2007/04/08

Guraso irteera

Aurreko astebururako egunpasa bat antolatu genuen Aratz taldekook, haur eta gurasoekin egitekoa. Asmoa Larraitzera joan eta ondoren Auzagaztelura abiatzea zen, eguerdirako itzuli eta bazkaldu ostean Larraitzen bertan antolatu genituen jolasetan aritzeko. Hala ere, asmoa eguraldiaren baitan zegoen, eta bada ezpada ere, plan alternatibo bat ere bagenuen. Hala ere, espero ez genuen gertaera bat jazo zen; etortzeko asmoa zutenen erdiak baino gehiagok azken momentuan ezezkoa esan zigun. Igande goizean oso jende gutxi bildu ginen hortaz, baina denon artean hitz egin ondoren, irteera aurrera eramatea erabaki genuen, egun osokoa beharrean goizekoa soilik bilakatuta. Euria ari zuenez, bigarren plana hartu genuen, gainera. Hala, autoetan sartu eta Abaltzisketara abiatu ginen bildutakoak.


Abaltzisketako frontoia inbaditu genuen, eta bertan aurkezpen joko batzuekin hasi genuen goiza. Izan ere, guraso askoren izenak ez dakizkigu, eta agian beraiek gureak ere ez. Izotza apurtzeko, primerako jolasak egin genituen, hortaz. Ondoren, gure parakaidas maitea atera genuen, eta honekin ere jolas ugari egin genituen. Pañuelitoaren jokoan ere aritu ginen, eta froga joko batekin jarraitu genuen, non arraultze-lasterketa, mimika eta beste zenbait gauza egin behar ziren taldeka. Hala ere, froga-jokoa bitartean, monitoreotako bik kanpin-gas bat piztu eta hamaiketakorako txokolate beroa egin zuten, bertan bustitzeko bizkotxo eta guzti eraman baikenituen. Hotz handiegia egiten ez zuen arren, denok eskertu genuen txokolatea, eta izugarri gustora hartu genuen.


Hamaiketakoaren ostean, tenisean, futbolean, gitarra jotzen, osteratxo bat egiten, kantuan... aritu ginen. Hala, eguerdia heldu zitzaigun, eta denok elkar agurtu ostean, bazkaltzera abiatu ginen, batzuk etxera, besteak han inguruko txokoren batetara. Ez zen pentsatuta genuen moduan atera, baina hala ere, argi geratu zen jende gutxi bildu arren primeran pasa daitekeela. Guraso batzuek esan zuten moduan, "urteak dira ez nintzela jolasean aritzen, baino primeran pasatu dut!". Ea hurrengoan gehiago biltzen garen eta eguraldiak laguntzen digun, orduan sekulakoa izango da eta!