2008/04/14

30. urteurrena

Aurten gure taldeak 30 urte bete ditu. 30 urte, haur eta gazteak balore eder batzuen inguruan eta euskara hutsean heziz. 30 urte, larunbat arratsero elkartuz. 30 urte, penintsulako geografia zabalean zehar akanpatuz. Hau ospatzeko, gaur egun Aratz aurrera daramagun monitoreok asteburupasa eder bat antolatu diegu garai batean gure monitore izandakoei, eta bi egunez berriro ere haur bilakatu dira gure taldean.


Haurrekin ohi dugun moduan, Donostian elkartu ginen denok autobusa hartu eta Astigarragara abiatzeko. Bertan, motxilak bizkarrean hartu eta Santiagomendira igo ginen eguzkipean. Heldutakoan aurkezpen jolasak egin genituen, ez baikenuen denok elkar ezagutzen (orain dela urte asko aritutako monitoreak etorri ziren, eta gutako batzuek ez zituzten ezagutzen). Gutxi gorabehera izen guztiak ikasi genituen, eta giroa pizteko, klasikoetara jo genuen: semaforoa, bulldog... barre ederrak egin genituen denok elkarrekin! Eta zelako agujetak eduki zituzten batzuek hurrengo egunean!

Bazkaltzeko, etxetik eramandakoa denon artean banatu genuen, buffet moduan jarrita. Betikoa: bokadilo goxo-goxoa ekarri zutenak izorratu behar, eta bazkari zozo eta triste xamarra zutenak, poz-pozik. Baina inor ez zen kexatu, hori edukazio ona dutena "Vieja Gloria" hauek...

Arratsean proba-jolas handi batean hartu zuten parte gure "haur" handi haiek, puzzle erraldoi baten piezak lortu ahal izateko. Nork pentsa zezakeen, horrenbeste urteren ondoren berriro ere Potingea (Aratzeko sukalde eta intendentzietan esklusiboki prestatzen den delicatessen berezia) dastatuko zutela? Harri bati bueltak ematearen proba egin beharko zutela? Muturra irin plater batean sartu beharko zutela, txanpon bat bilatzeko? Honelakoak eta beste asko eginez haurtzarora itzuli ziren gure "vieja gloria"-k, nahiz eta beren artikulazioek kontrakoa esan...

Amaieran, lortutako pieza guztiekin puzzlea osatu zuten, eta han etorri zen eguneko sorpresa: Aratzeko argazki zahar eta berriekin Atego osatzen zen mosaiko erraldoia azaldu zen beraien begi aurrean! Mural ikusgarria!

Asteburuko tarte libreetan argazki zaharrak ikusten aritu ginen gainera, eta bideo emanaldi batzuk ere eduki genituen, kanpaldi eta irteera zaharretakoak. Garai bateko monitore zaharrak haur zirenekoak ere baziren!

Giro ederrean afaldu ondoren (San Jakoboak, ezin zuen beste era batean izan), gaubelaren garaia heldu zen: abestiak, dantzak eta antzerki oso oso ederrak eduki genituen bertan. Musikalak, txapelketak, koreografiak... aspaldian ikusi den gaubela dibertigarrienetakoa izan zen gau hartakoa! Guztiak izugarri sartuta beren paperetan eta ondo pasatzeko sekulako gogoarekin!

Hurrengo goizean eguraldi txarrarekin esnatu ginen arren, gosaldu ondoren pista joku bat egin genuen, etxe barru eta kanpotik. Kexaren bat espero genuen euria zela eta, baina han abiatu ziren monitore ohi guztiak txintik esan gabe eta poz-pozik euripean korrika, pistak bilatzera! Talderen batek tranpa egin zuen arren (jarritako pisten erdia saltatu zituzten!), jolasa primeran joan zen, eta eguraldia gorabehera, denok pasa genuen izugarri ondo.

Bazkaltzeko haragi pastela jan genuen (hau ere Aratzen tipikoa), eta kafearen ostean, etxea txukundu eta jaso genuen. Azkenik, kalean borobil handi bat egin eta agurra abestu genuen eskutatik helduta, batzuk iribarrea aurpegian, besteak korapiloa eztarrian, gehienak gauza biekin.

Asteburu eder, dibertigarri, melankoliko eta atsegina, urteurrena ospatzeko primerakoa. Eskerrik asko bertara etorri zineten guztiei, eta muxu bat etortzerik eduki ez zenutenei. Oso polita izan zen.
Beste 30 bete ditzagula!!


2008/04/09

Aste santua Santiagomendin.

Aste Santuan Santiagomendira joan ginen aratzkideok 4 egunetako irteeran. Astearte goizean autobusa hartu genuen Astigarragaraino, eta handik oinez igo ginen, euripean izan arren. Heldutakoan, etxea goitik behera aldatuta topatu genuen! Sukaldea, jangela, komunak, gelak... guztia desberdin zegoen! Baten bat galdu ere egin zen han barruan...

Eguraldiak ez zigun batere lagundu, euria, euria eta euria eduki baikenuen (nahiz eta koxkorrak ausartu ziren ibilalditxo bat egiten bigarren goizean, valientes!). Baina nahiz eta etxetik ia ez ginen irten, gauza piloa egin genituen! Aratzeko argazki zahar eta berriekin zenbait collage egin ziren, etxeko paretetan jartzeko; sukaldaritza tailerrak ere antolatu ziren, eta honek txokolatedun gaileta, "trufa" hotz (arraro xamarrak, Guggenheimerako moduko diseinuarekin atera ziren) eta torrija gozo-gozoak dastatzeko aukera eman zigun. Gero eta bizio handiagoak ditugu Aratzen postrearen orduan...
Mahai jolasak (batzuk trebeek eskuz egindakoak), gitarra sesioak, gaubeletan kantu eta dantzak, antzerkiak, masaje tailer laburren bat, froga jolasak... etxe barruan denetik egin daitekeela argi geratu zaigu Astigarragan igarotako egunetan.

Azken egunean Santiagomendi-Dakar lasterketan parte hartu genuen guztiok. Goizean, talde bakoitzak zenbait tailer edota proba-zirkuitu desberdinetan beren autoari jartzeko piezak lortu behar izan zituen. Gurpilak, direkzioa, kontsumoa, karrozeria, klimatizadorea... lortutakoaren arabera, arratseko lasterketan abantaila edo desabantailak eduki zituen. Lasterketa honetan gorabehera ugari eduki zituzten partehartzaileek, baina kotxe guztiek bukatu zuten osorik eta pilotuek onik, nahiz eta inor ez zer Dakarreraino heldu...

Amaitzeko, gauean beldurrezko gaubela egin genuen. Santiagomendiko etxea psikiatriko bilakatu zen ordun batzuetan, eta haurrek bertan zeuden pertsonaien artean nor ez zegoen erotuta bilatu behar izan zuten. Maitale bikoteko kideren bat ote zen? Bere burua zerraz mozten zuen neska? Sukaldean aulki bati lotuta zegoena? Eskuetako hatzak jaten zituena? Borrokan zebiltzan militar enmaskaratuak? Eskilaratako mutikoa? Aukera ugari eta arrisku handia brometan aritzeko... Hala ere, batzuek bizkorrak izan ziren eta azkenean antzeman zuten nor zen eroetxean egon behar ez zuena.


Azken egunean dena jaso eta garbitu ostean, bazkaldu, motxilak hartu eta aldapan behera abiatu ginen, Astigarragan autobusa hartu eta etxera itzultzeko.

Hurrengoa, kanpaldia!!

2008/04/02

Pentsamendu Eguna

Otsailaren 24ean Iruzun eta San Martzial taldeekin batera “Pentsamendu eguna” ospatu genuen. Munduan dauden ehundaka eskaut taldeek Otsailaren 23 guztiak ospatzen dituzte, izan ere, egun horretan jaio zen euren sortzailea: Baden Powell. Egia esan, edozein aitzakia erabiltzen dugu txango bat egiteko eta primeran pasatzeko.

Hala egin genuen. Igande horretako goizeko hamarrak aldera elkartu ginen Iruzun eta Aratzeko kideok Donostiako Renfeko estazioan Irunera abiatzeko asmoz. Ordu erdiko bidaitxoa eta gero Irunen geunden eta hantxe genituen zain San Martzialeko Taldeko irundarrak.

Behin hauen lokalean geundenean, bildu ginen hiru aisialdi-taldeetako haur eta begiraleak nahastuz, lau talde handi egin genituen, zeintzuk Guadalupeko ermitara lau bide ezberdinetatik igo ziren. Irundarrek bide potitetatik eraman gintuzten eta oso giro atsegina eduki genuen tipi-tapa genbilen bitartean.

Guadalupeko-ermita ondoan dauden belardietan hainbat jolas handi egin genituen. Primeran pasatzen ari ginen bat-batean euria hasi zenean eta, momentu horretan, Hondarribira jaistea erabaki genuen.

Hondarribin estalitako frontoi batean jan geunen etxetik ekarritako bokata goxoa. Pittin bat deskantsatu eta gero, motxilak hartu eta Hondarribiako alde-zaharrera joan ginen. Bertan, beste sei taldetan banandu ginen beste jolas handi batera jolasteko.

Mapa batetaz lagundurik, bazter eta txoko guztiak ezagutu genituen. Bidetik, Hondarribia hobeto ezagutzeko galdera eta froga desberdinei egin genien aurre eta, horietako bakoitzarekin, puntuak lortzen genituen. Lehia bizia egon zen amaieran txapeldun atera ahal izateko, talde guztiek puntu dezente irabazi baitzituzten.

Hondarribiko jolasa amaitutakoan, San Martzial Taldeko lokalera, Irunera, itzuli ginen eta, han, txokolate bero bat zegoen gure zain: honek eguna guztiz biribildu zuen (ze goxoa zegoen!).

Orokorrean, nahiz eta eguraldi kaxkarra izan, ezin hobeto joan zen eguna. Leku politak, lagun berriak eta jolas dibertigarriak eduki genituen, beraz hurrengo urteko pentsamendu egunean; gehiago!