2008/05/28

Bazen behin Ernioko borda batean...

Gure oinarinekin aurreko asteburua Ernio mendian pasa genuen, bertako borda batetara joateko plana egin baitzuten. Hiruhileko honetako lehenengo abentura amaitu genuen horrela. Larunbat arratsetan menua pentsatzen (gosariko kruasanak detaile polita izan ziren, tropa!), ekintzak programatzen, garraioa antolatzen... aritu ostean, dena gutxi gorabehera lotuta zegoenean (gutxi gorabehera), goiz jaiki eta Erniora abiatu ginen.

Larunbat goizean trena hartu genuen Tolosara joateko, han autobusa Bidania-Bidegoian alboraino, eta bertatik oinez abiatu giren mendian gora bordara heldu arte. Batzuk alferragoak izan ziren eta partido edo txapelketen aitzakiarekin, eguerdi partean kotxez igo ziren haraino.
Hala, goiza borda txukundu eta garbitzen, bidoiekin iturritik ura garraiatzen (bordako ur depositoa bukatzekotan zegoen) eta jolasean eman genuen, kartetan, futbolean edo beste edozer gauzatan. Eguerdian falta zirenak iritsitakoan etxetik eramandako bazkaria banatu genuen denen artean, tripa-zorriek ordurako kriston serenata baitzuten! Ondoren digestioari ere tartea eman genion, lasaitasun ratutxo batekin.
Arratsalderako froga-jolas bat zuten antolatuta oinarinek; galderak, tabua, froga fisikoak, mimika... denetik egin genuen. Lasaia eta dibertigarria izan zen jolasa, egia esan. Eta ondoren, bi taldetan banatuta gauerako ekintza antolatzen aritu ziren haurrak, Beldurrezko Gaua egiteko joan baikinen Erniora!
Lumigasen argipean saltxitxak patata purearekin afaldu ondoren (argirik ere ez zegoen bordan, noski), gaubelari ekin genion; aurrena, han inguruan hildako pertsona batzuen arimekin gora eta behera aritu ginen, bakoitza bere hilobira eramateko. Eta ondoren, Ernion egon zen lapurreta bat argitu behar izan genuen, urte mordo bat lehenago ostutako zilarrezko erloju bat nork zuen jakiteko.
Oihuak, lasterketak, erorketaren bat (erorketa ikusgarriren bat), urduritasuna, barreak... denetik egon zen ilargipean eta behelaino artean. Gau polita izan zen!

Hurrengo goizean jantzi, bezperakoa garbitu eta nagiak kendu ostean, gailetak eta kruasanak eduki genituen gosaltzeko, Aratzen aspaldian egin ez zen gosari ederra! Gainera ordurako nahiko gosetuta geunden guztiok (gauza batzuen eta besteen artean, eguerdiko 12ak aldera gosaldu genuen!), eta primeran sartu zen gosaria.
Ondoren motxilak egiten, gauzak bere tokian jartzen, garbitzen etab. hasi ginen, beste batzuk bazkariaz arduratzen ziren bitartean.
Arratsaldean, dena garbitu eta txukun utzi ondoren etxerako bidea hartu genuen denok, asteburu ederra igaro izanaren sentsazioarekin, baina aldiberean etxera heldu eta dutxa bero bat hartzeko irrikitan (buelta espero baina pittin bat luzeagoa egin zitzaigun, Tolosan trena 5 minutugatik galdu baikenuen, baina hori beste istorio bat da...).



[Eskerrik asko Unsaintarrei bordara joateko aukera eskaintzeagatik!]