2007/07/09

Irla Eguna 2007

Denboratxo bat generaman udako egun luze eta beroak disfrutatzen. Bazen garaia, beraz, urtero bezala, Donostiako Santa Klara uhartean egun pasa egiteko, eta horrela egin genuen igaro den hileko azkeneko ostegunean.

“Irla eguna” Donostiako Iruzun eskaut-gia taldeko kideekin batera egiteko ohitura daukagu. Beraiek ere kanpaldia egingo dute laister eta honetarako dauzkaten planak kontatu dizkigute aurtengoan ere (Burgos aldera doaz, beraz gertu izango ditugu!).

Goizeko hamar t´erdietako itsasontzia hartu genuen eta bost minutuko bidaitxoa egin eta gero, irlan geunden. Trasteentzako leku bat bilatu ondoren, hainbat jolas egin genituen Iruzun eta Aratzeko kideon izenak eta aurpegiak ezagutzeko. Gero, krema eman ondoren, toailak hartu eta bainu luze bat ematera jaitsi ginen uharteko hondartzara.

Uretan a,e,i,o,u-ra jolasten, karramarroak bilatzen, inguruak ezagutzen eta beste hainbat gauzetan ibili ginen goizean zehar. Gustora hartu genituen, hortaz, etxetik ekarritako bokata goxoa eta ondorengo atsedentxoa.

Arratsaldean, jolasteko gogoa piztu zitzaigun berriz eta horretarako lau taldetan banatu eta uhartean zehar froga desberdinez osatutako zirkuito dibertigarri bat egin genuen. Bukaeran, “giza-piramidea” eta “kate-korapilatua” bezalako frogak bete eta gero, talde bakoitzak denen artean asmatu beharreko hieroglifiko baten zati bana lortua zuen. Honi esker, uharteko sorosleek saria emango zigutela jakin genuen.

Sei t´erdiak aldera abiatu ginen portura eta han zeuden gurasoak gure zain, baita sorosleek agindutako saria (izozki bana) ere.


Kanpaldian gutxi barru ikusiko garela jakinda agurtu genuen elkar!