2007/10/18

Martxan gara berriro!

Jada jarri gara martxan Aratzen ere bai! Joan den asteburuan kurtso hasierako irteera egin genuen, Urnietara (azken urteotan beti egiten dugu han lehen irteera!).Aurtengoan ohi baino irteera motzagoa eduki dugu, zubiak ez baitzuen 3 egunetarako baino ematen. Hala ere primeran aprobetxatu ditugu 3 egunak, eta izugarri ondo pasatzeko denbora nahikoa eduki dugu!


Ostiral goizean Donostiako Norteko geltokian elkartu ginen denok, han trena hartu eta Urnietara joateko. Zenbait haur berri dauzkagu aurten eta baita monitoreren bat ere (ongietorri guztiei!!), eta Urnietara heldutakoan zenbait aurkezpen jolas egin genituen, elkarren izenak ikasten hasteko. Brilet eta futbol partidatxo pare bat jokatzeko astia ere izan genuen bazkalorduaren aurretik. Bazkaltzeko bakoitzak bere etxetik eramandakoa atera zuen eta denon artean segituan amaitu genuen janariarekin, bokadilo eta gainerakoan guztion artean banatuaz.


Arratsaldean adarrek dinamika desberdinak egin zituzten beren monitore berriak ezagutu eta guztien artean konfidantza hartzen hasteko. Koxkorrek pista-joku moduko bat egin zuten non proba ezberdinak ere gainditu behar zituzten. Primerako eguraldia egiten zuela aprobetxatuta batera eta bestera korrika aritu ziren etengabe, etxe barrutik eta kanpotik zehar. Amaieran diploma banaketa ere eduki zuten, talde bakoitzaren lorpenen araberakoa.
Oinarinek proba-jolas bat egin zuten konfidantza eta ezagupen dinamika ugari zituena, taldea eratzen hasi zedin. Hasieran lotsati pare bat baziren arren, segituan gainditu zuten lotsa eta oso gustura aritu ziren jolasa aurrera zihoan heinean.
Azkarrek ere ezagupen jolas bat egin zuten galdeketa moduan, nahiz eta tranpak egiten amaitu zuten, elkarri kopiatzen (nola kopiatu daiteke ezagupen jolas batean??). Zenbait konfidantza jolasekin amaitu zuten arratsaldeko dinamika.
Azkenik, trebeek tailer bat antolatu zuten eskultismoaren inguruko liburu zahar batetik hartutako ideiekin, eta korapilo mural eder bat egin ziguten, korapiloen izenak eta guzti jarrita.
Gauean denok ganbaran elkartu eta gaubela eder bat egin genuen, abesti, dantza eta antzerkiekin.

Irteera normalean baina motzagoa zenez, bigarren eguna azkenaurrekoa ere bazen, Talde Eguna beraz. Kontu eta finantzen erregeak bilakatu ziren egun batez gure haurrak. Adar guztiak nahastu eta lau taldetan banatu ostean, kirol apustuekin hasi genuen eguna: talde bakoitzak diru kopuru jakin bat zuen, eta kirol desberdinak zituen aukeran beste talde baten aurka aritzeko. Aurrena kopuru bat jokatzen zuten, irabazteko ikusten zituzten aukeren arabera. Ondoren beste taldearen aurka lehiatu, eta irabazleak dirua jaso eta galtzaileak dirua galtzen zuen. Futbola, saskibaloia, sokatira, “arrauna”, ur-garraio lasterketa... kirol ugaritan hartu zuten parte!
Arratsaldean irabazitako sosak administratzen aritu ziren, Monopoly erraldoia antolatu
baikenuen! Loiola, Alde zaharra, Antiguo eta Intxaurrondon kaleak erosi eta etxeak eraikitzen aritu ziren, eta beste talderen baten jabetzatan eroriz gero froga desberdinak egin behar izan zituzten ordaindu nahi ez bazuten. Hazienda ere han zehar zebilen zerga bidez taldeei dirua kentzen, eta baita Robin Hood ere dirua banatzen. Negozio arteko arratsalde dibertigarria igaro genuen larunbatean.
Amaitzeko, gauean Kasino batera gonbidatu genituen haur guztiak. Bertan kabaret ikuskizun moduko bat eduki zuten, zenbait antzerki emanaldi, eta geratzen zitzaien dirua zorte-joko desberdinetan: dado-pokerra, poker gezurtia, zazpi t’erdia, indioa... Diru mordo ederrak erraztasun handiz mugitu ziren gure kasino partikularrean, guztion gozamenerako.

Azken egunean dena garbitu, jaso eta txukun utzi ondoren, borobilean eserita bazkaldu genuen kalean, eguzki ederra baikenuen. Amaitzeko agurra ere abestu genuen, eta trena hartzera abiatu ginen, gurasoengana joateko.

Martxan jarri dugu aurten ere Aratz, eta handia izango da martxa hau! Hasi dugu ikasturtea!