarra egin, hurrengo eguna nahiko probetxugarria izan zen adar guztientzat. Koxkorrak San Markoseko gotorlekura joan ziren oinez ingurua ezagutzekotan, eta zortea eduki zuten, ez baitzituen zaparradak harrapatu. Arratsaldean tailer bat egin zuten etxeko goxotasunean, atrapasueños eder batzuk. Gainerako adarrek ere aprobetxatu zuten kirola egiteko, mahai jokoetan aritzeko eta batez ere sukaldean lan egiteko, trebeek bizkotxo eder bat egin baitziguten, eta azkarrek... tortila leihaketa! Hiru taldetan banatu eta bakoitzak bere tortilak aurkeztu zituzten: chatka-rekin, gazta eta urdaiazpikoarekin, piper eta tipularekin, gaztarekin... ia denak oso goxoak zeuden gainera! (Baten bat ikatz zaporearekin atera zen, baina bueno).

Eta talde egunean, Mamu Harraparien koartel nagusia bilakatu zen Belabaratz! Haurrek eliteko talde honen parte izan nahi zutenez, Harrapari beteranoek hauek trebatzeko ardura hartu zuten: proba fisikoak, abilezia probak, punteria probak, estilo probak... denetik egin behar izan zuten, handik zebiltzan mamu pare baten umorea agoantatu beharraz gain. Eta gauean, munduko hainbat herrialdetan mamuak harrapatzeko dituzten teknikak ikasi zituzten gainera. Oso ikasketa betea izan zen, egia esan.


Amaitzeko, igandean etxea jaso eta garbitu, bazkaldu eta denok Oreretara jaitsi ginen oinez, han trena hartu eta gure etxeetara itzultzeko.

Hurrengo irteeran, gabonetan!