2008/03/08

Asteburua Berastegin

Lehengo asteburuan oinarinek hiruhileko honetako abentura gauzatu genuen, asteburu-pasa eder bat egitea Berastegin! Ostiral arratsaldean erosketak egiteko geratu ginen, eta beharrezkoa izango genuen janari guztia erosi ondoren, Norteko geltokian trena hartu eta Tolosara abiatu ginen. Bertan, Tolosaldea autobusa hartu genuen, Berastegiraino eraman gintuena.
Heltzerako gaua zen jada, etxera heldu eta bertan instalatu bezain laister afaria egiteari ekin genion beraz. Etxeko jangelan bapo afaldu ondoren, gaubelatxo bat ere egin genuen, abesti, dantza eta jolasen batekin (ezkutaketan aritzeko bikaina da etxea!). Gauean, oinarin guztiek elkarrekin egin zuten lo ganbaran, eta monitoreek beheko solairuko gela batean.
Hurrengo egunean, goizeko 7:30tarako oinarinak futbolin eta ping-pongean jolasten ari ziren! Ondo pasatzeko aukera dagoenean, bost axola loak, itxuraz... Hala ere, 10:00ak aldera arte ez genuen gosaldu.
Goizean nazioarteko triathloi bat jokatu genuen, dedikazio handia eskatzen zuten hiru kirolez osatutakoa: ping-ponga, futbolina eta dardoak. Herrialde galtzaileek prendak beteko zituzten gainera, denok esfortzu handia egin genuen irabazteko beraz. Han ikusi genituen Jamaikarrak lepoan ezkilak zituztela bueltaka, argentinarrak eskilarak oin bakarrarekin igo eta jaisten, oin-flexioak egiten eskutan bizikleta bat zutela... denetik ikustea tokatu zitzaigun. Hura panorama...
Arratsean gymkana bat antolatu zuten oinarinek; koreografiak, patinete-piloto jaurtiketak, hockey-punteria probak, sokasaltoa... ez zen ezer falta, egia esateko! Azkenean, iluntzen ari zuela eta, etxe alboko frontoiko fokoak piztu eta palan ere aritu ginen ratotxo bat.
Gaubelan antzerki eder bat egin zuten oinarinek, eta koreografia original xamar bat ere ikusi ahal izan genuen, zenbait dantza eta kanturen artean. Ondoren, jangelan eserita lasai-lasai pasta batzuk jaten eta tertulian aritu ostean, zakura joan ginen denok leher eginda.
Azken egunean etxea goitik behera garbitu eta txukundu genuen. Denbora soberan genuela ikusita, berriro ere ping-pong eta futbolin saioak eduki genituen, gitarra kontzertuak, eguzkitan siestatxoren bat... gainera, sekulako eguraldi ona eta tenperatura goxoa genituenez, arratsaldea ur-gerra txiki batekin amaitu genuen.
Azkenik, oinarinek euren artean arropa aldatu (prenda bat izan zen hau), eta berriro Donostiarantz abiatu ginen, autobusez eta ondoren trenez. Sekulako asteburu ederra izan zen.