Oraingo hiruhilabete honetan adar bakoitzak dinamikekin, abenturekin eta enpresarekin jarraitzen dugu. Jakin nahi duzue zer egiten dugun adar bakoitzean?
Koxkorretan Nafarroako Muzki etxean egingo dugun gaubela bat prestatzen ari gara, inoiz ikusi duzuenaren baino beldurgarriagoa. Bertan zombie-ak, exorzistak, frankstein, heriotza eta bestelako pertsonai beldurgarriak azalduko dira gau horretan.
Horretarako, larunbatero biltzen gara eta dena prestatzen dugu, pertsonaiak, mozorroak, istorioa etab. Adibidez, astebukaera honetan Kristina Enea parkera joan gara beisbolean jolastera eta irabazten genituen puntuen bidez, istorioaren zatiak lortzen genituen. Azkenean, oso ondo pasa eta gero, gure gau beldurgarriaren istorioa asmatu genuen.
Ikusiko duzue zein beldurgarria izango den!
Oinarinek gure irteera prestatzen ari gara eta era berean aktibitate dibertigarriak egiten ditugu. Pasa den larunbatean portuan egon ginen objektu-trukean. Hots, monitoreek egindako talde bakoitzari objektu batzuk eman zizkieten eta guk, horiek trukatuz, gauza hobeagoak lortu behar izan genituen.
Alegian egin genuen egun pasan egon ginen Oinarinak
Azkarrek gure enpresarekin jarraitzen dugu. Esan genuen bezala Aratzeko jertseak egin ditugu eta azkenean, saltzeko prest daude. Beraz, gogoratu ezazue larunbat honetan (martxoak 17) Aratz osoa Ategon geldituko garela jokoak egiteko, sorpresa txiki bat emateko eta, denok gaudela aprobetxatuz, jertseak saltzeko. Ordua, beti bezala, arratsaldeko 16:30ak.
Hauexek dira egin ditugun jertse politak, bi koloreetan, gorria eta urdiana. Espero dugu zuen gustokoa izatea. Hauen prezioa 25€-koa izango da, baina bat baino gehiago hartuz gero, BAKOITZAK 20€ BALIOKO DU BAKARRIK! Hori bai dela eskaintza.
Espero dugu, beraz, denok Ategon agertzea eta batera momentu zoragarriak pasatzea.
Espero dugu oso ondo pasa izana eguberriak, guk ere oso ondo
pasa izan ditugu eta.
Aurreko 26tik 29ra Gabonetako irteeran Belabaratzen
(Orereta) egon ginen. Ohiko moduan,
Aratz osoa elkartu ginen hara joateko. Donostian trena hartu ondoren, Oreretatik
oinez abiatu ginen aldapan gora Belararatzera.
Behin han
ginela, lasai-lasai bazkaldu genuen. Irteera osoan zehar aktibitate asko egin
genituen: Sukaldaritza tailerra (txokolatea eta erroskilak), zirkoaren mundua
ezagutu genuen, zine saioa, ibilalditxo bat San Markosera…
Talde egunean,
Mari Domingi eta Olentzero bisitan etorri ziren Asolot izeneko herrira. Hango
biztanleak zaharrak ziren eta gabonetako espiritua gaduta zuten. Olentzerok eta
Mari Domingik laguntza eskatu ziguten Asoloten gabonak berpizteko.
Etxe asko
zeudenez, taldeka banatu ginen etxez etxe joateko. Ohitura den bezala, ateak
irekitzeko gabonetako-kantak abestu genituen. Behin barruan ginela, etxeko
jabeak zeregin bat egiteko eskatzen zigun, horren truke puntu batzuk ematen
zizkigun subasta batean parte hartzeko.
Bazkaldu
aurretik subastan, afarirako osagai goxuak lortu genituen, txaka, patea,
urdaiazpikoa, atuna, artoa, gulak… hori bai ezustea gurea!!!! Mmmm ze ona
zegoen dena!
Arratsaldean,
Oreretako ikastolako zelaira joan ginen gabonetako pinuak apaintzera, baina ez
pentsa zuhaitz arruntak zirenik, mugitu egiten ziren eta gu beraien atzetik
korrika joan behar ginen. Bukatzeko etxera bueltatu ginen eta bertan, bi pinu
ezkutatuta zeudela esan zigun Olentzerok. Bilatu eta azkeneko apaingarria
itsatsi genien. Apaingarri gehien jarri zituen taldeak, opari handienak lortu
zituen, baina lasai, denek genuen bat bakoitzarentzat. Irekitzeko orduan,
papera puskatu eta, a ze nolako sorpresa, ez zegoen ezer!!! INUZENTEEEE
INUZENTEEEE!!!
Gaubela berezi
bat izan zen niretzat, nire lehenengo “kotioia”!!! Musika, dantzak, atzerkiak,
janaria eta edaria ez ziren falta.
Dudarik gabe
ireteera ezin hobea izan zen denontzat!
Urriaren 14ean Urnietara irteera egin genuen, kurtso berriari hasiera emateko, haur eta monitore berriei ongietorria emateko eta elkar ezagutzeko.
Aurreko urteko bost trebeetatik, lau, monitore taldera pasa dira gogo askorekin. Hauekin eta joan diren monitoreekin, aurten 17 gara.
Irteera guztietan bezala, Talde Eguna egin genuen baina, egun gutxiago zirela eta, bakarrik larunbateko arratsaldea eta gaubela iraun zuen.
Gaur egun Zentral Nuklearrekin dagoen gatazka dela eta, Urnietako etxea zentral nuklear batean bihurtu genuen, umeei arazoari buruz kontzientziatzeko.
Taldeetan banatu genituen Turistak zirela esanez, batzuk "Enpresarioak" ziren, bete batzuk "Jubilatuak", "Txinatarrak" ere han zeuden eta nola ez "Ikasleak".
Bat-batean zentral nuklearrean lan egiten zuen neska panpox bat azaldu zen eta instalazioak erakutsi ondoren, bideo informatibo bat jarri zien.
Bideoa bukatzen ari zenean sirena bat entzun zuten, orduan langileak maskarilak banatu eta beraien zeregina azaldu zieten:
"Ezbehar bat gertatu da. Hau konpontzeko zuen laguntza behar dugu. Bi ordu dituzue sektore guztietatik pasatzeko eta barruan dauden frogak gainditu ondoren atea isteko. Laguntzaile bat duzue talde bakoitzerako, zentralaren mapa duena"
Denen lasaitasunerako, talde guztiak kutsatu gabe atera ziren.
Gaiarekin jarraitzeko, gaubelan, bai umeak eta bai guk antzerkiak egin genituen. Denak desberdinak izan ziren arren, guztiekin ondo pasa genuen.
Hilabete bat pasa da Irteera hau egin genuenetik. Aurreko larunbatean bezala, honetan ere ikusiko gara elkar ondo pasatzeko. Oraingoz dena primeran doa, aurreikuspen asko ditugu aurtengo urterako eta espero dugu haurrak orain arte bezain gustora etortzen jarraitzea.
2011ko aste santuan Beizamara joan eta bertan denboran atzerako bidaia egin genuen. 60 bat urte atzera egin eta 1950ko hamarkadan kokatu ginen, Estatu Batuetan hain zuzen ere. Tupeak, larruzko txupak, gona arroxak, kotxe azkarrak eta Rock'n Rolla!! Go Grix Lighting, Go!!
Atzo Korrika 17-ren amaiera ospatu genuen Donostian, eta beti egin ohi dugun moduan, Aratz taldeko kideok lekukoa eraman genuen eskuetan! Jai-alaitik Ategorrieta ingururaino joan ginen lekukoarekin, eta bertan hamaiketakoa antolatu genuen haur, guraso, lagun eta bixitari guztientzat (izerditutakoa errekuperatzeko asmotan). Bertan giro politean ospatu genuen aurtengo edizioa eta ondoren batzuek berriro heldu genion Korrikari zentro aldean, amaieraraino joan ginelarik euskararen alde!
Baina, baina... zer da hau?? Zeharo utzita daukagu bloga! Zer gertatzen da, Aratz taldeak ez duela ezer egin uztailako kanpalditik ala? Gezurra dirudi! Ba bai, aspaldi hasi genuen kurtsoa, eta honez gero hainbat irteera, ekintza, bilera eta jolas egin ditugu! Fundamenturik ez duena bloga da, ez taldea! Dagoeneko ia Aste Santuko irteera heldu zaigu eta!
Aurtengo ikasturtea Altzon hasi genuen, oso irteera dibertigarriarekin! Bertan adar berriak martxan jarri genituen, bakoitzaren funtzionamendua azaldu eta errepasatu genuen, begirale bakoitza zein adarretan egongo zen esan, jolastu, gitarra jo, gaubelak egin, abestu, mozorrotu, ilea moztu, margotu, adarra jo... irteera bat, azken batean! Azken egunean gainera nolabait "informatizatu" egin ginen eta Interneteko orrietan zehar frogak egiten aritu ginen, Troiar birus baten trabak eta Panda baten laguntza gorabehera. Gabonetan ere egin genuen irteeratxoa, betiko moduan. Allora joan ginen, Nafarroan, eta hango tenperatura frexkoa kontutan hartuta, oso ondo pasa genuen! Sukaldean aritu ginen, ingurua ezagutzeko txangoa egin genuen, Olentzeroren bixita eta guzti izan genuen! Beti gertatu ohi den moduan ez ginen nahi bezainbeste jende elkartu irteerarako, askok gabonetan bestelako planak egiten baitituzte, baina giro goxo eta ederrean pasa genituen egun haiek (Inuxente Komandoaren erasoak tarteko).
Eta guzti honen artean, larunbateroko dinamikak! Bilerak, jolasak, abentura, enpresa, Santo Tomas eguneko postua, tailerrak, asteburuko irteeratxoren bat, urteroko ihauterietako izotz-patinaje saioa, mozorroak... denetik! Oinarinak laburmetraia batean ari dira lanean buru-belarri, martxa honetan Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabaziko dute! Hortxe dabiltza astebururo grabaketan, gidoia lantzen eta abar. Eta azkarrek aurten ere lanean dihardute euren proiektua aurrera atera ahal izateko, bidaiatxo bat Andaluzia aldera uda partean. Animo denoi eta segi lanean, oraindik badaukagu eta denbora aurretik guztia egin ahal izateko!
Hori bai, hemendik aurrerakoa ea era jarraiagoan kontatzen dugun blog honetan, bestela ustelduko zaigu eta...
Hartuko degu autobusa Burgos aldera joateko berriro ere, badirudi azken urteotan hango paisaiak gustoko dituztela begiraleek. Zelai horiak, berdeak, eguzkia, beroa, lehorra eta hautsa, eskerrak erreka gertu izaten dela, bertan pixa egin bitartean manley markak gorputzetik kentzeko. Aurtengoan behintzat pinudiak itzal ugari ematen digu, bestela goizetan kanpin-denda negutegi bihurtu eta izerdi patsetan jaikitzen baikara lurrean eserita gosaltzera. Hosto eta makiltxoekin apaindutako kola-kao beroa, kartoizko gaileta apurrekin. Dieta mediterraniarra. Deskargatuko degu materialaren furgoneta giza-katea osatuta, hala txikienak pisua hartzeaz eskakeatu eta zaharrenek bizkarra hausteko, baulak, tablak, burniak eta butano bonbonak alde batetik bestera eramaten. Eta guztia sekulako gosearekin, inoiz ez gera heltzen eguerdia baina lehenago. Txokoa bilatu, begiraleek ezezkoa esan, beste bat aukeratu, berriro ere ezezkoa jaso, eta azkenean beraien gomendioz, guk hasieran aukeratutakora itzuli. Kanpin-dendak jarriko ditugu, nun daude klabijak? Baten batek mailua ekar dezala! Beti bezela, denda zahar eta apurtuenak guretzako, beste adarren bati berrietako bat lapurtu beharko diegu. Total, ziur hautsi egingo dutela... Egiten duen beroarekin eta dena gutxi gorabehera prest edukita, ez daukat batere gogorik zanja egiten hasteko, euria hasten denean esango diot beste norbaiti presaka egiteko. Orain fregadero eta letrinak egiten hasi behar degula? Mesedez, lan haundiena guk egin degu eta! Begiraleak gu izorratzera besterik ez datoz.
Hari eta abalorioekin, kolore eta korapilozko aberrazioak egiteko tailerrak; batzuek sekulako detaile landuak eta beste batzuek 2 minutu eta 37 segundutan gogorik gabe egindako mokordoak jasoko dituzten “lagun ezkutuak”; manley, kartulina eta zabor poltsekin inprobisatutako mozorro paregabeak, material berarekin zenbat gauza desberdin egin daitezkeen erakusten omen digutenak (krisiaren eragina ote?); gitarra sesio amaigabeak, 3 aislantetan 8 pertsona etzanda eta 8 kg. pisatzen dituzten kantzioneroak aurrean ditugula; belarretan etzanda egindako siesta “naturalak”, 53 segunduro esnatzen inurri eta euliak uxatzeko.
Janari bila. Ea zer ematen diguten gaur intendenteek bazkaltzeko. Zerri hauek etengabe daude ahoa beteta mastikatzen, sukalde dezentea dute bazkaria prestatzeko, eta gu dieta behartuan gaituzte halako razio xurrak emanda. Gizendu behintzat ez degu gizenduko. Kaka zaharra, plater edo potorik ez det hartu janaria txokoraino eramateko. Buelta. Ea gure kanping-gas marabillosoa ondo dabilen, gosetuta gaude eta. Makarroi-masa gazi eta egosiegia tomate hotzarekin, txorizo apur bat eta Burgoseko zelaietako belar finak. Zorte pixkatekin, zomorroren bat ere sartuko da platerean, ea zaporea ematen dion. Gero edozer gauza ukituz gero, itsasita geratuko zait. Eta postrerako, esku zikinekin hartutako melokotoia almibarrean. Primeran. Ze alferkeria ematen didan orain fregaderoraino joan (gure txokoa toki diskretoan dago, bai, baina kriston paseoak eman behar ditugu edonora joateko! Pixkat gehiago eta Azerbaijan-en jartzen degu kanping-denda!) eta estropajo koipetsu zatar horiekin hau dena garbitzen hasteak. Fregaderoak dagoeneko duen usainarekin gainera. Kartetan partida bat antolatu behar det, tranpak egin eta beste batek fregatu dezan...
Ruta. Mila kilo pisatzen dituen motxila, eguzkitan erdi irekita doan txorizoak dena zikindu bitartean. Kantinplora erdi hutsik eta ura epela, lehen eguneko galtzerdiak fondoan dena kirasten, zakua gaizki lotuta alde batera eroriko dela. Bideko hautsa nere izerdiarekin nahastu da, izugarrizko moreno ederra sortuaz. Painoleta buruan eta oinetako babak alderik alde haritxo bat dutela. Amonaren erremedioak. Edozein herri txiki eta aspergarriko frontoian lo-zakua jartzen ari gerala monitoreren batek kanpaldiko hoberena ruta dela errepikatzen badit, gauean hortzetako pasta botako diot. Izorratu dadila.
Sukaldaritza eguna, eskatutako guztia ekartzen badigute sekulako otordua egingo degu, begirale pailazo hauek ez al dakite ezer egiten mozorrotu gabe? Ez dakit zein zentzu duen; parkout-a, haitiko lurrikara ez da ezer potingeak nere tripan eragiten duenarekin, flexioak, fregaderoko usain nazkagarria, 3 egunetak kendu ezingo dudana; zergaitik betiko abesti folklorikoak gaubelatan? Baden-Powellek ere Mikel Laboa abesten zuela esango nuke, eta norbaitek debekatu dezala koxkorrek gauero antzerkia egitearen ohitura, baina aldi berean neri ere ez diezadatela eskatu ezer egiteko; hartu papera, tapatu sudurra eta eutsi tripari, letrinara goaz eta, kilo t’erdiko moskardoien paradisura; beisbol partida masifikatu hauetan esango nuke soilik begiraleek pasatzen dutela ondo, batea hartzen dudanerako 2 ordu pasa dira eta.
Beti talderik okerrena jartzen didate talde egunean! Negartia, despistatua, patosoa, hiperaktiboa, astapotroa, sosa, erdi gaixorik dagoena eta ni. La tropa Goofy. Kartulina, pinotxo papera eta zabor poltsekin mozorrotu (primeran, eguzkitan ondo izerditzeko!), eta betiko plana: goizean froga jolasa, arratsaldean kirola (eta monitoreak tartean sartuko dira tranpa eginez irabazteko), gaubelan inolako zentzurik ez duen “antzerkia” begiraleen eskutik. Eta gainera aurpegi ona jarri behar, sangria nahi badegu. Eskerrak gauean hurrengo adarrera pasako naizela.
Eta amaitu zaigu aurtengo kanpa. Izerdia, zikinkeria, erdipurdiko janaria, betiko jolas eta tailerrak, ruta nekagarria, kanpin-dendako kiratsa, betiko txiste txarrak, gitarra desafinatuak, begiraleen bonbero ideiak, mozorro ezin kutreagoak, zomorroak, pikadurak, alergiak. Baina hala ere ez dakit zer daukan, ez nukeela hau dena ezergatik aldatuko. Datorren urtekoaren irrikaz nago!
Dagoeneko bete-betean gaude udan sartuta, eta larunbatetako bilerak amaitu zaizkigu! Urteroko moduan, honi amaiera emateko Irla Eguna ospatu genuen; adar guztiek batera Donostiako kaian txalupa hartu eta Santa Klara irlara abiatu ginen, eguraldi paregabea lagun genuela! Hemen dituzue egun hartako irudiak:
Ea aste honetan, kanpaldira goaz! Aurtengoan Palazuelos de Cuesta-Urrian izango gera!
Aspaldiko kontu batekin gatoz oraingo honetan, artean 2009 urtea baitzen. Abendu amaiera genuen eta betiko moduan gabonetan elkarrekin egun batzuk igarotzekotan Elosura abiatu ginen, Bergaratik gora. Hara gindoazen lehen aldia zen. Eguraldia hotz zegoen, eta herrira iritsitakoan plaza bazterretan elur mordoxkak geratzen zirela egiaztatu ahal izan genuen. Autobusetik jaitsi, motxilak atera eta plazako frontoi estalian babestu ginen etxeko giltza zutenen zain. Hala ere, gutxi iraun zuen egoerak, segituan hasi baikinen elkarri elur bolaka, ordurarte lehor zegoen frontoia blai eginda utzi arte. Eskerrak motxila eta trasteak izkina batean babestu genituela… Gure bataila-grina apur bat baretutakoan, aurkezpen jolasei ekin genien, baziren eta gure artean berriak zirenak. Hala ere, segituan heldu ziren autoan erosketak, materiala eta etxeko giltza zekartenak, eta berehala abiatu ginen barrura, gela, txoko eta sekretu guztiak ezagutzeko gogo biziz.
Behin gelatan banatu eta traste guztiei txokoren bat bilatu ostean, denok elkarrekin mahaiaren inguruan eseri eta gustura bazkaldu genuen. Baina arratsean hasi zen dibertigarriena… Izan ere, adar bakoitzak arratseko bere ekintza hasi eta berehala, arazo txiki bat piztu zen etxeko instalazio elektrikoarekin. Baina denok etxetik irten eta apurtxo bat itxaron ondoren, gorriz jantzitako gizon xinpatiko batzuk etorri ziren laguntzera, argiz betetako kamioi handi batzuetan, eta instalazio elektrikoak ez zuen arazo handiagorik eman. Ez dakigu oso ondo zer gertatu zen, baina aldi berean ezer ez zela gertatu esan dezakegu. Hala ere, etxeko traste guztiak atera, B plana zehaztu, eta berriz ere autobusera igo ginen, gauaz Goizuetaruntz. Herrira heldu, motxilak jantzi eta linternekin ordu erditxo bat mendian gora joan ostean, gure etxea izango zenera sartu eta berriz ere gelak banatzeari ekin genion. Bidetik xirimiriak zertxobait busti gintuen, baina arropa lehorra jantzi eta mahaian eserita afari beroa jatea plazerra izan zen guztiontzat.
Hurrengo egunean zerua oskarbi zela esnatu ginen, eta eguna aprobetxatzeko gogo biziz jaiki ginen guztiok. Batzuk etxean bertan geratu ziren euren ekintza eta jolasak egiten, eta beste batzuek inguruak ezagutu eta mendi-txango labur bat egiteko aprobetxatu zuten. Arano aldera jo zuten koxkorrek, sekulako bista ederrekin gozatuaz.
Arratsaldean denok etxe inguruan geratu ginen, begirale batzuei eragin zien birus misteriotsu bat zela medio (!) zenbait adarrek elkarrekin egin behar izan baitzituzten programaturiko ekintzak. Eguna amaitzeko, afalostean ohiko gaubela ospatu genuen, gure artean berriak zirenek abestiak ikasten hasi zitezen.
Eta hurrengo eguna, Talde Eguna izan zen! Musikaren inguruan girotutakoa, musika estilo desberdinak ezagutu genituen goizean. Eta arratsaldean… talde bakoitzak bere bideoklipa grabatu zuen! Eskenatokiak prestatu, koreografiak sortu, janzkera zaindu… guztia kontu handiz prestatu ostean, kamerak, argiak eta akzioa! Goizuetako etxea grabaketa estudio inprobisatua bilakatu zen ordu batzuetan zehar, emaitza bikainekin (orokorrean). Hala, gauean bideoklip lehiaketaren gala ospatu genuen. Musika eta bideo teknikariak aparailu guztiak behar bezala zebiltzala egiaztatu ostean, aurkezleek ongietorria eman zioten ekitaldiari eta epaimahaiak tokia hartu ondoren bideoklipen proiekzioa hasi zen.
Tartean lunch txiki bat egiteko astia ere eman zuen, zerbitzari panpoxen eskutik zerbitzatua. Amaitzeko, epaimahaiak bere epaia plazaratu zuen eta talde irabazlea zoriondu zuen, eta honen ostean omenaldi bideoklip bat proiektatu zen, talde beteranoenak egindakoa gainontzekoen gozamenerako.
Irteera ederra izan zen 2009ko azkena, ea 2010eko lehenarekin ere harekin bezainbeste gozatzen dugun (baina gorrizko gizon xinpatikoen presentziaren beharrik gabe!).
Duela hilabete gutxi gorabehera, ikasturtea hasi genuen Aratzen! Betiko moduan, Urriko zubia aprobetxatuta 4 egunetako irteera egin genuen, adar berrietan haur eta begiraleak kokatu eta martxa hartzeko. Aurtengoan Belabaratz aterpera joan ginen, Oreretan.
Ostiral arratsaldean motxilak eta zakuak hartu, trenera igo eta haruntz abiatu ginen. Haurren ezinegon handiena (urteroko moduan) begirale bakoitza zein adarretan jakitea zen, noski! Hala, iritsitakoan hau azaldu eta haur berriei ongietorria egin genien, aurtengoan dezente etorri baitzaizkigu. Nahiz eta eguraldi kaxkar xamarra egin, hurrengo eguna nahiko probetxugarria izan zen adar guztientzat. Koxkorrak San Markoseko gotorlekura joan ziren oinez ingurua ezagutzekotan, eta zortea eduki zuten, ez baitzituen zaparradak harrapatu. Arratsaldean tailer bat egin zuten etxeko goxotasunean, atrapasueños eder batzuk. Gainerako adarrek ere aprobetxatu zuten kirola egiteko, mahai jokoetan aritzeko eta batez ere sukaldean lan egiteko, trebeek bizkotxo eder bat egin baitziguten, eta azkarrek... tortila leihaketa! Hiru taldetan banatu eta bakoitzak bere tortilak aurkeztu zituzten: chatka-rekin, gazta eta urdaiazpikoarekin, piper eta tipularekin, gaztarekin... ia denak oso goxoak zeuden gainera! (Baten bat ikatz zaporearekin atera zen, baina bueno).
Eta talde egunean, Mamu Harraparien koartel nagusia bilakatu zen Belabaratz! Haurrek eliteko talde honen parte izan nahi zutenez, Harrapari beteranoek hauek trebatzeko ardura hartu zuten: proba fisikoak, abilezia probak, punteria probak, estilo probak... denetik egin behar izan zuten, handik zebiltzan mamu pare baten umorea agoantatu beharraz gain. Eta gauean, munduko hainbat herrialdetan mamuak harrapatzeko dituzten teknikak ikasi zituzten gainera. Oso ikasketa betea izan zen, egia esan.
Amaitzeko, igandean etxea jaso eta garbitu, bazkaldu eta denok Oreretara jaitsi ginen oinez, han trena hartu eta gure etxeetara itzultzeko.
Kaixo guztioi! Ikasturtea hasteko puntuan gara eta badirudi uda osoan ezer ez dugula egin, hemen ez baitugu ezer idatzi, baina ez da hala! Urtero bezala, Uztailaren bigarren hamabostaldian kanpaldia egin genuen. Baina oporrak direla eta, memoria arazoak direla eta, orain arte ez dugu hemen ezer idatzi. Hor doa ba!
Urtero egiten dugun moduan, Uztailaren 15ean Anoetako Xanti taberna aurrean elkartu ginen Aratzeko kide guztiok, motxilak, zakuak, gitarrak, aislanteak eta traste guztiak gurekin genituela. Gurasoei agur esan, guztia maleteroan sartu eta denok autobusera sartu ginen, kanpaldira iristeko irrikitan. Bidean geldialdi txiki bat egin ondoren, eguerdi partean heldu ginen Leza de Río Leza herrira, aurtengo gure kanpalekua izango zena. Eta hemen aurreneko sorpresa, kanpaldira sartzeko erreka gurutzatu behar baitzen! Han pasa ginen denok motxila bizkarrean, oinetakoak eskuetan eta oinak frexko-frexko. Eta behin kanpaldi bertara iritsita, bigarren sorpresa; terrenoaren jabeak makina pasa zuen lurrari buelta emateko, eta belardi ederra beharrean harriz betetako lursaila genuen akanpatzeko! Hala ere, dendak jarri beharreko zonaldeak nolabait despejatu genituen, eta hirugarren gauerako denok kariñoa genion gerrialdean, saihetsetan edo bizkarrean gauero enkajatzen zitzaigun harri puskari...
Bazkaldu ondoren, adar bakoitzak bere txokoa aukeratu eta kanpaldia montatzen hasi ginen: pabeloiak, dendak, zaborrontziak, tendereteak, letrinak, fregaderoak... Lan honek hurrengo eguneko arratsaldera arte hartu zigun. Eta hemendik aurrera, jolasak, ekintzak, kirolak eta tailerrak!
Koxkorrek egunero gai baten inguruan egiten zituzten ekintzak; egun batean denak hippie-ak izan ziren, beste egun batean turistak, eta hala egunero. Mozorrotzeko irudimen eta abilezia paregabea erakutsi ziguten, egia esan!
Oinarinen adarrak Mundu Amaierako Konkistatzailea egin zuen kanpaldian zehar. Egunero nominatuak eta inmunitatea zituzten, "talde aberatsa" eta "talde txiroa" zeuden, Julian Jantzi eta guzti azaltzen zen goizero egunean egin beharrekoa aurkeztera! Euren artean pike batzuk sortu ziren arren, sekulako konpetitibitate sanoa mantendu zute oinarinek kanpaldi osoan zehar...
Azkarretan, azkarrek eurek programatu zituzten kanpaldian egin beharreko ekintzak, eta honen ondorioz kanpaldi lasaia eduki zuten; papiroflexia, globoflexia, igeltsoarekin maskarak... gehiegi mugitu beharreko ekintzarik ez, laburbilduz! Hala ere egun batean koxkorrentzan prestatu eta dinamizatu zuten ekintza bat, primeran atera zena.
Eta trebeak batez ere beste adarretako monitoreei laguntzen aritu ziren zenbait ekintzetan, beraien tailer batzuk egiteaz gain. Beraien txokoan tenis sare batekin montatu zituzten hamakak primerakoak ziren siesta botatzeko!
Aipatu beharra dago aurten berrikuntza bat eduki genuela kanpaldian, kriston arrakasta izan zuena; ping-pong mahaia! Ez zegoen libre egun osoan momentu bat ere, beti jendez inguratuta gainera. Txapelketa bat ere antolatu zen, nahiz eta finala ezin izan zen ospatu...
Rutari dagokionez, adar bakoitzak berea egin zuen, nahiz eta inguruko orografiaren eraginez denak nahiko antzerakoak izan ziren. Ingurua paregabea zen, eta Kameroseko bixta izugarrietaz gozatu ahal izan genuen denok gure rutetan. Gainera, zenbait herritan adar desberdinak elkartu egin ziren bazkaltzeko edota lo egiteko, hain ziren antzerakoak rutak. Esan beharra dago gertaera bitxiren bat ere gertatu zela rutaren batetan, azkarrak egun batean zertxobait "desorientatu" baitziren baso batean barna, baina ez zer ezer apartekorik gertatu. Gainerakoen adarjotzea agoantatu behar izan zuten kanpaldi bukaera arte (arrazoiarekin), baina ezer gehiagorik ez. Oinarinek, aldiz, errekatik egin zuten lehen eguneko etapa; ura gerriraino, motxilak ez bustitzeko asmakizunak egiten, harrizko paretak igotzen, arrokaz arroka saltoka... sekulako abentura izan zen! Lehertuta heldu ziren Soto en Cameros-era, baina oso esperientzia polita izan zen.
Honetaz gain, urteroko egun bereziak egin genituen aurten ere: Sukaldaritza eguna, non haurrek "jatetxe" modukoak montatu, menua erabaki, sukaldatu eta begiraleoi zerbitzatzen diguten (menu ederrak eduki ditugu aurten, egia esan!); Adarren eguna, non begiraleok nahastu eta gurea ez den beste adar batekin igarotzen dugun eguna, denon arteko erlazioa indartzeko; Raid eta Superbibentzia eguna, non haurrek euren kasa moldatzen ikasi behar duten kanpalditik at; Parkouta, aurkezpenik behar ez duen ekintza atsegin, garbi eta nutritiboa; eta azkenik, Talde Eguna.
Aurtengo kanpaldiko Talde Egunak Euskal Herriari bira zuen gai, baina festaz festa! Haur guztiak 4 taldetan banatu, eta bakoitzak hiriburu bateko festetako mozorroa egin behar izan zuen; Zeledon, San Ferminak, Tanborrada eta MariJaia. Ondoren, postu desberdinetan Euskal Herriko zenbait herri eta txokoetako festetan ohitura diren ekintzak egin behar izan zituzten, bertako harmarriak lortzeko; kukaña, "mahatsa" zapaltzea, Abordaia etab. Lekeitioko festetarako antzarrik lortu ez genuenez, untxi batekin inprobisatu behar izan genuen hau... Hala ere, kontuz ibili behar izan ziren, handik baitzebilen Goardia Zibila festetan parte hartzea ekiditeko! Amaitzeko, gauean adar pasea egin genuen, adar bakoitzeko beteranoak hurrengora pasatu ziren.
Azken egunean dena jaso, bazkaldu, ebaluazioa egin eta nekatuta, izerditsu eta penarekin, etxera itzultzeko autobusera igo ginen, jada hurrengo urteko kanpaldirako gogoz...
Hala ere animo denoi, asteburu honetan berriro elkartuko baikara! Kurtsoa hasten da dagoeneko!