2008/05/29

Orendainen asteburupasa

Hirugarren hiruhileko hau borobila izaten ari da Koxkorrentzat. Larunbatero egindako ekintzetan tailerrak eta batez ere, jolasak barra barra izan ditugu ohi den moduan. Gainera, aparteko istorio baten protagonistak izan gara, ezustekotik ezustekora eraman gaituena. Istorio horrek orain dela asteburu pare bat izan du bere amaiera.

Apirilaren 5ean, larunbatero bezala, boulevardean bildu ginen gure ekintza egiteko. Egun horretako jolasak bukatu eta gero, gure lokalera opari berezi bat iritsi zela jakin genuen: koadro misteriotsu bat. Honekin batera, eskutitz labur bat zetorren orain dela urte asko Aratzeko Koxkorra izandako pertsona baten izenean. Kartak zioenaren arabera, pertsona horrek lehiaketa bat irabazi zuen duela urte dezente koadro horri esker. Horregatik, berarentzat esanahi berezia zuen koadro hori Aratzeko Koxkorrek izatea nahi omen zuen.
Koadroaren izkinean “Kiku” jartzen zuen. Baina, nor zen Kiku? Zergatik nahi zigun guri opari bat egin?

Hurrengo larunbatetan, udaletxeko bulegoetan aspaldiko lehiaketa horren irabazleei buruz galdetuaz , azken 30 urteotan Aratzetik pasa den jendearen izenak miatuaz eta pistatik pistara abiatuz, misterioa argitu genuen. Koadro misteriotsu hura “Kiku” bezala sinatzen zuen pertsonak Arritxu zuen izena.
Arritxuk, gure interesaren berri eduki zuenean, eskutitz bat bidali zigun eta bertan
Orendainen Maiatzaren 17an azaltzeko agintzen zigun. Elkarrekin asteburu bateko irteera bat egiteko aitzaki ezinhobea zen hura! Halaxe egin geunen.

Maiatzaren 17an, trena hartu eta Orendainera joan ginen. Iritsi, bazkaldu eta frontoian jolas pila bat egin eta gero, han azaldu zitzaigun Arritxu. Aratz Taldeak sarritan egin ditu irteerak Orendainera, eta bertako etxean sartzean, burura oroitzapen polit ugari etorri zitzaizkion.
Denen artean oroigarri moduan gordeko dugun mural bat
gure eskuen markekin betetzen genuen bitartean, Arritxuk painoleta horia (eta urdina, eta berdea…) eraman zueneko garai horiek nolakoak izan ziren kontatu zigun. Hala jakin genuen bidalitako koadro hura, bere oinarin garaiean egin zuela, Orendainera egindako irteera batean, hain zuzen ere.
Oso une atsegina izan zen guztiontzat. Mural horretan, Oinarinei, Azkar eta Trebeentzako hutsunea utzi genuen. Hauei euren eskuen markak utzi araziko genielaren promesa egin
ez agurtu genuen Arritxu beste bat arte.

Asteburua, motza egin zitzaigun: Frontoian barrenera, briletera, txapara, bonbara… jolasten aritu ginen; Orendaineko etxean dagoen futbolin zaharrean hamasei mila partida jolastu genituen; igandean, herri guztian zehar pista-jolas erraldoi bat egin genuen. Sabela ederki bete genuen baita ere, “postre goxoa” aspertu arte jan genuen (afarian, gosarian, trenean jada Donostirako bidean geundenean…) eta igandeko bazkarian, Aratzeko platerrik hoberena: haragi pastela.
Leher eginda iritsi ginen
Donostiara. Datorren larunbatetan gehiago edukiko dugu, eta, bistan ditugu jada Irla eguna eta kanpaldia.

Arritxurekin batera, bere bi urteko alaba txikia etorri zen. Nork daki? Beharbada, egunen batean, asteburu honetan muralean markak utzi dituen koxkorren bat bere monitorea izango da.