2008/06/17

Merendola Ategon!

Eguraldiak kontrakoa erakusten digun arren, uda hemen omen dugu jada. Klaseak amaitzen edo amaituta, batzuek selektibitatea ere egin dute, baten bat errekuperaketak egiten arituko da (animo!)... eta Aratzen ere amaitzen ari zaigu kurtsoa. Bukatu ditugu larunbatetako bilerak, eta hauei amaiera borobila emateko, urtero egiten dugun moduan, Ategon merendola eder bat egin genuen larunbatean, adar guztiek elkarrekin.

Bitxikeria handiena eguraldia izan zen, eguzkia eduki baikenuen! Hau da hau! Aprobetxatzeko, kalean aritu ginen jolasean. Ategorrietako frontoia okupatua zegoen, pala partiduak baitzeuden, eta alboko parke batera joan ginen jolasera.
Hasteko, aurkezpen jolasen bat egin genuen, aurten haur berri asko sartu baitira taldera, eta adar desberdinetakoek ez zuten elkar ezagutzen. A, eta monitora berri bat ere azaldu zen, Ane! Ongi etorri!
Ondoren, hainbat jolas egin genituen: muxu-stop jolasean aritu ginen, bikoteka dantzan kopetarekin intxaur bat eutsita, oinetan lotutako globoak lehertzeko txapelketa antolatu genuen, sokatiran ere aritu ginen ederki izerditu arte... eta ondoren, indarra berreskuratzeko, Ategora itzuli ginen meriendatzera.
Bertan etxe barruan eta kanpoan egon ginen hizketan, jaten, jolasean, kotilleoan... eta ikasturtean egindakoa gogoratzen ere bai, nostalgiko xamar.


Hala ere ez tristetu, oraindik hoberena geratzen zaigu eta! Datorren astean Irla Eguna, eta uztailan kanpaldia! Hasi pentsatzen beraz motxilatan zer sartu, aurten gainera 20 egunetarako joango gara eta! Datorren astera arte, Aratz!