2008/04/14

30. urteurrena

Aurten gure taldeak 30 urte bete ditu. 30 urte, haur eta gazteak balore eder batzuen inguruan eta euskara hutsean heziz. 30 urte, larunbat arratsero elkartuz. 30 urte, penintsulako geografia zabalean zehar akanpatuz. Hau ospatzeko, gaur egun Aratz aurrera daramagun monitoreok asteburupasa eder bat antolatu diegu garai batean gure monitore izandakoei, eta bi egunez berriro ere haur bilakatu dira gure taldean.


Haurrekin ohi dugun moduan, Donostian elkartu ginen denok autobusa hartu eta Astigarragara abiatzeko. Bertan, motxilak bizkarrean hartu eta Santiagomendira igo ginen eguzkipean. Heldutakoan aurkezpen jolasak egin genituen, ez baikenuen denok elkar ezagutzen (orain dela urte asko aritutako monitoreak etorri ziren, eta gutako batzuek ez zituzten ezagutzen). Gutxi gorabehera izen guztiak ikasi genituen, eta giroa pizteko, klasikoetara jo genuen: semaforoa, bulldog... barre ederrak egin genituen denok elkarrekin! Eta zelako agujetak eduki zituzten batzuek hurrengo egunean!

Bazkaltzeko, etxetik eramandakoa denon artean banatu genuen, buffet moduan jarrita. Betikoa: bokadilo goxo-goxoa ekarri zutenak izorratu behar, eta bazkari zozo eta triste xamarra zutenak, poz-pozik. Baina inor ez zen kexatu, hori edukazio ona dutena "Vieja Gloria" hauek...

Arratsean proba-jolas handi batean hartu zuten parte gure "haur" handi haiek, puzzle erraldoi baten piezak lortu ahal izateko. Nork pentsa zezakeen, horrenbeste urteren ondoren berriro ere Potingea (Aratzeko sukalde eta intendentzietan esklusiboki prestatzen den delicatessen berezia) dastatuko zutela? Harri bati bueltak ematearen proba egin beharko zutela? Muturra irin plater batean sartu beharko zutela, txanpon bat bilatzeko? Honelakoak eta beste asko eginez haurtzarora itzuli ziren gure "vieja gloria"-k, nahiz eta beren artikulazioek kontrakoa esan...

Amaieran, lortutako pieza guztiekin puzzlea osatu zuten, eta han etorri zen eguneko sorpresa: Aratzeko argazki zahar eta berriekin Atego osatzen zen mosaiko erraldoia azaldu zen beraien begi aurrean! Mural ikusgarria!

Asteburuko tarte libreetan argazki zaharrak ikusten aritu ginen gainera, eta bideo emanaldi batzuk ere eduki genituen, kanpaldi eta irteera zaharretakoak. Garai bateko monitore zaharrak haur zirenekoak ere baziren!

Giro ederrean afaldu ondoren (San Jakoboak, ezin zuen beste era batean izan), gaubelaren garaia heldu zen: abestiak, dantzak eta antzerki oso oso ederrak eduki genituen bertan. Musikalak, txapelketak, koreografiak... aspaldian ikusi den gaubela dibertigarrienetakoa izan zen gau hartakoa! Guztiak izugarri sartuta beren paperetan eta ondo pasatzeko sekulako gogoarekin!

Hurrengo goizean eguraldi txarrarekin esnatu ginen arren, gosaldu ondoren pista joku bat egin genuen, etxe barru eta kanpotik. Kexaren bat espero genuen euria zela eta, baina han abiatu ziren monitore ohi guztiak txintik esan gabe eta poz-pozik euripean korrika, pistak bilatzera! Talderen batek tranpa egin zuen arren (jarritako pisten erdia saltatu zituzten!), jolasa primeran joan zen, eta eguraldia gorabehera, denok pasa genuen izugarri ondo.

Bazkaltzeko haragi pastela jan genuen (hau ere Aratzen tipikoa), eta kafearen ostean, etxea txukundu eta jaso genuen. Azkenik, kalean borobil handi bat egin eta agurra abestu genuen eskutatik helduta, batzuk iribarrea aurpegian, besteak korapiloa eztarrian, gehienak gauza biekin.

Asteburu eder, dibertigarri, melankoliko eta atsegina, urteurrena ospatzeko primerakoa. Eskerrik asko bertara etorri zineten guztiei, eta muxu bat etortzerik eduki ez zenutenei. Oso polita izan zen.
Beste 30 bete ditzagula!!