2008/01/16

2007ko gabonak

Iragan diren gabonetan ere egin genuen irteera Aratz taldekook, urtero lez. Oraingoan Belabaratzera joan ginen, Oreretatik gora dagoen aterpea.
Haraino heltzeko, Donostian trena hartu genuen guztiok elkarrekin, eta Oreretaraino joan ostean, oinez joan ginen tipi-tapa aldapan gora Belabaratzeraino. Han kotxez erosketak egitera joandako monitoreak itxaron genituen, eta denok elkartutakoan bazkaltzen hasi ginen.

Hortik aurrera, adar bakoitza bere dinamikak egiten aritu zen. Irteera honetan ordu ugari sartu ditugu adar guztiek sukaldean, eta tripa ondo beteta eduki dugu Belabaratzen eman ditugun egunetan. Pittin bat erre zen Brownie bat, sekulako masa lodia zuten pizza erraldoiak, urdaiazpiko kroketa goxoak, bizkotxo paregabea... tripa-festa ederra ospatu degu han!
Gabonak zirela eta, plastilinazko jaiotza bat ere egin degu; San Jose (berezi xamarra), Maria (are bereziagoa...), Jesus haurra, idia, astoa, ardiak, laku txiki bat ahate eta guzti, Olentzero... Errege Magoak kenduta (hauen ordez bandera errepublikarra zuen), ez zuen ezer falta.




Hurrengo egunean adar bakoitzak bere ekintzak egin zituen: tailerrak, jolasak, San Markosera txango bat... baina egunari bizitasuna eman ziona I.K. izan zen, Inuxente Komandoa! Egun osoan zehar inuxentadak eman ziren Belabaratzen. I.K. izenpean ekiten zuen talde murritz baina eraginkor batek gutxien espero zuenari eta gutxien espero zuenean sorpresa bat eman eta egoera goitik behera aldrebesten zion! Jantzita dutxatan sartu, zutabe bati lotu, aurpegia margotu, espumaz bete... edozer gerta zitekeen!
Hala ere, ekintzarik handiena eta onena K.K taldeak sinatua izan zen, Karakol Komandoa. Izan ere, gau batean bertan genuen kotxeetako bat goitik behera prezintatuta azaldu zen, globo serpentina eta abarrekin! Sekulako parreak egin genituen ikusitakoan!

Hirugarren eguna Talde Eguna izan zen, eta Estatu Batuetan esnatu ginen guztiok. Eguna arraultza frijituak hirugiharrarekin gosaltzen hasi genuen. Monitoreok ikasle anaiarte batetakoak ginen, eta haurrak bertara sartu nahi zuten hasiberriak. Honetarako, meritu froga batzuk egin behar izan zituzten. Bazkaltzeko hamburgesak eduki genituen noski, buffet moduan antolatuta: bakoitzak bere hamburgesa eta ogia hartzen zituen, ondoren bere gustuko gehigarriak jartzeko: gazta, letxuga, mostaza eta beste hainbat osagai.
Arratsean, taldeek anaiarteko insignia topatu behar zuten, ezkutuan zegoena. Baina tranpatan harrapatuz gero, Guantanamora estraditatuak ziren! Argi ibili behar izan zuten insignia aurkitzeko!
Afalostean sorpresa handiena iritsi zen: gaubelarako dantzaldi erraldoia antolatu genuen, hasiberri guztiei gure anaiartera ongietorria emateko! Dantzak, abestiak, musika DJ baten esku, argi-efektuak, kea... ez zen ezer falta! Irteera amaitzeko era polita izan zen...

Hurrengo goizean etxea txukun-txukun eta garbi-garbi utzi ostean, trena hartu eta Ategorrietako lokalera abiatu ginen, bertan bazkaltzeko. Ondoren ebaluaketak egin eta futbol partida handi bat antolatu genuen frontoian, gurasoak noiz helduko zain...

Aste Santuan gehiago!!