2007/09/23

Eskaut mendeurrena

Lehengo asteburuan Donostian Eskaut mugimenduaren mendeurrena ospatu genuen. Larunbat goizean San Marcial, Iruzun eta Aratz taldeko haur eta monitoreak Boulebardean elkartu ginen, mendeurrenari hasiera emateko asmotan. 110 pertsona inguru elkartu ginen bertan, painoleta lepoan eta motxila bizkarrean, asteburu paregabea pasatzeko prest. Alderdi Ederrera abiatu ginen, bertan kamioi bat baikenuen zain haurren motxilak Uliara eramateko, bertan akanpatzea baitzen plana. Hala, haurren trasteak jaso eta denon artean jolas erraldoi bati ekin genion.

Hiru taldeetako haurrak nahastu eta taldetxo txikietan banatu ondoren, Donostiako zentro guztitik zehar pista joko erraldoi batean hartu genuen parte. Helburua puzzle handi bat osatzeko piezak lortzea zen, eta honetarako proba desberdinak egin behar izan zituzten. Kaian, Boulebardeko kioskoan, Santa Maria eliza aurrean, Artzai Onaren katedrale aurrean, kontxa hondartzarako jaitsieran, Konstituzio plazan... toki guztietan geunden banatuta zenbait monitore. Gugana heltzeko pista ugari argitu behar izan zituzten, eta hurrengoa lortu ahal izateko agindutako probak bete. Sekulako barreak egin genituen denok, nahiz eta haur batzuk lotsatu xamar ere egon ziren momentu batzuetan...

Pieza guztiak lortutakoan, Okendo plazan elkartu ginen denok puzzlea osatzeko. Haur txikienei utzi zieten lan hau, eta laguntza pittin bat behar izan zuten arren, lortu zuten osatzea. Ondoren, denok borobilean eseri eta bakoitzak etxetik ekarritakoa banatuaz bazkaldu genuen.





Bazkalostean Zurriolako hondartzara abiatu ginen denok, jolasekin jarraitzeko prest. Bertan "Burro"-an aritu ginen, karta erraldoiekin. Primeran pasa genuen denok ia bata bestearen gainean "Burro!" entzuten zen bakoitzean! Tranpati batzuk eduki genituen arren, oso dibertigarria izan zen. Ondoren "Muxu-plakaje" jolasa ere egin genuen, ekipoka banatuta. Hau ere oso ondo atera zen, nahiz eta haur batzuei jolasaren dinamika ulertzea kostatu zitzaien, hasierako partidak xelebre xamarrak bilakatu zirelarik.

Amaitutakoan, hondarra ahal genuen neurrian astindu eta gero, Uliara abiatu ginen denok oinez, Sagues atzeko bidetik. Txango polita izan zen, nahiz eta dezente izerditu genuen, eguraldia bero xamarra baitzen. Uliako tiro zelai zaharrera iritsitakoan jada muntatuta zegoen kanpaldia goitik behera ikusi, eta motxilak errekuperatu ostean kanpin dendatan banatu ginen denok.

Pañoletas Blancas taldeko kideak arduratu ziren ia azpiegitura guztiaz eta intendente lana ere beraiek bete zuten. Hala, 9ak aldera denok borobilean eseri ginen lurrean, eta kanpaldietako ohiko afaria egin genuen: saltxitxak patata purearekin, eta baita xolomo xerra batzuk ere. Afalostean, nola ez, gaubela eder bat ospatu genuen gitarren doinupean. Amaitutakoan, haurrak dendatara bidali, eta lotan jarri genituen.

Hurrengo goizean, jaiki, gosaldu eta hortzak garbitu ondoren, eskaut zahar eta gurasoak hasi ziren heltzen. Aspaldian elkartu gabeko jendeak egin zuen topo Ulian, garai zaharren omenez. 350 pertsonatik gora elkartu ginen bertan. Goizeko ekitaldi nagusian zenbait gonbidatu berezik hitz batzuk eskaini zizkiguten, eta ondoren bezperan haurrekin egindako kandelak piztu eta eskatu mugimenduari "Zorionak zuri" abestu genion denon artean. Honen ondoren, lunch paregabea eduki genuen bertan elkartu ginen guztiontzat, honetarako prestaturik zeuden mahaietan.


Honen ondoren, denbora libre pixka bat eduki genuen, nahiz eta haurrentzat jolas eta tailer txiki batzuk antolatu genituen, asper ez zitezen. Tarte honetan, guraso eta eskaut zahar ugari garai zaharretan bezala elkartu, borobilean eseri, eta gitarra eskutan hartuta beren eskaut garaietako kantuak abesten aritu ziren (gaur egun oraindik abesten ditugunak). Giro izugarri polita sortu genuen Ulian.

Bazkalorduan, ausart batzuek mahaietan bazkaldu zuten, baina jotzen zuen eguzkia ikusita, gutako gehienek orduantxe inprobisatutako itzalaren azpian bazkaldu genuen, bi pabelloi eta zenbait toldorekin egindakoa. Gehienok lurrean eserita bazkaldu genuen hortaz, oraingoan ere kanpaldia balitz bezala.
Digestiorako tarte bat utzi ondoren, Ulian ginen guztiok borobil erraldoi batean jarri eta dantza jolas batzuk egiten aritu ginen, haur, guraso, monitore, "vieja gloria" eta bestelakoak denak elkarrekin. Hauen ostean, denok eskutik heldu eta Agurra abestu genuen.

Sekulako asteburu ederra igaro genuen, eta askorentzat oso esperientzia berezia izan zen, aspaldiko lagunekin berriro kanpaldi giroa nolabait bizitzea.

Eskerrak ematen dizkizuegu hau antolatzen lagundu diguzuen guztioi, eta baita bertara azaldu zinetenei ere. Merezi izan du eta.

Hemendik beste 100 urtetara berriro!