2009/06/30

Amaitu da ikasturtea!

Udan bete-betean sartuta gaude dagoeneko, eta guk ere amaiera eman diogu kurtsoari! Jada amaitu ditugu larunbatetako bilerak, abenturak eta jolasak. Guzti honi agur esateko, duela aste pare bat merendola egin genuen Ategon adar guztiek elkarrekin, urteroko moduan. Han elkartu ginen haur, gazte eta monitoreak, eta eguraldi ona egiten zuela aprobetxatuta, kalean jolasean aritu ginen aurrena. Semaforoa, pañuelitoa, muxu-plakaje... gosea sortzeko primerako jolasak! Eta ondoren, haur eta gazteei gehien gustatzen zaiena: Ategoko atea ireki, eta mahai gainean sekulako janari, edari eta litxarkeria pila! Bat baino gehiagok ezingo zuen afaldu ere egin gau hartan...

Eta urtean zeharreko guztiari amaieratxoa eman eta kanpaldirako motoreak berotzen hasteko, lehengo ostiralean Irla Eguna ospatu genuen! Aratz eta Iruzun taldeetakoak goizean Donostiako kaian elkartu, txalupa hartu eta Santa Klarara abiatu ginen, egunpasa. Hasieran eguraldiak ez zuen itxura onik, baina azkenean sekulako eguna geratu zitzaigun! Egun osoa krema ematen pasa behar izan genuen, halakoa zen eguzkia...
Aurkezpen jolas batzuk egin ondoren, irlako beheko partera joan eta han ibili ginen igerian, jolasean, eguzkitan etzanda, karramarro bila... Eguerdi partean berriro goiko aldera joan, bazkaldu, eta arratsean berriro behera! Gabarroira joan igerian, siestatxoa bota, marearen igoerarekin jolastu... bazirudien urtetan ez genuela hondartza bat zapaldu, horren ondo pasa genuen!
Arratsean berriro txalupa hartu, kaira itzuli eta izozki eder bat jan genuen bakoitzak, eguna amaitzeko.

Orain hasi denak prestatzen, hurrengoa kanpaldia izango baita! Kontuz Leza de Río Leza, segituan han gara eta!