2007/11/20

Guaranoak, Biurrundarrak eta Koxkorrak

Koxkorren adarreko kideok abentura ikaragarri batean gaude sartuak. Urriaren erdilaldea izango zen Pablo Biurrun izeneko gazte baten eskutitza jaso genuenean laguntza eske.

Pablo eta bere familia, orain dela hogei bat urte etorri ziren Uruguaitik Donostiara bizitzera. Pabloren herenaitona, Joxemari Biurrun, Uruguaira emigratutako euskaldun bat izan zen. Hango oihanetara (Tacuarembó-ko inguruetara) iritsi zenean, Guarano izeneko indigena batzuk ezagutu zituen. Haien ohituretaz maitemindu eta haien tribuko kide egin zen.

Gaur egun, Guaranoak Argentina, Uruguay, Paraguay eta Brasileko hiri eta herrietan bizi dira gehienbat. Jakin badakigu, Euskal Herrira herrialde horietatik jende asko etorri dela bizitzera eta noski, horietako zenbait Guaranoak dira, Pabloren familia bezala.

Pablok zoriontsu bizi izan ditu Donostian daramatzan urteak Guaranoen ohiturak alde batera utzi gabe. Txikitatik musika maite izan du eta arlo horren inguruan nahiko luke betirako bizi.

Baina hona hemen istorioaren korapiloa. Orain dela hilabete batzuk, Euskal Herrian bizi diren Guaranoek bilkura bat egin zuten, zeinetara Uruguaiko shaman jakintsu bat gonbidatu zuten. Honek Pabloren zaletasuna jakin zuenean, honakoa esan zion: “Musikaria izan nahi duzula? Baina, Pablo, ez al zenekien Guaranoek musika jotzea debekatuta genuela? Zorte txarra dakarkigu!”.

Pablok dilema horren aurrean, erabaki gogor bat hartu behar izan du: Guarano izateari utzi. Baina hori ez da lan makala, izan ere, Guaranoen aztikeri, konjuro eta erritoen arabera egin behar da hau. Horretarako eskatu digu laguntza koxkorrei.

Pablo betiko askatzeko prozedura honakoa da: Guaranoen banderaren hamabi koloreak lortu behar ditugu. Koloreak eskuratzeko, Pablok astebururo eskutitz baten bitartez esaten diguna egin behar dugu, eta noski, egiten dugun horrek Guaranoen ohiturak ezagutzeko balio digu.

Datorren Abenduaren 15an Pablok, Raul eta Julenekin batera osatzen duen musika taldeak (Biurrun and the Band) kontzertu bat dauka hitzartuta Leize Gorria tabernan. Hamabi koloreak ordurako lortzen ez baditugu, Pablok ez du kontzertu garrantzitsu horretan jotzerik izango.

Denboraz nahiko larri gabiltzanez koloreak era azkarrago batean lortzeko moduren bat behar genuen. Pablok bazekien Tolosan Shaman-agiria duen Guarano gazte bat bizi zela eta harengana bidali gaitu pasa den asteburuan aholku bila.

Guarano honek Gotzon du izena eta segituan jarri gintuen lanean, bere konjuroarentzat behar zituen osagaiak Tolosan zehar bilatzera bidaliz (Gorrotxategiko Konfiteri Museoa ere ikusi behar izan genuen. Han azaldu ziguten nola egiten zen txokolatea; Guaranoentzat botere berezia duen jakia).

Horren ostean, Gotzonen inguruan eseri ginen begiak itxita. Gotzonek arnasa hartu zuen eta bere konjuroari ekin zion konzentrazio osoz. Bere ahotik Tolosan bizi den emakume baten izena atera zen; Iñaxita. Baita honen helbidea ere, eta garrantzitsuena, bere bigarren abizena; Biurrun.

Iñaxitarenean agertu ginenean, honek guztiz harrituta ireki zigun atea. Baina Uruguaira joandako arbasoren bat ote zuen galdetu genioenean aurpegia aldatu zitzaion eta, hara non ezustekoa; Joxemari Biurrun, hau da, Pabloren herenaitona, Iñaxitaren amaren osaba zen.
Hori gutxi balitz, Joxemarik Uruguaitik bidalitako eskutitz bat zuen gordeta. Eskutitz horretan bere familiari agur egiten zion betirako, hortik aurrera Guarano artean bizi behar baitzuelako. Eskutitzaren amaieran, bere azkenengo borondatea eskatzen zuen ohar txiki batean zegoen: “Gorde ezazue arren, eskutitzarekin batera bidali dizuedan kutxa hori. Belaunalditik-belaunaldira gorde ezkero, honen barruan dagoenaren bila norbait agertuko da etorkizunean. Halaxe dio nire tribuko txamanak egindako profeziak”.

Iñaxitak altxor bat bezala gordeta zuen kutxa atera zigun eta bertan lau kolore zeuden. Ezin genuen sinetsi; Aratzeko Koxkorrak orain dela mende bat egindako profezia baten protagonistak! Guri esker, Iñaxita eta Pablo ezagutu ahal izango dira eta euren familia bere osotasunean ezagutzeko aukera daukate hemendik aurrera.



Zazpi kolore ditugu jada. Gai izango ote al gara, Abenduaren 15a baino lehen hamabi koloreak lortzeko?