2007/03/04

Korrika badator!!

2007ko Korrika segituan helduko da guregana! Honen berri emateko, asteburu honetan Korrika Kulturala deiturikoa ospatu da Euskal Herriko herri eta hirietan, eta geuk ere hartu dugu bertan parte. Izan ere, larunbat arratsaldean taldeko adar guztiak batera elkartu ginen, eta kalean jokoak antolatu genituen, Korrika Kulturalaren egitarauaren barnean. Hasiera batean Donostiako Zuloaga plazan egitekoak ziren jokoak, baino azkenean Boulevardean antolatu genituen, kioskoaren alboan. Txikienentzat margoketa tailer bat jarri genuen martxan, marrazki ederrak egin eta aurtengo Korrika eder-eder apaintzen lagun zezaten. Eta haur koxkorrago eta gazteentzat joko desberdinak antolatu genituen. Joko hauetako asko koloretako jausgailu edota parakaidas batekin egin genituen, eta oso deigarria zenez, handik zebiltzan haur eta gazteak segituan hurbildu zitzaizkigun hura zer zen ikusi eta parte hartzera. Amaieran, gainera, Konstituzio enparantzara abiatu ginen denok, bertan antolatuta zegoen dantzaldian eta txokolatadan parte hartzeko. Amaiera gozoa eman genion arratsalde dibertigarri bati! Adi ibili denak, beraz, aurtengo Korrika badator eta!