2009/05/15

Gaintza

Dagoeneko igaro dira aste batzuk, baina Aste Santuan eskapadatxoa egin genuen Gaintzara! Ohiko moduan, Aratz osoa elkartu ginen hara joateko. Donostian trena hartu ondoren, Ordiziatik oinez abiatu ginen aldapan gora Gaintzaruntz.
Bidea ez zen gogorra, baina bai luzea ordea, eta batek baino gehiagok eskertu zuten motxila igotzeko sherpa zerbitzu inprobisatua. Hala ere, eguerdirako denok herrian ginen, aterpea ezagutu eta bakoitzaren litera aukeratzeko prest!

Lehen eta azken egunetan euri pittin bat bota zigun arren, eguraldi nahiko ederra eduki genuen irteeran zehar. Gainera, hango parajea eta bistak ikusgarriak dira! Goizean goiz esnatu eta Txindoki behelaino pixka batekin ikustea eguzkia ateratzen ari den bitartean, kriston ikuskizuna da!
Irteeran zehar adar bakoitzak bere ekintzak eraman zituen aurrera; ingurua ezagutzeko irteeratxoa, sukaldaritza tailerra (egindako hojaldreak goxo-goxoak zeuden, nahiz eta baten batek hortzak garbitzeko balio zezakeen), aterpe ondoko frontoia aprobetxatuta kirol pixkatxo bat, proba-jolasak... Gainera, etxeak badu Txindoki aldera ematen duen galeria bat sofa eder batzuekin, eta han hizketan eta gitarra joaz ere ordu batzuk eman genituen.

Bitxiena, nola ez, Talde Egunean gertatu zen. Esnatu eta bapatean Erdi Aroan ginera konturatu ginen! Hala, gure garaira itzultzeko herritik zehar zebiltzan pertsonaiekin harremanetan jarri behar izan genuen; errementaria, bufoia, erromesa, garbitzailea, nekazaria, zalduna... Hala ere, kontu handia eduki behar zen, Inkisizioa ere handikan baitzebilen, guztioi zelatan!
Hala ere, frontoian ospatu zen feria batean parte hartu eta dibertitzeko aukera ez zigun kendu honek. Han gure abilezia erakutsi behar izan genuen; punteria, lasterketarako gaitasuna, erreflexuak... denetik pixka bat.
Amaitzeko, gauean akelarre eder bat ospatu, eta bertan egindako sorginkeriei esker, gure arora itzuli ahal izan genuen.

Hurrengo irteera, kanpaldia! Bertan ikusiko gera!