2007/03/26

Heldu Korrikari!

Larunbatean pasa zen Donostiatik Korrika 15, eta nola ez, Aratz taldekook hantxe izan ginen parte hartzen! Urtero bezala, ibilbidearen zati bateak geuk eraman behar genuen lekukoa. Parma hotel ingurutik (Paseo Berriaren hasieran) Donostiako Parte Zaharrera sartu behar genuen lekukoa. Han bildu ginen monitoreak, haurrak eta zenbait guraso, lekukoa noiz helduko zain. Atzerapen pittin batekin zetorren, eta nahiz eta Paseo Berrian haize hotz xamarrak jotzen zuen, handik mugitu gabe aritu ginen denok zain, parte hartzeko irrikitan. Gainera, bitartean lekukoa nork hartuko zuen erabaki genuen; aurtengoan bi koxkor eta oinarin batek eramango zuten, Peru, Ruben eta Maddi Telletxeak.
Azkenean ikusi genuen Korrikako autoa, lekukoa eta sekulako jendetza Kursaaleko zubia gurutzatzen, eta denok bidearen alde bietan kokatu ginen, korrika hasteko prest. Autoa ia alboan genuenean, Aratz taldeak lekukoa hartu zuela iragarri zuen megafonia bidez, eta eskutik helduta han abiatu ziren Peru, Ruben eta Maddi, atzetik sekulako jende piloa zutela korrika, geu tartean!

Aurtengoan ere eman dugu geure hondar alea Korrikaren alde, datorren urtean berriro! Heldu Korrikari!

2007/03/04

Korrika badator!!

2007ko Korrika segituan helduko da guregana! Honen berri emateko, asteburu honetan Korrika Kulturala deiturikoa ospatu da Euskal Herriko herri eta hirietan, eta geuk ere hartu dugu bertan parte. Izan ere, larunbat arratsaldean taldeko adar guztiak batera elkartu ginen, eta kalean jokoak antolatu genituen, Korrika Kulturalaren egitarauaren barnean. Hasiera batean Donostiako Zuloaga plazan egitekoak ziren jokoak, baino azkenean Boulevardean antolatu genituen, kioskoaren alboan. Txikienentzat margoketa tailer bat jarri genuen martxan, marrazki ederrak egin eta aurtengo Korrika eder-eder apaintzen lagun zezaten. Eta haur koxkorrago eta gazteentzat joko desberdinak antolatu genituen. Joko hauetako asko koloretako jausgailu edota parakaidas batekin egin genituen, eta oso deigarria zenez, handik zebiltzan haur eta gazteak segituan hurbildu zitzaizkigun hura zer zen ikusi eta parte hartzera. Amaieran, gainera, Konstituzio enparantzara abiatu ginen denok, bertan antolatuta zegoen dantzaldian eta txokolatadan parte hartzeko. Amaiera gozoa eman genion arratsalde dibertigarri bati! Adi ibili denak, beraz, aurtengo Korrika badator eta!

2007/02/20

Aurtengo ihauteriak

Igaro dira aurtengo ihauteriak, eta Aratz taldean ere ospatu ditugu, urtero bezala. Larunbatean taldeko adar guztiak Ategorrietako etxean elkartu ginen, eta aurreko asteetan prestatutako mozorroak jantzi genituen. Koxkorrak aurten komikietako pertsonaia desberdinak ziren; Oinarinak, barajako kartak, nahiz eta pentsatuko duzuen bezela ez ziren baraja osoa egiteko adina haur; Azkarrak marionetaz mozorrotu ziren, gorputz adarretan sokak lotuta zihoaztela; eta Trebeak igerilariz jantzi ziren, egiten zuen eguraldia ikusita mozorro aproposena (sekulako euri jasa bota zuen!). Adar bakoitzak antzerki txiki bat edota mozorroen aurkezpen moduko bat egin zuen gainerako guztiei eskainita, eta ondoren merendola bat ospatu genuen. Tripa beteta genuela, etxe barruan joko batzuk antolatu genituen, eguraldia ez baitzen kanpoan jolasean aritzeko modukoa. Toki handiegirik ez genuen, baino azkenean denok bata bestearen gainean botata amaitu genuen arren, primeran pasa genuen jolasean. Ea datorren urterako zein mozorro prestatzen ditugun...

2007/01/02

Gabonetako irteera

Urteroko moduan, abenduaren 26tik 29ra irteera bat egin dugu Aratz taldekook. Azken bi urteetan Izurtzan igaro ditugu gabonak, Durango ondoan, baino aurtengoan etxez aldatzea erabaki dugu eta Orendainera joan gara, Alegiatik gora. Etxea zahar xamarra da, baino badu bere xarma. Gainera, ingurua paregabea du, Txindoki ikusten baita aurrez-aurre. Hori bai, etxea nahiko hotza da, eta ez du berogailurik, baino eraman ditugu estufa elektriko pare bat eta konpondu gara haiekin.

Haur gutxi azaldu zaizkigu irteerara, urteroko kontua. Gabonetan asko kanpora doaz, familiarengana, beste batzuek planak egiten dituzte, eskiatzera doaz, alferkeria sartzen zaie... Hala ere, aurtengoan oso haur gutxi azaldu zaizkigu. Momenturen batean ia haurrak bezainbeste monitore geunden! Hala ere, haur gutxi etortzeak badu bere alde polita ere. Izan ere, giroa goxoagoa da, familiartekoagoa. Haurrek denbora gehiago ematen dute monitoreokin, eta normalean baino erlazio estuagoa sortzen da denon artean. Pena da haur gutxi azaltzearena, baino dena ez da txarra.

Lagun ezkutua, opari trukeak, tailerrak, pista-jokoak, mendira txangoa (Oinarinak Auza-Gaztelura joan ziren egunpasa, sekulako eguraldiarekin. Ze inbidia!), risoterapia, gitarra sesioak, abestiak, dantzak, antzerkiak... eta futbolin partida ugari, piloa (Orendaineko etxean bada futbolin zahar bat, barrak mugitzeko kriston indarra egin behar den arren arrakasta itzela duena). Talde-eguna ere ederra izan dugu, gorputz atalen ingurukoa. Laburbilduz, betiko moduan primeran pasa dugula denok, eta nahiz eta hotza izan, gehienok gustora geratuko ginatekeela egun pare bat gehiago bertan, gure arteko giroaz gozatzen.

Urte berri on eta hurren arte, Aratz!!

2006/12/25

Hator, hator mutil etxera...

Atzo arratsean, abenduak 24, taldeko zenbait monitore eta haur Donostiako Boulevardean elkartu ginen kaletik zehar zenbait gabon kanta abesteko asmotan. Trikitilari pare bat eta panderojolea ere bagenituen, eta hiriko zentrotik zehar aritu ginen giroa pittin bat alaitzen. Baserritarrez jantzita gabon kantak abestu genituen, kalejirak egin, arin-arin eta fandangoren bat ere dantzatu genuen (giroan sartuta emozionatu egin ginen eta)... Hasieran zenbait lotsatu xamar zeuden, baino laster pasatu zitzaien, eta erreparorik gabe aritu ginen denok abesten, dantzan eta jira-biran. Oso arratsalde alaia igaro genuen, eta bizitasun pittin bat eman genien hiriko kaleei. Datorren urtean gehiago!

2006/12/20

Aurten ere Gabonak Zuretzat

Urtero bezala Udaletxeak antolatzen duen programa honen egitarauaren zati izango gara. Gertu daukagun oporraldi honetan, arratsaldeetan egiteko beste ezer hobeagorik ez baduzue, Groseko Txofreko plazan egongo gara Abenduaren 22, 23, 24 eta 30ean 16,00tik 19,00etara.

Hainbat tailer eta ekintza prestatu ditugu arratsaldeak ahalik eta era dibertigarrienean igarotzeko. Berdin du zein adinekoak zareten, bertatik pasaz gero, ez ezazue bitan pentsatu. Helburua ondo pasatzea da!

2006/11/27

Gora gora igotzen...

Iragan den larunbatean, gure taldeko Oinarinek plan berezia egin zuten beren monitoreekin. Ohikoa den moduan arratsaldeko 4:30tan Boulevardeko erlojuan geratu ordez, 4:00tan Antiguoko elizan elkartu ziren. Behin denak azaldu zirenean, Pio Baroja polikiroldegira joan ziren, eta bertan eskalatu egingo zutela azaldu zieten monitoreek. Gainera, arnesak eta sokak aseguratzen laguntzeko, beraiekin Batix (azkarren monitorea) eta Iñigo (Idoia monitorearen anaia) joan ziren, eskalatzen aritzen baitira.
Polikiroldegian bertan eskalatzeko materiala utzi zieten behar zuten guztiei (katu-oinak, arnesak, mosketoiak...), eta oinarrizko azalpen batzuk entzun ondoren, igotzeko bide bertikalak aukeratu, eta han aritu ziren txandaka oinarinak eskalatzen. Monitoreek, inbidiaz ez geratzeko, zerbait eskalatu zuten, baita ere.
Azaldu ziren 8 oinarinek primerako arratsaldea pasa zuten polikiroldegiko rokodromoan, ia ia lehengo astean Patxi Usobiagak egindakoa errepikatuaz. Ziur aski oraindik nabarituko dituzte agujetak, baino errepikatzeko irrikaz geratu zirela ziur nago.

2006/11/22

Azkarrak "on air"

Iazko azkarren adarraren enpresa udan Norjam-era joatea izan zen, bertan ospatu zen Nazioarteko Eskaut Kanpaldira. Bertan mundu osoko eskatu-gia taldeetako jendearekin elkartu ziren, eta ekintza ugaritan hartu zuten parte: kirolak, jokoak, tailerrak... Enpresa honek, halako bidaiekin gertatu ohi den moduan, anekdota eta istorio ugari sortu zituen, azkarrek sekula ahaztuko ez dituztenak.
Lehengo ostiralean, iazko azkarrak Ttan Ttakun irratian aritu ziren zuzenean hizketan, anekdota eta istorio guzti hauek kontatzen. Eurekin Norjamera joandako monitoreak ere irratian izan ziren, beraiek ere gauza ugari baitzituzten kontatzeko. Ordu eta laurden inguruko irratsaio ederra egin zuten denen artean, eta beraiek ere oso ondo pasa zuten udako bidaia ederra berriro gogora ekarriaz. Beti oroituko duzue esperientzia eder hura, azkarrak!

2006/10/24

Eta orain, Interneten!!


Ongi etorriak Aratz Gia Taldearen blog berri honetara!
Sortu berria dugun tartetxo hau gure taldearen gorabeherak kontatzeko erabiliko dugu, interesa eduki dezakeenak irakur dezan. Edozein komentario utzi nahi izanez gero ematen dugu aukera baita ere, mezu bakoitzaren azpian azaltzen den loturan klik eginda.

Gustatuko zaizuela espero dugu, eta ongi etorriak izan zaitezte berriro ere.