2006/12/25

Hator, hator mutil etxera...

Atzo arratsean, abenduak 24, taldeko zenbait monitore eta haur Donostiako Boulevardean elkartu ginen kaletik zehar zenbait gabon kanta abesteko asmotan. Trikitilari pare bat eta panderojolea ere bagenituen, eta hiriko zentrotik zehar aritu ginen giroa pittin bat alaitzen. Baserritarrez jantzita gabon kantak abestu genituen, kalejirak egin, arin-arin eta fandangoren bat ere dantzatu genuen (giroan sartuta emozionatu egin ginen eta)... Hasieran zenbait lotsatu xamar zeuden, baino laster pasatu zitzaien, eta erreparorik gabe aritu ginen denok abesten, dantzan eta jira-biran. Oso arratsalde alaia igaro genuen, eta bizitasun pittin bat eman genien hiriko kaleei. Datorren urtean gehiago!

2006/12/20

Aurten ere Gabonak Zuretzat

Urtero bezala Udaletxeak antolatzen duen programa honen egitarauaren zati izango gara. Gertu daukagun oporraldi honetan, arratsaldeetan egiteko beste ezer hobeagorik ez baduzue, Groseko Txofreko plazan egongo gara Abenduaren 22, 23, 24 eta 30ean 16,00tik 19,00etara.

Hainbat tailer eta ekintza prestatu ditugu arratsaldeak ahalik eta era dibertigarrienean igarotzeko. Berdin du zein adinekoak zareten, bertatik pasaz gero, ez ezazue bitan pentsatu. Helburua ondo pasatzea da!

2006/11/27

Gora gora igotzen...

Iragan den larunbatean, gure taldeko Oinarinek plan berezia egin zuten beren monitoreekin. Ohikoa den moduan arratsaldeko 4:30tan Boulevardeko erlojuan geratu ordez, 4:00tan Antiguoko elizan elkartu ziren. Behin denak azaldu zirenean, Pio Baroja polikiroldegira joan ziren, eta bertan eskalatu egingo zutela azaldu zieten monitoreek. Gainera, arnesak eta sokak aseguratzen laguntzeko, beraiekin Batix (azkarren monitorea) eta Iñigo (Idoia monitorearen anaia) joan ziren, eskalatzen aritzen baitira.
Polikiroldegian bertan eskalatzeko materiala utzi zieten behar zuten guztiei (katu-oinak, arnesak, mosketoiak...), eta oinarrizko azalpen batzuk entzun ondoren, igotzeko bide bertikalak aukeratu, eta han aritu ziren txandaka oinarinak eskalatzen. Monitoreek, inbidiaz ez geratzeko, zerbait eskalatu zuten, baita ere.
Azaldu ziren 8 oinarinek primerako arratsaldea pasa zuten polikiroldegiko rokodromoan, ia ia lehengo astean Patxi Usobiagak egindakoa errepikatuaz. Ziur aski oraindik nabarituko dituzte agujetak, baino errepikatzeko irrikaz geratu zirela ziur nago.

2006/11/22

Azkarrak "on air"

Iazko azkarren adarraren enpresa udan Norjam-era joatea izan zen, bertan ospatu zen Nazioarteko Eskaut Kanpaldira. Bertan mundu osoko eskatu-gia taldeetako jendearekin elkartu ziren, eta ekintza ugaritan hartu zuten parte: kirolak, jokoak, tailerrak... Enpresa honek, halako bidaiekin gertatu ohi den moduan, anekdota eta istorio ugari sortu zituen, azkarrek sekula ahaztuko ez dituztenak.
Lehengo ostiralean, iazko azkarrak Ttan Ttakun irratian aritu ziren zuzenean hizketan, anekdota eta istorio guzti hauek kontatzen. Eurekin Norjamera joandako monitoreak ere irratian izan ziren, beraiek ere gauza ugari baitzituzten kontatzeko. Ordu eta laurden inguruko irratsaio ederra egin zuten denen artean, eta beraiek ere oso ondo pasa zuten udako bidaia ederra berriro gogora ekarriaz. Beti oroituko duzue esperientzia eder hura, azkarrak!

2006/10/24

Eta orain, Interneten!!


Ongi etorriak Aratz Gia Taldearen blog berri honetara!
Sortu berria dugun tartetxo hau gure taldearen gorabeherak kontatzeko erabiliko dugu, interesa eduki dezakeenak irakur dezan. Edozein komentario utzi nahi izanez gero ematen dugu aukera baita ere, mezu bakoitzaren azpian azaltzen den loturan klik eginda.

Gustatuko zaizuela espero dugu, eta ongi etorriak izan zaitezte berriro ere.