2009/06/16

Azkarren egunpasa!

Pasa den igandean, azkarrek ibilalditxo polit bat egin zuten. Kurtsoari amaiera emateko elkarrekin plan politen bat egiteko gogoarekin zebiltzan, eta egunpasa bat egitea erabaki zute. Hasierako plana Pasaiako elkarte batean bazkaldu eta Jaizkibel zertxobait ezagutzea bazen ere, azken momentuan plan alternatiboa egin zuten, egoerak hala behartuta. Beraz, bakoitzak bere motxila eta bokadiloa hartu eta goizean Ategon elkartu ziren, egun polita pasatzeko asmotan.
Ategorrieta atzetik Sagues aldera jo eta Uliako aterpetxe ingurura igo ziren oinez. Handik, Herri Ametsa ikastolaruntz abiatu ziren. Bertan gainera kurtso amaierako festa ari ziren ospatzen, eta Aratzeko beste zenbait kide topatu zituzten bertan, momentu hartan dantzan ari ziren haurrak ikusten ari zirela. Ondoren, itsasaldeko bidea hartu eta La Platako itsasargiraino joan ziren, paisaia paregabea begien aurrean zutela.
Itsasargi inguruan dauden mahai batzuetan geldialditxoa egin zuten bazkaltzeko, etxetik eramandako bokadiloak. Baten batek eskertu zuen, bide guztia kexaka eman baitzuen, koxkorrak baino alferrago...
Bazkalostean Pasai San Pedrora jeitsi ziren, eta bertatik Ategorrietara itzuli ziren, Trintxerpe eta Bidebieta atzean utzita. Ategoko sofatan bota ondoren, proiektorea martxan jarri eta zine sesio ederra egin zuten eguna lasai-lasai amaitzeko. Adar osoa agertu ez zen arren, plan polita egin zuten ikasturtea amaitzeko!