2007/03/26

Heldu Korrikari!

Larunbatean pasa zen Donostiatik Korrika 15, eta nola ez, Aratz taldekook hantxe izan ginen parte hartzen! Urtero bezala, ibilbidearen zati bateak geuk eraman behar genuen lekukoa. Parma hotel ingurutik (Paseo Berriaren hasieran) Donostiako Parte Zaharrera sartu behar genuen lekukoa. Han bildu ginen monitoreak, haurrak eta zenbait guraso, lekukoa noiz helduko zain. Atzerapen pittin batekin zetorren, eta nahiz eta Paseo Berrian haize hotz xamarrak jotzen zuen, handik mugitu gabe aritu ginen denok zain, parte hartzeko irrikitan. Gainera, bitartean lekukoa nork hartuko zuen erabaki genuen; aurtengoan bi koxkor eta oinarin batek eramango zuten, Peru, Ruben eta Maddi Telletxeak.
Azkenean ikusi genuen Korrikako autoa, lekukoa eta sekulako jendetza Kursaaleko zubia gurutzatzen, eta denok bidearen alde bietan kokatu ginen, korrika hasteko prest. Autoa ia alboan genuenean, Aratz taldeak lekukoa hartu zuela iragarri zuen megafonia bidez, eta eskutik helduta han abiatu ziren Peru, Ruben eta Maddi, atzetik sekulako jende piloa zutela korrika, geu tartean!

Aurtengoan ere eman dugu geure hondar alea Korrikaren alde, datorren urtean berriro! Heldu Korrikari!