2009/10/08

Leza de Río Leza

Kaixo guztioi!
Ikasturtea hasteko puntuan gara eta badirudi uda osoan ezer ez dugula egin, hemen ez baitugu ezer idatzi, baina ez da hala! Urtero bezala, Uztailaren bigarren hamabostaldian kanpaldia egin genuen. Baina oporrak direla eta, memoria arazoak direla eta, orain arte ez dugu hemen ezer idatzi. Hor doa ba!



Urtero egiten dugun moduan, Uztailaren 15ean Anoetako Xanti taberna aurrean elkartu ginen Aratzeko kide guztiok, motxilak, zakuak, gitarrak, aislanteak eta traste guztiak gurekin genituela. Gurasoei agur esan, guztia maleteroan sartu eta denok autobusera sartu ginen, kanpaldira iristeko irrikitan. Bidean geldialdi txiki bat egin ondoren, eguerdi partean heldu ginen Leza de Río Leza herrira, aurtengo gure kanpalekua izango zena. Eta hemen aurreneko sorpresa, kanpaldira sartzeko erreka gurutzatu behar baitzen! Han pasa ginen denok motxila bizkarrean, oinetakoak eskuetan eta oinak frexko-frexko. Eta behin kanpaldi bertara iritsita, bigarren sorpresa; terrenoaren jabeak makina pasa zuen lurrari buelta emateko, eta belardi ederra beharrean harriz betetako lursaila genuen akanpatzeko! Hala ere, dendak jarri beharreko zonaldeak nolabait despejatu genituen, eta hirugarren gauerako denok kariñoa genion gerrialdean, saihetsetan edo bizkarrean gauero enkajatzen zitzaigun harri puskari...

Bazkaldu ondoren, adar bakoitzak bere txokoa aukeratu eta kanpaldia montatzen hasi ginen: pabeloiak, dendak, zaborrontziak, tendereteak, letrinak, fregaderoak... Lan honek hurrengo eguneko arratsaldera arte hartu zigun. Eta hemendik aurrera, jolasak, ekintzak, kirolak eta tailerrak!

Koxkorrek egunero gai baten inguruan egiten zituzten ekintzak; egun batean denak hippie-ak izan ziren, beste egun batean turistak, eta hala egunero. Mozorrotzeko irudimen eta abilezia paregabea erakutsi ziguten, egia esan!




Oinarinen adarrak Mundu Amaierako Konkistatzailea egin zuen kanpaldian zehar. Egunero nominatuak eta inmunitatea zituzten, "talde aberatsa" eta "talde txiroa" zeuden, Julian Jantzi eta guzti azaltzen zen goizero egunean egin beharrekoa aurkeztera! Euren artean pike batzuk sortu ziren arren, sekulako konpetitibitate sanoa mantendu zute oinarinek kanpaldi osoan zehar...

Azkarretan, azkarrek eurek programatu zituzten kanpaldian egin beharreko ekintzak, eta honen ondorioz kanpaldi lasaia eduki zuten; papiroflexia, globoflexia, igeltsoarekin maskarak... gehiegi mugitu beharreko ekintzarik ez, laburbilduz! Hala ere egun batean koxkorrentzan prestatu eta dinamizatu zuten ekintza bat, primeran atera zena.

Eta trebeak batez ere beste adarretako monitoreei laguntzen aritu ziren zenbait ekintzetan, beraien tailer batzuk egiteaz gain. Beraien txokoan tenis sare batekin montatu zituzten hamakak primerakoak ziren siesta botatzeko!

Aipatu beharra dago aurten berrikuntza bat eduki genuela kanpaldian, kriston arrakasta izan zuena; ping-pong mahaia! Ez zegoen libre egun osoan momentu bat ere, beti jendez inguratuta gainera. Txapelketa bat ere antolatu zen, nahiz eta finala ezin izan zen ospatu...

Rutari dagokionez, adar bakoitzak berea egin zuen, nahiz eta inguruko orografiaren eraginez denak nahiko antzerakoak izan ziren. Ingurua paregabea zen, eta Kameroseko bixta izugarrietaz gozatu ahal izan genuen denok gure rutetan. Gainera, zenbait herritan adar desberdinak elkartu egin ziren bazkaltzeko edota lo egiteko, hain ziren antzerakoak rutak.
Esan beharra dago gertaera bitxiren bat ere gertatu zela rutaren batetan, azkarrak egun batean zertxobait "desorientatu" baitziren baso batean barna, baina ez zer ezer apartekorik gertatu. Gainerakoen adarjotzea agoantatu behar izan zuten kanpaldi bukaera arte (arrazoiarekin), baina ezer gehiagorik ez.

Oinarinek, aldiz, errekatik egin zuten lehen eguneko etapa; ura gerriraino, motxilak ez bustitzeko asmakizunak egiten, harrizko paretak igotzen, arrokaz arroka saltoka... sekulako abentura izan zen! Lehertuta heldu ziren Soto en Cameros-era, baina oso esperientzia polita izan zen.

Honetaz gain, urteroko egun bereziak egin genituen aurten ere: Sukaldaritza eguna, non haurrek "jatetxe" modukoak montatu, menua erabaki, sukaldatu eta begiraleoi zerbitzatzen diguten (menu ederrak eduki ditugu aurten, egia esan!); Adarren eguna, non begiraleok nahastu eta gurea ez den beste adar batekin igarotzen dugun eguna, denon arteko erlazioa indartzeko; Raid eta Superbibentzia eguna, non haurrek euren kasa moldatzen ikasi behar duten kanpalditik at; Parkouta, aurkezpenik behar ez duen ekintza atsegin, garbi eta nutritiboa; eta azkenik, Talde Eguna.

Aurtengo kanpaldiko Talde Egunak Euskal Herriari bira zuen gai, baina festaz festa! Haur guztiak 4 taldetan banatu, eta bakoitzak hiriburu bateko festetako mozorroa egin behar izan zuen; Zeledon, San Ferminak, Tanborrada eta MariJaia. Ondoren, postu desberdinetan Euskal Herriko zenbait herri eta txokoetako festetan ohitura diren ekintzak egin behar izan zituzten, bertako harmarriak lortzeko; kukaña, "mahatsa" zapaltzea, Abordaia etab. Lekeitioko festetarako antzarrik lortu ez genuenez, untxi batekin inprobisatu behar izan genuen hau... Hala ere, kontuz ibili behar izan ziren, handik baitzebilen Goardia Zibila festetan parte hartzea ekiditeko!
Amaitzeko, gauean adar pasea egin genuen, adar bakoitzeko beteranoak hurrengora pasatu ziren.

Azken egunean dena jaso, bazkaldu, ebaluazioa egin eta nekatuta, izerditsu eta penarekin, etxera itzultzeko autobusera igo ginen, jada hurrengo urteko kanpaldirako gogoz...

Hala ere animo denoi, asteburu honetan berriro elkartuko baikara! Kurtsoa hasten da dagoeneko!