2008/12/13

Martxan gara

Bloga aspaldian abandonatu xamar egon den arren, honek ez du esan nahi Aratz martxan ez dagoenik! Aspaldian hasi genuen kurtsoa, Urria hasieran. Honetarako egun batzuetako irteeratxoa egin genuen Urnietara, azken urteotan ia ohitura bilakatu dena. Normalean baina egun gutxiago igaro genituen han, aurten Urrian ez baita zubirik egon eta ikastolak ezin izan genituen konbentzitu aratzkide guztioi jaiegunen bat emateko. Pena. Hala, 4 egunetakoa beharrean 3 egunetakoa izan zen kurtso hasierako irteera, baina izugarri ondo aprobetxatu genituen egun hauek! Eguraldia gainera primerakoa izan zen, gozada bat.

Haur eta gazte berriei ongietorria eman eta taldea aurkeztu ondoren, adar bakoitzak irteera hau pittin bat kokatzeko erabili zuen, haur ugari pasa baitziren beste adar batetara, adina zela eta. Hala, adar bakoitzaren funtzionamendua azaltzeko jolasak egin ziren nagusiki. Mahai jokoak, froga jolasak, kirolak... denetik eduki genuen. Gaubelak ere ederrak izan ziren, dantza, kantu, antzerki eta abarrekin. Ondoko baserriko animaliek ere bixita ugari eduki zituzten, koxkorren aldetik batez ere.

Kurtsoa aspaldian jarri genuen martxan, beraz. Gainera dagoeneko hiruilekoa amaitzen ari zaigu, eta segituan egingo dugu hurrengo irteera, gabonetakoa (oraingoan 4 egunekoa, behar den moduan!). Bloga ez mugitzeak ez zuen esan nahi Aratz mugitzen ez denik, hortaz! Martxan gara!

2008/08/31

Matallana de Torío

Kaixo ama, kaixo aita, kaixo anaia edo arreba, kaixo laguna:


Itzuli naiz aurtengo kanpalditik! Leher eginda nago, eta ziur aski Abuztu osoan zehar azalduko dira kanpaldiko arrastoak dutxan, baina izugarri ondo pasa det Matallana de Toríon! Pentsatzen det zuri luzeak egingo zitzaizkizula 20 egun, baina neri motz-motza egin zait! Gero eta arropa garbi gutxiago nuelako bakarrik konturatzen nintzen kanpa aurrera zihoala...

Eguraldia, orokorrean oso ona. Ekaitzen batek harrapatu nau, baina ez da ezer serioa izan. Ez dezu ikusten ze moreno nagoen? Egun guztia eguzkitan, bainujantzia besterik ez det erabili! Hori bai, gauetan hotza, e! Ondokoari ondo pegatuta egin det lo, bestela ezin zen eta!

Kanpa kriston polita zen. Beti bezela, erreka bertan zegoen. Gainera aurten justo kanpan urjauzi txiki bat zegoen, eta handik saltoka ibili naiz, bainatzeko. Monitoreek ez zidaten buruz botatzen uzten (kriston sosoak dira), baino bueno. Fijatzen ez zirenean botatzen nintzen. Baino onena izan da, aurten kanpa ondoan herriko igerilekua zegoela! Egun batzutan hara joaten ginen, dutxatzeko batez ere. Komuna eta guzti, kriston lujoa! Ez dakizu zer den letrinan kaka egin beharra... Batez ere 10. egunetik aurrera edo horrela, ze jendeak ez du oso ondo apuntatzen, eta papera ere ez du barrura botatzen askotan... ajjj!!

Lehenengo gaubela igerileku ondoko pabelloian izan zen. Bueno, gaubela edo horrelako zerbait. Herriko tipo bat etorri zen kanpara, eta monitoreei esan zien gauean han kontzertu bat egongo zela, gonbidatuta geundela. Eta afaldu ondoren denok joan ginen “kontzertua” ikustera. Publiko moduan ez zegoen ia inor (guztira 8 pertsona edo), eta musika jotzen zutenak (Banana Folk edo horrelako zerbait zuten izena) Leon osoko kolgatuenak ziren! Hiru tipo, danbolin moduko bat, eskusoinua eta gaita jotzen, kriston musika arraroa egiten. Gainera, bapatean hasi ziren esaten ea noizbait pentsatu genuen platanoak ze gizajoak ziren, ezin zutelako elkarren artean liatu, puntak txokatzen zirelako (toma ya!). Gero, bi abestiren artean platano batzuk ere banatu zizkiguten (eskertu genizkien, ze afaldu genuenarekin...). Nahiko panorama surrealista, ikusten dezun moduan. Gauza pixkat alaitzeko kalejira batzuk inprobisatu genituen, ze erremedio... A, justo koxkor baten urtemuga zen, eta “zorionak zuri” jo ziguten Banana Folk-ekoek. Detaile polita, egia esan. Total, bukatzeko “Platanoen Eskubideen Pasodoblea” jo ziguten hippie folkloriko haiek, eta kanpara bueltatu ginen lo egitera. Surrealista zeharo.

Beste gaubelak normalak izan dira; batzutan gitarrekin abesti eta dantzak, gauren batean jolasen bat ere egin degu (tipikoak, tren txu-txu eta horrelakoak), eta gau baten telebista saio moduko bat egin genuen, abesti eta musika lehiaketa antzerako bat (kriston aurkezle-trabesti ederra eduki genuen). Txaskarrilloak, abestiak, antzerkiak... betiko moduan.

Eta gero, lotara joaterakoan ere, beti zegoen zerbait; pasta botatzera zetorrela norbait, zakuan zapo bat topatzen zenuela, dendako makilak kendu eta gainera botatzen zizutela... Beti alerta egon behar!

Egunak beti bezela, gozada bat. Lehenengo egunetan, nola San Ferminak ziren oraindik, entzierroa egiten genuen gosaldu aurretik; monitoreen denda aurrean “A San Fermin pedimos” abesten genuen, eta hauek esnatu berri eta oraindik zer gertatzen zen oraindik oso ondo ez zekitela zezenak balira bezela ateratzen ziren dendatik, gure atzetik. Baino oso zombi egoten ziren oraindik, eta ez gintuzten ia harrapatzen. San Ferminetako azken egunean “Pobre de mí” eta guzti abestu genuen.

Gero, 10ak aldera (normalean pixkat beranduxeago), gosaria. Gero fregatu, eta monitoreei okurritzen zitzaienean, goizeko ekintza. Bueno, koxkorrak lehenengo “egunondora” joaten ziren; zuhaitz batetik eguneko programaketa jaisten zuten. Hippie eguna, eskaut eguna eta horrelakoak egin dituzte. Hoberena, España eguna izan da: kanparen erdian Espainiako kriston bandera eduki genuen jarrita, sebillanak, kordobesak eta zezen plaza inprobisatu batean korrida eta guzti eduki genuen. Kanpa guztia globo hori-gorriz beteta egon zen!

Parkouta ere egin degu aurten, nola ez. Lokatzetan abdominalak, potinjea, fregaderoan sartu, lurretik arrastaka ibili, errekan sartu, korrika joan alde batetik bestera... en fin, kriston zerrikeria, baina guay dago.

A, “apustu eguna” egin degu aurten! Monitoreek objektu lista bat eman, eta taldeka herrian lortu behar genituen. Goardia Zibilaren kuarteleko bandera eta guzti eraman genien monitoreei! Flipatu egin zuten! Jajaja. Bisbalen posterrak, udaletxeko Leoneko bandera, txaleko reflektanteak, arrautza bat kaiola batean, bizikleta kamarak... denetik lortu genuen! Herriko jendea izugarri jatorra, pilo bat lagundu ziguten egun hartan.

Betiko egun bereziak ere egin ditugu; Sukaldaritza eguna (kriston menuak prestatu genizkien monitoreei, ez dira kejatuko!!), Adarren eguna, Basati eguna, Superbibentzia eta Raid-a (superbibentzian izugarri ondo tratatu gintuzten inguruko herrietan, kriston pila jan genuen eta lana egin beharrik gabe!)... Urteroko gauzak.

Bestela, egun normalak ere gozada bat. Pista-jolasen bat, tailerrak, masaje sesioak, body painting, bainuak errekan eta igerilekuan, bandera jolasak, beisbol eta futbol partidu erraldoiak (aratz guztia batera), gitarrarekin abestu, siestak (trebeek tenis sare batzuekin kriston hamakak egin zituzten!), arropa tintatu, ilea tintatu eta moztu... denetik, beti bezela!

Ruta kristona izan degu, oso zona polita zen. Picos de Europa ondoan geunden, eta kriston mendi ederrak zeuden inguruan. Desfiladero estuetatik pasa gera, haran zabaletatik ibili gera, mendi porturen bat ere igo degu... A, eta Valporquero-ko kobazuloak bixitatu genituen. Kriston kobazulo handiak dira,azalpenak ematen zituen tipoak esan zuen espainia mailan, bixitariei irekita dauden handienak direla. Ikusgarriak dira egian esan, denok flipatzen egon ginen bixitak irauten zuen denboran. Beste egun batean artzai bat ere ezagutu genuen, kriston ardi pila zituena, eta istorio polit batzuk kontatu zizkigun bidetik. Oso pertsonaia bitxia.

Lo egiteko betiko moduan; eliz atariak, frontoiren bat, etxeren bat ere utzi ziguten herriren batean, polikiroldegiren bat... oso ondo tratatu gaituzte herri guztietan.

Eta kanpa amaitzeko, beti bezela, azken egunean Talde Eguna! Aurten Aratzen 30. urteurrenaren ingurukoa izan da. Eta nola ez, Italia-Abisinia ere egin degu! Badakizu, denak txuriz jantzita guapo-guapo jolasean hasi, lokatzetan borrokan aritu eta amaieran denok goitik behera zerri eginda amaitu! Izugarria da!!

Gaubelan antzerki bereziak egin genituen, takotea jan eta adar paseak egin ziren. Beraz tokatzen zaienak datorren urtean beste adar batetan egongo dira.

Azkeneko egunean dena jaso genuen, autobusa hartu eta denok erdi lo, melankoliko eta triste, etxerako buelta egin genuen. Hurrengo kanpara joateko gogoarekin nago dagoeneko!!



30 urte,

30 urte,

30 urte ditu Aratzek.

Beste horrenbeste,

beste horrenbeste,

beste horrenbeste iraun baietz!!

2008/07/05

Piratak Santa Klaran!

Lehengo astean, Santa Klara uhartea piratek hartu zuten!
Asteazken goizean marinel ugari ikusi zituzten donostiarrek hiriko portuan. Euren artean zenbait itxuragaizto zeuden, aurpegian orbainak eta besoetan tatuajeak zituztenak. Hauek gainontzeko marinel gazteak gidatzen zituztela zirudien, egin beharrekoa esaten baitzuten.
Lau taldetan, marinel hauek Urgull mendira igo ziren lehenbizi, eta han Santa Klara uharteko mapa topatu zuten, zenbait puntu gorriz markatuta zituena. Itxuraz pirata izateko probak gainditu behar zituzten, eta honetarako portuan txalupa hartu, eta irlara abiatu ziren.

Irlara heldutakoan, talde bakoitzak bere aldetik uharteko piratak bilatu zituen maparen laguntzarekin. Pirata hauekin zenbait proba bete behar izan zituzten beren balioa eta ausardia erakusteko: pirata bandera bat diseinatu behar izan zuten, uretan zeuden botila batzuk erreskatatu behar izan zituzte, hieroglifiko zailak interpretatu, mezu ezkutuak deszifratu, pirata dantzak egin... eta hala, azkenean altxorraren kokalekua erakusten zuen pergamino zaharra irakurri ahal izan zuten.
Bertan jartzen zituen argibideak jarraituta, puntu konkretu batera heldu, lurra zulatzen hasi, eta Santa Klarako piraten altxorra topatu zuten! Munduko pirata maltzurrenen arteko kide bilakatu ziren hala marinel gazte haiek!

Ospatzeko, denek elkarrekin bazkari ederra egin zuten eguzkitan, eta arratsaldean uretan jolasean aritu ziren, hurrengo abordaia eta lapurretak planifikatu bitartean...

2008/06/17

Merendola Ategon!

Eguraldiak kontrakoa erakusten digun arren, uda hemen omen dugu jada. Klaseak amaitzen edo amaituta, batzuek selektibitatea ere egin dute, baten bat errekuperaketak egiten arituko da (animo!)... eta Aratzen ere amaitzen ari zaigu kurtsoa. Bukatu ditugu larunbatetako bilerak, eta hauei amaiera borobila emateko, urtero egiten dugun moduan, Ategon merendola eder bat egin genuen larunbatean, adar guztiek elkarrekin.

Bitxikeria handiena eguraldia izan zen, eguzkia eduki baikenuen! Hau da hau! Aprobetxatzeko, kalean aritu ginen jolasean. Ategorrietako frontoia okupatua zegoen, pala partiduak baitzeuden, eta alboko parke batera joan ginen jolasera.
Hasteko, aurkezpen jolasen bat egin genuen, aurten haur berri asko sartu baitira taldera, eta adar desberdinetakoek ez zuten elkar ezagutzen. A, eta monitora berri bat ere azaldu zen, Ane! Ongi etorri!
Ondoren, hainbat jolas egin genituen: muxu-stop jolasean aritu ginen, bikoteka dantzan kopetarekin intxaur bat eutsita, oinetan lotutako globoak lehertzeko txapelketa antolatu genuen, sokatiran ere aritu ginen ederki izerditu arte... eta ondoren, indarra berreskuratzeko, Ategora itzuli ginen meriendatzera.
Bertan etxe barruan eta kanpoan egon ginen hizketan, jaten, jolasean, kotilleoan... eta ikasturtean egindakoa gogoratzen ere bai, nostalgiko xamar.


Hala ere ez tristetu, oraindik hoberena geratzen zaigu eta! Datorren astean Irla Eguna, eta uztailan kanpaldia! Hasi pentsatzen beraz motxilatan zer sartu, aurten gainera 20 egunetarako joango gara eta! Datorren astera arte, Aratz!

2008/05/29

Orendainen asteburupasa

Hirugarren hiruhileko hau borobila izaten ari da Koxkorrentzat. Larunbatero egindako ekintzetan tailerrak eta batez ere, jolasak barra barra izan ditugu ohi den moduan. Gainera, aparteko istorio baten protagonistak izan gara, ezustekotik ezustekora eraman gaituena. Istorio horrek orain dela asteburu pare bat izan du bere amaiera.

Apirilaren 5ean, larunbatero bezala, boulevardean bildu ginen gure ekintza egiteko. Egun horretako jolasak bukatu eta gero, gure lokalera opari berezi bat iritsi zela jakin genuen: koadro misteriotsu bat. Honekin batera, eskutitz labur bat zetorren orain dela urte asko Aratzeko Koxkorra izandako pertsona baten izenean. Kartak zioenaren arabera, pertsona horrek lehiaketa bat irabazi zuen duela urte dezente koadro horri esker. Horregatik, berarentzat esanahi berezia zuen koadro hori Aratzeko Koxkorrek izatea nahi omen zuen.
Koadroaren izkinean “Kiku” jartzen zuen. Baina, nor zen Kiku? Zergatik nahi zigun guri opari bat egin?

Hurrengo larunbatetan, udaletxeko bulegoetan aspaldiko lehiaketa horren irabazleei buruz galdetuaz , azken 30 urteotan Aratzetik pasa den jendearen izenak miatuaz eta pistatik pistara abiatuz, misterioa argitu genuen. Koadro misteriotsu hura “Kiku” bezala sinatzen zuen pertsonak Arritxu zuen izena.
Arritxuk, gure interesaren berri eduki zuenean, eskutitz bat bidali zigun eta bertan
Orendainen Maiatzaren 17an azaltzeko agintzen zigun. Elkarrekin asteburu bateko irteera bat egiteko aitzaki ezinhobea zen hura! Halaxe egin geunen.

Maiatzaren 17an, trena hartu eta Orendainera joan ginen. Iritsi, bazkaldu eta frontoian jolas pila bat egin eta gero, han azaldu zitzaigun Arritxu. Aratz Taldeak sarritan egin ditu irteerak Orendainera, eta bertako etxean sartzean, burura oroitzapen polit ugari etorri zitzaizkion.
Denen artean oroigarri moduan gordeko dugun mural bat
gure eskuen markekin betetzen genuen bitartean, Arritxuk painoleta horia (eta urdina, eta berdea…) eraman zueneko garai horiek nolakoak izan ziren kontatu zigun. Hala jakin genuen bidalitako koadro hura, bere oinarin garaiean egin zuela, Orendainera egindako irteera batean, hain zuzen ere.
Oso une atsegina izan zen guztiontzat. Mural horretan, Oinarinei, Azkar eta Trebeentzako hutsunea utzi genuen. Hauei euren eskuen markak utzi araziko genielaren promesa egin
ez agurtu genuen Arritxu beste bat arte.

Asteburua, motza egin zitzaigun: Frontoian barrenera, briletera, txapara, bonbara… jolasten aritu ginen; Orendaineko etxean dagoen futbolin zaharrean hamasei mila partida jolastu genituen; igandean, herri guztian zehar pista-jolas erraldoi bat egin genuen. Sabela ederki bete genuen baita ere, “postre goxoa” aspertu arte jan genuen (afarian, gosarian, trenean jada Donostirako bidean geundenean…) eta igandeko bazkarian, Aratzeko platerrik hoberena: haragi pastela.
Leher eginda iritsi ginen
Donostiara. Datorren larunbatetan gehiago edukiko dugu, eta, bistan ditugu jada Irla eguna eta kanpaldia.

Arritxurekin batera, bere bi urteko alaba txikia etorri zen. Nork daki? Beharbada, egunen batean, asteburu honetan muralean markak utzi dituen koxkorren bat bere monitorea izango da.

2008/05/28

Bazen behin Ernioko borda batean...

Gure oinarinekin aurreko asteburua Ernio mendian pasa genuen, bertako borda batetara joateko plana egin baitzuten. Hiruhileko honetako lehenengo abentura amaitu genuen horrela. Larunbat arratsetan menua pentsatzen (gosariko kruasanak detaile polita izan ziren, tropa!), ekintzak programatzen, garraioa antolatzen... aritu ostean, dena gutxi gorabehera lotuta zegoenean (gutxi gorabehera), goiz jaiki eta Erniora abiatu ginen.

Larunbat goizean trena hartu genuen Tolosara joateko, han autobusa Bidania-Bidegoian alboraino, eta bertatik oinez abiatu giren mendian gora bordara heldu arte. Batzuk alferragoak izan ziren eta partido edo txapelketen aitzakiarekin, eguerdi partean kotxez igo ziren haraino.
Hala, goiza borda txukundu eta garbitzen, bidoiekin iturritik ura garraiatzen (bordako ur depositoa bukatzekotan zegoen) eta jolasean eman genuen, kartetan, futbolean edo beste edozer gauzatan. Eguerdian falta zirenak iritsitakoan etxetik eramandako bazkaria banatu genuen denen artean, tripa-zorriek ordurako kriston serenata baitzuten! Ondoren digestioari ere tartea eman genion, lasaitasun ratutxo batekin.
Arratsalderako froga-jolas bat zuten antolatuta oinarinek; galderak, tabua, froga fisikoak, mimika... denetik egin genuen. Lasaia eta dibertigarria izan zen jolasa, egia esan. Eta ondoren, bi taldetan banatuta gauerako ekintza antolatzen aritu ziren haurrak, Beldurrezko Gaua egiteko joan baikinen Erniora!
Lumigasen argipean saltxitxak patata purearekin afaldu ondoren (argirik ere ez zegoen bordan, noski), gaubelari ekin genion; aurrena, han inguruan hildako pertsona batzuen arimekin gora eta behera aritu ginen, bakoitza bere hilobira eramateko. Eta ondoren, Ernion egon zen lapurreta bat argitu behar izan genuen, urte mordo bat lehenago ostutako zilarrezko erloju bat nork zuen jakiteko.
Oihuak, lasterketak, erorketaren bat (erorketa ikusgarriren bat), urduritasuna, barreak... denetik egon zen ilargipean eta behelaino artean. Gau polita izan zen!

Hurrengo goizean jantzi, bezperakoa garbitu eta nagiak kendu ostean, gailetak eta kruasanak eduki genituen gosaltzeko, Aratzen aspaldian egin ez zen gosari ederra! Gainera ordurako nahiko gosetuta geunden guztiok (gauza batzuen eta besteen artean, eguerdiko 12ak aldera gosaldu genuen!), eta primeran sartu zen gosaria.
Ondoren motxilak egiten, gauzak bere tokian jartzen, garbitzen etab. hasi ginen, beste batzuk bazkariaz arduratzen ziren bitartean.
Arratsaldean, dena garbitu eta txukun utzi ondoren etxerako bidea hartu genuen denok, asteburu ederra igaro izanaren sentsazioarekin, baina aldiberean etxera heldu eta dutxa bero bat hartzeko irrikitan (buelta espero baina pittin bat luzeagoa egin zitzaigun, Tolosan trena 5 minutugatik galdu baikenuen, baina hori beste istorio bat da...).



[Eskerrik asko Unsaintarrei bordara joateko aukera eskaintzeagatik!]

2008/04/14

30. urteurrena

Aurten gure taldeak 30 urte bete ditu. 30 urte, haur eta gazteak balore eder batzuen inguruan eta euskara hutsean heziz. 30 urte, larunbat arratsero elkartuz. 30 urte, penintsulako geografia zabalean zehar akanpatuz. Hau ospatzeko, gaur egun Aratz aurrera daramagun monitoreok asteburupasa eder bat antolatu diegu garai batean gure monitore izandakoei, eta bi egunez berriro ere haur bilakatu dira gure taldean.


Haurrekin ohi dugun moduan, Donostian elkartu ginen denok autobusa hartu eta Astigarragara abiatzeko. Bertan, motxilak bizkarrean hartu eta Santiagomendira igo ginen eguzkipean. Heldutakoan aurkezpen jolasak egin genituen, ez baikenuen denok elkar ezagutzen (orain dela urte asko aritutako monitoreak etorri ziren, eta gutako batzuek ez zituzten ezagutzen). Gutxi gorabehera izen guztiak ikasi genituen, eta giroa pizteko, klasikoetara jo genuen: semaforoa, bulldog... barre ederrak egin genituen denok elkarrekin! Eta zelako agujetak eduki zituzten batzuek hurrengo egunean!

Bazkaltzeko, etxetik eramandakoa denon artean banatu genuen, buffet moduan jarrita. Betikoa: bokadilo goxo-goxoa ekarri zutenak izorratu behar, eta bazkari zozo eta triste xamarra zutenak, poz-pozik. Baina inor ez zen kexatu, hori edukazio ona dutena "Vieja Gloria" hauek...

Arratsean proba-jolas handi batean hartu zuten parte gure "haur" handi haiek, puzzle erraldoi baten piezak lortu ahal izateko. Nork pentsa zezakeen, horrenbeste urteren ondoren berriro ere Potingea (Aratzeko sukalde eta intendentzietan esklusiboki prestatzen den delicatessen berezia) dastatuko zutela? Harri bati bueltak ematearen proba egin beharko zutela? Muturra irin plater batean sartu beharko zutela, txanpon bat bilatzeko? Honelakoak eta beste asko eginez haurtzarora itzuli ziren gure "vieja gloria"-k, nahiz eta beren artikulazioek kontrakoa esan...

Amaieran, lortutako pieza guztiekin puzzlea osatu zuten, eta han etorri zen eguneko sorpresa: Aratzeko argazki zahar eta berriekin Atego osatzen zen mosaiko erraldoia azaldu zen beraien begi aurrean! Mural ikusgarria!

Asteburuko tarte libreetan argazki zaharrak ikusten aritu ginen gainera, eta bideo emanaldi batzuk ere eduki genituen, kanpaldi eta irteera zaharretakoak. Garai bateko monitore zaharrak haur zirenekoak ere baziren!

Giro ederrean afaldu ondoren (San Jakoboak, ezin zuen beste era batean izan), gaubelaren garaia heldu zen: abestiak, dantzak eta antzerki oso oso ederrak eduki genituen bertan. Musikalak, txapelketak, koreografiak... aspaldian ikusi den gaubela dibertigarrienetakoa izan zen gau hartakoa! Guztiak izugarri sartuta beren paperetan eta ondo pasatzeko sekulako gogoarekin!

Hurrengo goizean eguraldi txarrarekin esnatu ginen arren, gosaldu ondoren pista joku bat egin genuen, etxe barru eta kanpotik. Kexaren bat espero genuen euria zela eta, baina han abiatu ziren monitore ohi guztiak txintik esan gabe eta poz-pozik euripean korrika, pistak bilatzera! Talderen batek tranpa egin zuen arren (jarritako pisten erdia saltatu zituzten!), jolasa primeran joan zen, eta eguraldia gorabehera, denok pasa genuen izugarri ondo.

Bazkaltzeko haragi pastela jan genuen (hau ere Aratzen tipikoa), eta kafearen ostean, etxea txukundu eta jaso genuen. Azkenik, kalean borobil handi bat egin eta agurra abestu genuen eskutatik helduta, batzuk iribarrea aurpegian, besteak korapiloa eztarrian, gehienak gauza biekin.

Asteburu eder, dibertigarri, melankoliko eta atsegina, urteurrena ospatzeko primerakoa. Eskerrik asko bertara etorri zineten guztiei, eta muxu bat etortzerik eduki ez zenutenei. Oso polita izan zen.
Beste 30 bete ditzagula!!


2008/04/09

Aste santua Santiagomendin.

Aste Santuan Santiagomendira joan ginen aratzkideok 4 egunetako irteeran. Astearte goizean autobusa hartu genuen Astigarragaraino, eta handik oinez igo ginen, euripean izan arren. Heldutakoan, etxea goitik behera aldatuta topatu genuen! Sukaldea, jangela, komunak, gelak... guztia desberdin zegoen! Baten bat galdu ere egin zen han barruan...

Eguraldiak ez zigun batere lagundu, euria, euria eta euria eduki baikenuen (nahiz eta koxkorrak ausartu ziren ibilalditxo bat egiten bigarren goizean, valientes!). Baina nahiz eta etxetik ia ez ginen irten, gauza piloa egin genituen! Aratzeko argazki zahar eta berriekin zenbait collage egin ziren, etxeko paretetan jartzeko; sukaldaritza tailerrak ere antolatu ziren, eta honek txokolatedun gaileta, "trufa" hotz (arraro xamarrak, Guggenheimerako moduko diseinuarekin atera ziren) eta torrija gozo-gozoak dastatzeko aukera eman zigun. Gero eta bizio handiagoak ditugu Aratzen postrearen orduan...
Mahai jolasak (batzuk trebeek eskuz egindakoak), gitarra sesioak, gaubeletan kantu eta dantzak, antzerkiak, masaje tailer laburren bat, froga jolasak... etxe barruan denetik egin daitekeela argi geratu zaigu Astigarragan igarotako egunetan.

Azken egunean Santiagomendi-Dakar lasterketan parte hartu genuen guztiok. Goizean, talde bakoitzak zenbait tailer edota proba-zirkuitu desberdinetan beren autoari jartzeko piezak lortu behar izan zituen. Gurpilak, direkzioa, kontsumoa, karrozeria, klimatizadorea... lortutakoaren arabera, arratseko lasterketan abantaila edo desabantailak eduki zituen. Lasterketa honetan gorabehera ugari eduki zituzten partehartzaileek, baina kotxe guztiek bukatu zuten osorik eta pilotuek onik, nahiz eta inor ez zer Dakarreraino heldu...

Amaitzeko, gauean beldurrezko gaubela egin genuen. Santiagomendiko etxea psikiatriko bilakatu zen ordun batzuetan, eta haurrek bertan zeuden pertsonaien artean nor ez zegoen erotuta bilatu behar izan zuten. Maitale bikoteko kideren bat ote zen? Bere burua zerraz mozten zuen neska? Sukaldean aulki bati lotuta zegoena? Eskuetako hatzak jaten zituena? Borrokan zebiltzan militar enmaskaratuak? Eskilaratako mutikoa? Aukera ugari eta arrisku handia brometan aritzeko... Hala ere, batzuek bizkorrak izan ziren eta azkenean antzeman zuten nor zen eroetxean egon behar ez zuena.


Azken egunean dena jaso eta garbitu ostean, bazkaldu, motxilak hartu eta aldapan behera abiatu ginen, Astigarragan autobusa hartu eta etxera itzultzeko.

Hurrengoa, kanpaldia!!