2007/12/07

Leitzaranetik zehar bizikletaz

Lehengo igandean oinarinak Leitzaran bailarara joan ginen bizikletak hartuta. Kurtso hasieran oinarinek beraiek proposatutako plana zen hau, orain arte prestatzen aritu garena. Ibilbidea, eraman beharrekoa, bizikletak puntuan jartzen ere aritu ginen... Hala, igandean Donostiako RENFEren geltokian elkartu ginen bizikleta eta guzti Andoainera abiatzeko, eguraldia lagun genuela.




Segituan ekin genion bideari, baina pittin bat desorientatu ginen, eta Leitzaran bailararen hasiera heltzeko atajo txiki bat inprobisatu behar izan genuen. Kontatzeko moduko zerbait eduki ahal izateko...
Hasierako asmoa Leitza herriraino heltzea zen, baina ez genuen lortu. 10 bat kilometro eginda genituenean, Maddi gizarajoari bizikletako katea hautsi zitzaion. Ez genuen hau konpondu ahal izateko erremintarik, eta handik bizikletaz igarotzen zirenei galdetzen genien arren, inork ez zeraman gainean halakorik. Kilometro t'erdi atzerago igaro genuen iturrira itzultzea erabaki genuen, bertan denok elkarrekin bazkaltzeko. Haraino Maddi bizikletan igota eta guk esku batekin bultzatzen eraman genuen. Hala edonor dabil bizikletaz, esfortzurik egin gabe!
Iturrian etxetik eramandako bokadiloak bazkaldu genituen, eta jolasean eta tertulian aritu ginen pixkatean. Amaitutakoan, Unai monitorea Maddirekin Andoainera itzuli zen (haraino bultzaka eraman zuen baita ere!), kafe bero bat hartu eta gainerakooi itxoiteko. Besteok berriro goruntz abiatu ginen bizikletaz.

Dena izugarri lokaztuta eta putzuz beteta zegoen, eta zenbait tunel izugarri ilunak zeuden, ez zen batere ikusten. Hala ere, izugarri gustura egin genuen bidea!
Orduak aurrera egiten zuela ikusita, 15. kilometro inguruan buelta ematea erabaki genuen. Zein erraz egin genuen beherako bidea! Ia Andoainen ginela beste gorabehera bat eduki genuen halere, Axeli atzeko gurpila zulatu baitzitzaion. Hala ere, segituan kamara aldatu, puztu eta aurrera jarraitu genuen. Han heldu ginen Maddi eta Unairengana, goitik behera lokaztuta eta poz-pozik. Bizikletak berriro ere trenean sartu, eta sekulako egunpasa ederraren ostean, etxerako itzulera egin genuen, neka-neka eginda.