2010/10/06

Palazuelos de Cuestaurria

Hartuko degu autobusa Burgos aldera joateko berriro ere, badirudi azken urteotan hango paisaiak gustoko dituztela begiraleek. Zelai horiak, berdeak, eguzkia, beroa, lehorra eta hautsa, eskerrak erreka gertu izaten dela, bertan pixa egin bitartean manley markak gorputzetik kentzeko. Aurtengoan behintzat pinudiak itzal ugari ematen digu, bestela goizetan kanpin-denda negutegi bihurtu eta izerdi patsetan jaikitzen baikara lurrean eserita gosaltzera. Hosto eta makiltxoekin apaindutako kola-kao beroa, kartoizko gaileta apurrekin. Dieta mediterraniarra.
Deskargatuko degu materialaren furgoneta giza-katea osatuta, hala txikienak pisua hartzeaz eskakeatu eta zaharrenek bizkarra hausteko, baulak, tablak, burniak eta butano bonbonak alde batetik bestera eramaten. Eta guztia sekulako gosearekin, inoiz ez gera heltzen eguerdia baina lehenago.
Txokoa bilatu, begiraleek ezezkoa esan, beste bat aukeratu, berriro ere ezezkoa jaso, eta azkenean beraien gomendioz, guk hasieran aukeratutakora itzuli. Kanpin-dendak jarriko ditugu, nun daude klabijak? Baten batek mailua ekar dezala! Beti bezela, denda zahar eta apurtuenak guretzako, beste adarren bati berrietako bat lapurtu beharko diegu. Total, ziur hautsi egingo dutela... Egiten duen beroarekin eta dena gutxi gorabehera prest edukita, ez daukat batere gogorik zanja egiten hasteko, euria hasten denean esango diot beste norbaiti presaka egiteko. Orain fregadero eta letrinak egiten hasi behar degula? Mesedez, lan haundiena guk egin degu eta! Begiraleak gu izorratzera besterik ez datoz.

Hari eta abalorioekin, kolore eta korapilozko aberrazioak egiteko tailerrak; batzuek sekulako detaile landuak eta beste batzuek 2 minutu eta 37 segundutan gogorik gabe egindako mokordoak jasoko dituzten “lagun ezkutuak”; manley, kartulina eta zabor poltsekin inprobisatutako mozorro paregabeak, material berarekin zenbat gauza desberdin egin daitezkeen erakusten omen digutenak (krisiaren eragina ote?); gitarra sesio amaigabeak, 3 aislantetan 8 pertsona etzanda eta 8 kg. pisatzen dituzten kantzioneroak aurrean ditugula; belarretan etzanda egindako siesta “naturalak”, 53 segunduro esnatzen inurri eta euliak uxatzeko.

Janari bila. Ea zer ematen diguten gaur intendenteek bazkaltzeko. Zerri hauek etengabe daude ahoa beteta mastikatzen, sukalde dezentea dute bazkaria prestatzeko, eta gu dieta behartuan gaituzte halako razio xurrak emanda. Gizendu behintzat ez degu gizenduko. Kaka zaharra, plater edo potorik ez det hartu janaria txokoraino eramateko. Buelta. Ea gure kanping-gas marabillosoa ondo dabilen, gosetuta gaude eta. Makarroi-masa gazi eta egosiegia tomate hotzarekin, txorizo apur bat eta Burgoseko zelaietako belar finak. Zorte pixkatekin, zomorroren bat ere sartuko da platerean, ea zaporea ematen dion. Gero edozer gauza ukituz gero, itsasita geratuko zait. Eta postrerako, esku zikinekin hartutako melokotoia almibarrean. Primeran. Ze alferkeria ematen didan orain fregaderoraino joan (gure txokoa toki diskretoan dago, bai, baina kriston paseoak eman behar ditugu edonora joateko! Pixkat gehiago eta Azerbaijan-en jartzen degu kanping-denda!) eta estropajo koipetsu zatar horiekin hau dena garbitzen hasteak. Fregaderoak dagoeneko duen usainarekin gainera. Kartetan partida bat antolatu behar det, tranpak egin eta beste batek fregatu dezan...

Ruta. Mila kilo pisatzen dituen motxila, eguzkitan erdi irekita doan txorizoak dena zikindu bitartean. Kantinplora erdi hutsik eta ura epela, lehen eguneko galtzerdiak fondoan dena kirasten, zakua gaizki lotuta alde batera eroriko dela. Bideko hautsa nere izerdiarekin nahastu da, izugarrizko moreno ederra sortuaz. Painoleta buruan eta oinetako babak alderik alde haritxo bat dutela. Amonaren erremedioak. Edozein herri txiki eta aspergarriko frontoian lo-zakua jartzen ari gerala monitoreren batek kanpaldiko hoberena ruta dela errepikatzen badit, gauean hortzetako pasta botako diot. Izorratu dadila.

Sukaldaritza eguna, eskatutako guztia ekartzen badigute sekulako otordua egingo degu, begirale pailazo hauek ez al dakite ezer egiten mozorrotu gabe? Ez dakit zein zentzu duen; parkout-a, haitiko lurrikara ez da ezer potingeak nere tripan eragiten duenarekin, flexioak, fregaderoko usain nazkagarria, 3 egunetak kendu ezingo dudana; zergaitik betiko abesti folklorikoak gaubelatan? Baden-Powellek ere Mikel Laboa abesten zuela esango nuke, eta norbaitek debekatu dezala koxkorrek gauero antzerkia egitearen ohitura, baina aldi berean neri ere ez diezadatela eskatu ezer egiteko; hartu papera, tapatu sudurra eta eutsi tripari, letrinara goaz eta, kilo t’erdiko moskardoien paradisura; beisbol partida masifikatu hauetan esango nuke soilik begiraleek pasatzen dutela ondo, batea hartzen dudanerako 2 ordu pasa dira eta.


Beti talderik okerrena jartzen didate talde egunean! Negartia, despistatua, patosoa, hiperaktiboa, astapotroa, sosa, erdi gaixorik dagoena eta ni. La tropa Goofy. Kartulina, pinotxo papera eta zabor poltsekin mozorrotu (primeran, eguzkitan ondo izerditzeko!), eta betiko plana: goizean froga jolasa, arratsaldean kirola (eta monitoreak tartean sartuko dira tranpa eginez irabazteko), gaubelan inolako zentzurik ez duen “antzerkia” begiraleen eskutik. Eta gainera aurpegi ona jarri behar, sangria nahi badegu. Eskerrak gauean hurrengo adarrera pasako naizela.

Eta amaitu zaigu aurtengo kanpa. Izerdia, zikinkeria, erdipurdiko janaria, betiko jolas eta tailerrak, ruta nekagarria, kanpin-dendako kiratsa, betiko txiste txarrak, gitarra desafinatuak, begiraleen bonbero ideiak, mozorro ezin kutreagoak, zomorroak, pikadurak, alergiak.
Baina hala ere ez dakit zer daukan, ez nukeela hau dena ezergatik aldatuko. Datorren urtekoaren irrikaz nago!

2010/07/12

Irla Eguna

Dagoeneko bete-betean gaude udan sartuta, eta larunbatetako bilerak amaitu zaizkigu! Urteroko moduan, honi amaiera emateko Irla Eguna ospatu genuen; adar guztiek batera Donostiako kaian txalupa hartu eta Santa Klara irlara abiatu ginen, eguraldi paregabea lagun genuela! Hemen dituzue egun hartako irudiak:



Ea aste honetan, kanpaldira goaz! Aurtengoan Palazuelos de Cuesta-Urrian izango gera!

2010/03/25

Gabonetan izan zen...

Aspaldiko kontu batekin gatoz oraingo honetan, artean 2009 urtea baitzen. Abendu amaiera genuen eta betiko moduan gabonetan elkarrekin egun batzuk igarotzekotan Elosura abiatu ginen, Bergaratik gora. Hara gindoazen lehen aldia zen. Eguraldia hotz zegoen, eta herrira iritsitakoan plaza bazterretan elur mordoxkak geratzen zirela egiaztatu ahal izan genuen. Autobusetik jaitsi, motxilak atera eta plazako frontoi estalian babestu ginen etxeko giltza zutenen zain. Hala ere, gutxi iraun zuen egoerak, segituan hasi baikinen elkarri elur bolaka, ordurarte lehor zegoen frontoia blai eginda utzi arte. Eskerrak motxila eta trasteak izkina batean babestu genituela… Gure bataila-grina apur bat baretutakoan, aurkezpen jolasei ekin genien, baziren eta gure artean berriak zirenak. Hala ere, segituan heldu ziren autoan erosketak, materiala eta etxeko giltza zekartenak, eta berehala abiatu ginen barrura, gela, txoko eta sekretu guztiak ezagutzeko gogo biziz.

Behin gelatan banatu eta traste guztiei txokoren bat bilatu ostean, denok elkarrekin mahaiaren inguruan eseri eta gustura bazkaldu genuen. Baina arratsean hasi zen dibertigarriena… Izan ere, adar bakoitzak arratseko bere ekintza hasi eta berehala, arazo txiki bat piztu zen etxeko instalazio elektrikoarekin. Baina denok etxetik irten eta apurtxo bat itxaron ondoren, gorriz jantzitako gizon xinpatiko batzuk etorri ziren laguntzera, argiz betetako kamioi handi batzuetan, eta instalazio elektrikoak ez zuen arazo handiagorik eman. Ez dakigu oso ondo zer gertatu zen, baina aldi berean ezer ez zela gertatu esan dezakegu. Hala ere, etxeko traste guztiak atera, B plana zehaztu, eta berriz ere autobusera igo ginen, gauaz Goizuetaruntz. Herrira heldu, motxilak jantzi eta linternekin ordu erditxo bat mendian gora joan ostean, gure etxea izango zenera sartu eta berriz ere gelak banatzeari ekin genion. Bidetik xirimiriak zertxobait busti gintuen, baina arropa lehorra jantzi eta mahaian eserita afari beroa jatea plazerra izan zen guztiontzat.

Hurrengo egunean zerua oskarbi zela esnatu ginen, eta eguna aprobetxatzeko gogo biziz jaiki ginen guztiok. Batzuk etxean bertan geratu ziren euren ekintza eta jolasak egiten, eta beste batzuek inguruak ezagutu eta mendi-txango labur bat egiteko aprobetxatu zuten. Arano aldera jo zuten koxkorrek, sekulako bista ederrekin gozatuaz.


Arratsaldean denok etxe inguruan geratu ginen, begirale batzuei eragin zien birus misteriotsu bat zela medio (!) zenbait adarrek elkarrekin egin behar izan baitzituzten programaturiko ekintzak. Eguna amaitzeko, afalostean ohiko gaubela ospatu genuen, gure artean berriak zirenek abestiak ikasten hasi zitezen.


Eta hurrengo eguna, Talde Eguna izan zen! Musikaren inguruan girotutakoa, musika estilo desberdinak ezagutu genituen goizean. Eta arratsaldean… talde bakoitzak bere bideoklipa grabatu zuen! Eskenatokiak prestatu, koreografiak sortu, janzkera zaindu… guztia kontu handiz prestatu ostean, kamerak, argiak eta akzioa! Goizuetako etxea grabaketa estudio inprobisatua bilakatu zen ordu batzuetan zehar, emaitza bikainekin (orokorrean).
Hala, gauean bideoklip lehiaketaren gala ospatu genuen. Musika eta bideo teknikariak aparailu guztiak behar bezala zebiltzala egiaztatu ostean, aurkezleek ongietorria eman zioten ekitaldiari eta epaimahaiak tokia hartu ondoren bideoklipen proiekzioa hasi zen.


Tartean lunch txiki bat egiteko astia ere eman zuen, zerbitzari panpoxen eskutik zerbitzatua. Amaitzeko, epaimahaiak bere epaia plazaratu zuen eta talde irabazlea zoriondu zuen, eta honen ostean omenaldi bideoklip bat proiektatu zen, talde beteranoenak egindakoa gainontzekoen gozamenerako.



Irteera ederra izan zen 2009ko azkena, ea 2010eko lehenarekin ere harekin bezainbeste gozatzen dugun (baina gorrizko gizon xinpatikoen presentziaren beharrik gabe!).