2009/01/31

Urte berri on!

Dagoeneko hilabete osoa pasa da gabonetako irteera egin genuenetik!
Aurtengo abenduan Askizura joan ginen, Zumaia eta Getaria arteko auzoa, lau egun paregabe igarotzekotan. Lehen egunean paseotxo eder bat egin genuen euripean blai aterpera heldu arte, baina kriston goxotasuna nabaritu genuen bertara sartu, arropa lehorra jantzi eta gelatan instalatu ginenean. Gainera, hurrengo egunetan eguzki ederra izan genuen lagun, primeran hortaz.
Ingurua izugarri polita zen, zelai, mahasti eta txakolindegiz inguratua, eta itsaso zabala ikusten zela. Koxkorrek ingurua ezagutu eta goiza pasatzeko txango polit bat ere egin zuten, eguraldia aprobetxatuta. Gainerako adarrek jolasak, tailerrak, kirola, sukaldean postreren bat... denetik egin zuten. Bazkalostean siesta ederrak ere bota genituen, denok elkarrekin saloian gitarra hotsa entzunaz. Aterpe ondoan, gainera, frontoi bat genuen futbolean, eskupilotan, palan edo beste edozer gauzetan aritzeko, ondo aprobetxatu genuen.

Baina onena Talde Eguna izan zen, nola ez. Izan ere, Askizuko Festak antolatu genituen!
Goizean, gosaldu ondoren, koadrila bakoitzak bere blusa egin zuen festetan parte hartzeko. Pregoia irakurri eta txupinazoa bota ostean, koadrila jeitsiera egin zen herritik zehar, txikitixaren soinupean eta bidetik jolas ugari eginaz; arraultza jaurtiketa, irrintzi leihaketa, ur-jolasak, makil-erreleboak etab. Txikitixa eta panderoarekin kalejira ederrak egin eta herri osoa girotu genuen!
Eguerdian herri-bazkaria egin genuen kalean, paella ederra janaz. Eta arratsean, herri-kirol leihaketa eduki genuen koadrilaka, noiz behinka azaltzen ziren buruhandiek lagunduta; sokatira, lokots bilketa, pilota partidak... Sokamuturra ere antolatu genuen herriko plazan!
Festak amaitzeko, afalostean berbena izan genuen aterpe barruan, denok abesten eta dantzan jarri gintuen talde batek girotuta.
Askizun ez zen sekula halako girorik egon, ezta benetako festetan ere!

Betiko moduan, irteera paregabea izan zen abendukoa. Hurrengoa, Aste Santuan!