2008/07/05

Piratak Santa Klaran!

Lehengo astean, Santa Klara uhartea piratek hartu zuten!
Asteazken goizean marinel ugari ikusi zituzten donostiarrek hiriko portuan. Euren artean zenbait itxuragaizto zeuden, aurpegian orbainak eta besoetan tatuajeak zituztenak. Hauek gainontzeko marinel gazteak gidatzen zituztela zirudien, egin beharrekoa esaten baitzuten.
Lau taldetan, marinel hauek Urgull mendira igo ziren lehenbizi, eta han Santa Klara uharteko mapa topatu zuten, zenbait puntu gorriz markatuta zituena. Itxuraz pirata izateko probak gainditu behar zituzten, eta honetarako portuan txalupa hartu, eta irlara abiatu ziren.

Irlara heldutakoan, talde bakoitzak bere aldetik uharteko piratak bilatu zituen maparen laguntzarekin. Pirata hauekin zenbait proba bete behar izan zituzten beren balioa eta ausardia erakusteko: pirata bandera bat diseinatu behar izan zuten, uretan zeuden botila batzuk erreskatatu behar izan zituzte, hieroglifiko zailak interpretatu, mezu ezkutuak deszifratu, pirata dantzak egin... eta hala, azkenean altxorraren kokalekua erakusten zuen pergamino zaharra irakurri ahal izan zuten.
Bertan jartzen zituen argibideak jarraituta, puntu konkretu batera heldu, lurra zulatzen hasi, eta Santa Klarako piraten altxorra topatu zuten! Munduko pirata maltzurrenen arteko kide bilakatu ziren hala marinel gazte haiek!

Ospatzeko, denek elkarrekin bazkari ederra egin zuten eguzkitan, eta arratsaldean uretan jolasean aritu ziren, hurrengo abordaia eta lapurretak planifikatu bitartean...