2007/02/20

Aurtengo ihauteriak

Igaro dira aurtengo ihauteriak, eta Aratz taldean ere ospatu ditugu, urtero bezala. Larunbatean taldeko adar guztiak Ategorrietako etxean elkartu ginen, eta aurreko asteetan prestatutako mozorroak jantzi genituen. Koxkorrak aurten komikietako pertsonaia desberdinak ziren; Oinarinak, barajako kartak, nahiz eta pentsatuko duzuen bezela ez ziren baraja osoa egiteko adina haur; Azkarrak marionetaz mozorrotu ziren, gorputz adarretan sokak lotuta zihoaztela; eta Trebeak igerilariz jantzi ziren, egiten zuen eguraldia ikusita mozorro aproposena (sekulako euri jasa bota zuen!). Adar bakoitzak antzerki txiki bat edota mozorroen aurkezpen moduko bat egin zuen gainerako guztiei eskainita, eta ondoren merendola bat ospatu genuen. Tripa beteta genuela, etxe barruan joko batzuk antolatu genituen, eguraldia ez baitzen kanpoan jolasean aritzeko modukoa. Toki handiegirik ez genuen, baino azkenean denok bata bestearen gainean botata amaitu genuen arren, primeran pasa genuen jolasean. Ea datorren urterako zein mozorro prestatzen ditugun...