2007/04/28

Aste santuko irteera

Aurten ere, aste santuko oporretan 4 egunetako irteeratxoa egin dugu Aratz taldekook. Gainera, etxe berri bat ezagutzeko aprobetxatu dugu, Beizaman igaro baititugu egunak. Ez genuen etxea ezagutzen, eta egia esan poz-pozik geratu gara han topatu genuenarekin. Sekulako etxea, logela ugarikoa, handia, sukalde eta jangela ederrarekin, eta hau gutxi balitz, herriko frontoiari pega-pega eginda dagoena! Kriston frontoi handia, eta estalitakoa gainera. Ederki aprobetxatu genuen!

Idatzi genizuen gabonetako irteeran haur gutxi xamar azaldu zitzaizkigula, baina oraingoan ez, oraingoan jende dezente elkartu ginen Beizamara joateko. Koxkorren adarrak hala ere, lau egun hauek "Komikilandian" igaro zituen, euren mundu berezi hau bizirik mantentzeko lanetan. Izan ere, baziren pertsonaia gaizto batzuk Komikilandia suntsitu nahi zutenak...
Ekintza ugari egin genituen, betiko moduan: mugitzeko moduko jokoak, mahai-jokoak (azkarrek Monopoly bat egin zuten han bertan, Donostia bertsioa!), tailerrak, antzerkiak, gitarra jo genuen, botata egon ginen, frontoiean futbol eta pilota partida ederrak jokatu genituen... sukaldean ere aritu ginen, jaki desberdinak prestatzen: azkarrak magdalenak egiten saiatu ziren, baino arazo tekniko batzuk zirela medio (gasik gabe geratu zen herria!), ez zen guztiz posible izan; trebeek kriston takotea prestatu ziguten (gaileta, esne eta txokolatearekin egiten den postrea, oso ohikoa Aratzen), gosaltzeko jan genuen; eta oinarinek urdaiazpiko kroketak egin zituzten, izugarri goxoak atera zitzaizkienak!

Egun ederrena, hala ere, Talde Eguna izan zen, ohikoa izaten den moduan. Oraingoan urte batzuk atzera egin genituen eta Italian kokatu ginen, Mafiaren urrezko aroan. Goizean haurrek mafioso onak izango zirela frogatu behar izan ziguten froga desberdinen bidez: punteria, ihes egiteko abilezia, gorpu bat ezkutatzeko gaitasuna, itaunketa bat jasatekoa... hala, pizzeria bat aurrera ateratzeko beharrezkoak ziren gaiak lortu zituzten. Arratsaldean, ostera, banku bat lapurtu behar izan zuten, segurtasun-sistema guztiak gainditu ostean: sensoredun baldosak lurrean, segurtasun-kamerak eta azkenik laser-izpi sare bat, segurtasun-kutxara heltzeko. Hau irekitzeko zenbaki-konbinaketa lortu zutenean, euren ezkutalekura egin behar izan zuten ihes urrearekin! Azkenik, gauean familiako "Padrinoa" nork hil zuen asmatu behar izan zuten, afalorduan gertatu baitzen hilketa.

Oso egun ederrak igaro ditugu aurtengo aste santuko irteeran Beizaman, nola ez. Pena handiarekin itzuli ginen denok etxera, baino aldi berean jada ilusionatzen hasita, hurrengoa kanpaldia baita, Uztailan! Denok gaude noiz helduko zain!