2008/04/09

Aste santua Santiagomendin.

Aste Santuan Santiagomendira joan ginen aratzkideok 4 egunetako irteeran. Astearte goizean autobusa hartu genuen Astigarragaraino, eta handik oinez igo ginen, euripean izan arren. Heldutakoan, etxea goitik behera aldatuta topatu genuen! Sukaldea, jangela, komunak, gelak... guztia desberdin zegoen! Baten bat galdu ere egin zen han barruan...

Eguraldiak ez zigun batere lagundu, euria, euria eta euria eduki baikenuen (nahiz eta koxkorrak ausartu ziren ibilalditxo bat egiten bigarren goizean, valientes!). Baina nahiz eta etxetik ia ez ginen irten, gauza piloa egin genituen! Aratzeko argazki zahar eta berriekin zenbait collage egin ziren, etxeko paretetan jartzeko; sukaldaritza tailerrak ere antolatu ziren, eta honek txokolatedun gaileta, "trufa" hotz (arraro xamarrak, Guggenheimerako moduko diseinuarekin atera ziren) eta torrija gozo-gozoak dastatzeko aukera eman zigun. Gero eta bizio handiagoak ditugu Aratzen postrearen orduan...
Mahai jolasak (batzuk trebeek eskuz egindakoak), gitarra sesioak, gaubeletan kantu eta dantzak, antzerkiak, masaje tailer laburren bat, froga jolasak... etxe barruan denetik egin daitekeela argi geratu zaigu Astigarragan igarotako egunetan.

Azken egunean Santiagomendi-Dakar lasterketan parte hartu genuen guztiok. Goizean, talde bakoitzak zenbait tailer edota proba-zirkuitu desberdinetan beren autoari jartzeko piezak lortu behar izan zituen. Gurpilak, direkzioa, kontsumoa, karrozeria, klimatizadorea... lortutakoaren arabera, arratseko lasterketan abantaila edo desabantailak eduki zituen. Lasterketa honetan gorabehera ugari eduki zituzten partehartzaileek, baina kotxe guztiek bukatu zuten osorik eta pilotuek onik, nahiz eta inor ez zer Dakarreraino heldu...

Amaitzeko, gauean beldurrezko gaubela egin genuen. Santiagomendiko etxea psikiatriko bilakatu zen ordun batzuetan, eta haurrek bertan zeuden pertsonaien artean nor ez zegoen erotuta bilatu behar izan zuten. Maitale bikoteko kideren bat ote zen? Bere burua zerraz mozten zuen neska? Sukaldean aulki bati lotuta zegoena? Eskuetako hatzak jaten zituena? Borrokan zebiltzan militar enmaskaratuak? Eskilaratako mutikoa? Aukera ugari eta arrisku handia brometan aritzeko... Hala ere, batzuek bizkorrak izan ziren eta azkenean antzeman zuten nor zen eroetxean egon behar ez zuena.


Azken egunean dena jaso eta garbitu ostean, bazkaldu, motxilak hartu eta aldapan behera abiatu ginen, Astigarragan autobusa hartu eta etxera itzultzeko.

Hurrengoa, kanpaldia!!