2007/08/29

100 urte

2007a urte berezia da eskaut-gia talde guztiontzat, eskaut mugimenduaren mendeurrena baita. Hau ospatzeko, ekintza berezi batean hartuko dugu parte Gipuzkoako eskaut-gia talde guztiok, Irailaren 15 eta 16an ospatuko dena Donostian. Pañoletas Blancas, Iruzun, San Bernardo, San Marcial eta Aratz osatzen dugunok kanpaldi bat antolatuko dugu Ulia mendian, eta zenbait jolas eta ekintza Donostiatik zehar.


Larunbata haurrei zuzendutako eguna izango da, goizetik gauera arte jolas erraldoi batetan hartuko baitute parte. Arratsaldeko ekintza amaitu ostean, Uliara igoko gara oinez, bertan afaltzeko. Gaubela ere edukiko dugu, eta bertan egingo dugu lo, kanpin-dendatan.
Igandean ekitaldi irekia ospatuko dugu, eskaut, "vieja gloria", guraso eta etorri nahi duen edonori zuzendutakoa, bazkari eder batekin lagunduko duguna. Ospakizuna amaitutzat emateko, igande arratsaldean beste zenbait ekintzetan hartuko dugu parte, eta azkenik eskaut agurra abestuko dugu denok elkarrekin.

Informazio gehiagorako ikusi mendeurrenaren programa, Pañoletas Blancas taldearen helbidean.

2007/08/27

Tubilleja 2007

2006-2007 kurtsoari amaierarik hoberena emateko kanpaldira joatea falta zitzaigun, urteko ekintzarik gustagarri, polit eta dibertigarriena. Igarotako azken bi urteetan Pirinioetara joan gara, baina aurten Burgoseko iparraldera jo dugu, Tubilleja de Ebrora. Bertako jendeak oso ondo hartu gaitu eta hamabost egunetan zehar, oso inguru ederrean bizitzeko aukera izan dugu.


Urtero bezala, Uztailaren 15ean goizeko 10etan bildu ginen Anoeta estadio ondoko Xanti tabernan. Egun honetan urduritasunak jota eta urdailean korapilo bat dugularik jaikitzen gara Aratzeko kideok, autobusa irten arte irauten duena (eta batzuetan pittin bat gehiago ere!). Xantira iritsi eta ordu erditxo beranduago, gurasoei muxu pila eman ondoren Tubillejaruntz abiatu ginen Bilbo, Laredo, Solares eta Ebroko urtegitik eraman gintuen bost orduko bidaia batean.

Lehen eguneko arratsaldean eta hurrengo egunean zehar egonaldi osoan erabiliko ditugun konstrukzio eta egitura guztiak eraiki ohi ditugu: dendak, intendentzia, fregaderoak, letrinak, zanjak... hau da, gure ekintzak ahalik eta erosoen aurrera eramateko behar dugun guztia. Aurtengoan, gainera, berrikuntzaren bat aurrera eramaten saiatu gara, nahiz eta ondoren ez duen askorako balio izan. Sekulako ingeniariak eginda gaude...

Hirugarren egunean hasten dira ekintzak, hortaz. Urtean zehar larunbatetan eta irteeratan egiten ditugunen antzerakoak dira hauek, baina hamabost egunetako konbibentzian eta naturan bertan egoteak egundoko aldea suposatzen du, noski. Ez da gauza bera froga-jolas bat Donostiako zentroan egitea, edo kanpaldian egitea, non bost axola dizun zikintzeak, lurretik ibiltzeak, sekulako zarata ateratzeak eta bustitzeak.

Gaubelak ere ia gauero edukitzen ditugu. Hauetan abesti, dantza eta joko desberdin asko tartekatzen dira eta egunak amaitzeko erarik hoberena dira. Batzuetan haurrek antzerki edo antzerakoak ere eskaintzen dizkigute, eta aurtengoan azkarrek sekulako beldur-gaua prestatu dute gainerako guztiontzat (trebeen laguntzarekin).

Kanpaldian zehar, koxkorrek “denboraren tunelaren” bidez hainbat garai desberdinetara bidaiatu dute egunero. Faraoien garaiko Egipton egon dira, antzinako Greziako Olinpiadetan parte hartu dute, Megalitikoa ere ezagutu dute, urruneko etorkizunean egoteko aukera eduki dute eta XVII. mendeko piratekin Ebro ibaian zehar nabigatu dute, ron botila esku batean eta ezpata bestean zutela. Garai bakoitzean eginkizun desberdin bat eduki dute koxkorrek denboran atzera eta aurrerako salto hauen zentzua topatu ahal izateko.

Oinarinek ekintza ugari egin dituzte, azkarren moduan: body painting, globoflexia, hausnarketa ekintzaren bat, barku eguna, koxkorrentzat ekintzaren bat prestatzea... ile-apaindegi tailer bat ere egin dute, eta guztiek amaitu dute ilea tindatuta, moztuta edo bi gauzak batera. Eskerrak gurasoak halakoetara ohituta dauzkagun...




Trebeek, arazo txiki bat zela medio zenbait inprobisatu behar izan dituzten arren, egin dituzte tailer eta ekintzak kanpaldian zehar. Hala ere, ez dute denbora askorik eduki, 7 egunetako ruta egin eta egun bereziak kendu ostean, ez baitzitzaien denbora askorik geratzen euren ekintzetarako.

Parkoutak ere eduki ditugu aurtengoan (froga joko nahiko gogorra). Anekdota moduan, kanpaldi honetan trebe batek eta bi monitorek parte hartu dute parkoutean, sekula egin gabea zutelako. Bitxia izan da haurrentzat hauek parkouta egiten ikustea, eta oso dibertigarria beraientzat, esperientzia berria izan baita.

Rutari dagokionean, Burgos aldera gindoazela jakiterakoan lurralde bero, lehor eta laua etorri zitzaigun burura. Baina Burgos oso handia da eta baditu bere paraje berde eta menditsuak. Haietatik zehar egin ditugu rutak adar guztiek eta noski, lau egunetan zehar herritik herrira ibiltzen anekdota ugari gertatzen dira.

Koxkorrak, liluraturik gelditu ziren Munilla izeneko herri ñimiño batean. Gaua bertan pasatzeko asmoarekin heldu ziren bertara, eta han Mikel izeneko bilbotar bat ezagutu zuten. Honek, Hegoamerikatik zehar bidaia ugari egin zituela kontatu zien, eta herrialde haietatik instrumentu ugari ekarri zituela. Hauekin kontzertutxo bat ematea eskaini zien haurrei gauean, eta batek baino gehiagok, zakuan zegoela aprobetxatuta, Mikelen musika entzunaz lo hartu zuen.

Oinarinek ere ruta musikatua eduki dute. Izan ere, Dobro herrira heldu zirenean han gaua pasatzeko, herriko festak zirela ikusi zuten. Gauean berbenan bueltaxka bat eman ostean, bertako polikiroldegira joan ziren lo egitera. Sorpresa hurrengo goizean etorri zitzaien, herriko gazteak joan baitziren oinarinak esnatzera, batukada eder batekin. Danbor, tinbal eta kaxen erritmoan hasi zuren eguna gure oinarinek!

Azkarren aurtengo ruta oso berezia izan da, oinez beharrean bizikletaz egin baitute. Hala inguruko paraje, herri eta toki ugari ezagutzeko aukera eduki dute, oinez baina askoz ere kilometro gehiago egiteko aukera ematen baitu bizikletak. Sekulako mendi portuak igo dituzte (eta alforjek bizikletari gehitzen dioten pisua ez da broma), baina esfortzuak merezi izaten zuen ondoren aldapan behera gozatzeko. Ebroko urtegian ere bainu bat hartzeko aukera ere eduki dute, eta Orbaneja del Castillo bezalako herri zoragarriak bixitatu dituzte. Esperientzia berria eta oso ederra izan da azkarrentzat ruta bizikletaz egitearena.

Trebeek 7 egunetako ruta egin dute aurtengoan. Iruzun taldearen kanpaldia bixitatu dute, gugandik ez oso urruti baitzeuden. Talde honetako trebeekin batera Brizuelako festetan ere egon ziren gainera, euren sabelak txarangen erritmora betez. Ikusten duzuen moduan nahiko ruta musikatuak eduki ditugu aurtengoan!

Honetaz gain, ohiko egunak eduki ditugu kanpaldian: koxkor eta oinarinek superbibentzia egin dute inguruko herrietan, eta lan handia egin beharrik gabe sabelak ondo beteta zituztela itzuli dira kanpaldira; azkarrek Tudancatik gora joanda Raid-a egin dute, eta musker bat adoptatzeko aprobetxatu dute (izena eta guzti jarri zioten, sekulako entretenimendua); Sukaldaritza Egunak ere egin dituzte adar guztiek, eta monitoreok tripa bete-beteta utzi gaituzte; eta azken egunean, betiko moduan, Talde Eguna eduki dugu.

Goizeko jolasa eta Italia-Abisinia egin ostean (lokatzez estalita amaitzen dugun urteroko jolasa), arratsean feria bat antolatu genuen kanpaldian: “zezen mekanikoa”, ahatetxoen arrantza, punteria jolasak, txaranga, karta-jolasen bat, etorkizuna iragartzen zuen pitonisa, sangria banatzen zuen postua... denetik eduki genuen bertan. Eta gauean gaubela berezi eta eder bat genuen prestatua, nahiz eta arazo teknikoren bat zela medio ez zen pentsatu bezala atera.
Amaitzeko, adar paseak egin genituen, zenbait oinarin datorren urtean azkarrak izango baitira, eta aurtengo azkar guztiak trebe bilakatu dira dagoeneko. Honetaz gain, haurrek lehenago prestatu zuten abesti bat kantatu zuten, taldea utziko duten zenbait monitoreri agur esateko. Era polit eta hunkigarrian amaitu genuen kanpaldiko azken gaua, hortaz.

Azken egunean kanpaldia jaso, dendak desmuntatu, zabor-batida egin eta bazkaldu ostean, malenkoniak jota batzuek autobusa, besteek furgoneta eta azkenekoek autoa hartu eta Donostiarantz abiatu ginen. Amaiera dibertigarria eduki zuen bidaiak, hala ere. Xanti tabernara iristerakoan autobusean zihoazen haur eta monitoreei, gurasoei egundoko broma bat egitea bururatu zitzaien. Autobusean Xanti parean gelditzearekin batera, denak (txoferra ezik noski) makurtu egin ziren barruan inor ez egotearen itxura emateko asmoarekin. Baita lortu ere, baina bat, bi eta hiru esaterakoan denak salto batean agertu ziren kanpoan zegon mundu guztiaren barreak eraginez.

Datorren urtean gehiago!