2007/12/24

Guaranoak, Biurrundarrak eta Koxkorrak II

Koxkorren abentura bere amaierara iritsi da azkenean. Tolosan Gotzon izeneko shamán-a eta Iñaxita ezagutu ondoren, Guaranoen banderaren koloreak lortzen jarraitu dugu, Pablo Biurruni musikaz bizitzeko aukera ematearen helburuarekin.

Eta halaxe iritsi ginen azken egunera, Abenduaren 15a. Azkeneko kolorea lortu ondoren, Leize Gorria tabernara abiatu ginen eta bertan zeuden gure zain Oinarinak eta Azkarrak. Guztiok eroso jarritakoan, kontzertua hasteko garaia heldu zen.

Raul eta Julen izan ziren eszenatokira igo ziren lehenak, baina Pablo falta zen, noski. Bera agertu zedin, musika xuabe bat jo zuten Raul eta Julenek euren instrumentuekin fondo moduan eta, zertxobait itxaron eta gero, Iñaxita besotik helduta zuela agertu zen Pablo Leize Gorriko eskaileretatik behera; Biurrun and the Band hirukotea osorik zegoen berriz ere!

Hortik aurrera, festa hasi zen. Abesti ezagunen repertorio polit bat eskeini zuen hirukoteak. Abesti horietan guztietan Martinen (saxoa) eta Hugoren (gitarra) kolaborazioa eduki zuten eta emaitza ezinhobea izan zen.
Jende asko pasa zen mikrofonoetatik, izan ere, abesti ezagunei Aratzeko gaubeletako
abesti eta dantzak gehitu zitzaizkien. Azkarrek korrikako abestiarekin lagundu ziguten, Unai koxkorrak Jaimitoren txiste izugarri on bat kontatu zigun, Jonek (koxkorra hau ere) bere gorputza dantzan jarri zuen...
Leize Gorria gainezka zegoen. Publiko artean, Koxkorren gurasoak, Pabloren senide eta lagunak eta Iñaxita zeuden, baita besterik gabe kaletik tabernara sartutako jendea ere. Giro bikaina sortu zen eta kostako zaigu ahaztea!

Guzti honen ondoren, Pablori bihotzez eskerrak ematea baino ez zaigu gelditzen; bere betebeharrerako laguntza eskatzearekin batera abentura polit hau bizitzeko aukera eman digulako. Gozatzen jakin izan dugula uste dugu, festa hau merezitakoa izan da hortaz.

Ezin dugu ahaztu ezta ere Leize Gorriak eta San Bernardo Eskaut Taldeak abentura honetan eskeini diguten laguntza; muxu handi bat hauentzat ere.

Kontzertua “La lluvia nunca vuelve hacia arriba” abestiarekin bukatu zen, izan ere, momentu on guztiek euren bukaera daukate, beste batzuei lekua utzi behar zaielako.

Muxu bat guztiontzat!


2007/12/16

Santo Tomaseko postua

Datorren ostiralean, Santo Tomas eguna, azkarrek postua edukiko dugu Gipuzkoa Plazan! Etor zaitezte txistorra artera!


Gure aurtengo proiektua Essex-en (Ingalaterra) ospatuko den Nazioarteko Kanpaldi batetan parte hartzekoa da. Hau aurrera eramateko ekintza desberdinak antolatuko ditugu urtean zehar: Sto. Tomas eguneko postua, Aratzeko azken garaiko argazki muntaia eta beste hainbat.
Anima zaitezte, hortaz, datorren ostiralean guri bixita bat egin eta txistorra jatera Gipuzkoa Plazako 8. zenbakian edukiko dugun postuan!
Mila esker, eta on egin!


Aratzeko Azkarrak


2007/12/07

Leitzaranetik zehar bizikletaz

Lehengo igandean oinarinak Leitzaran bailarara joan ginen bizikletak hartuta. Kurtso hasieran oinarinek beraiek proposatutako plana zen hau, orain arte prestatzen aritu garena. Ibilbidea, eraman beharrekoa, bizikletak puntuan jartzen ere aritu ginen... Hala, igandean Donostiako RENFEren geltokian elkartu ginen bizikleta eta guzti Andoainera abiatzeko, eguraldia lagun genuela.




Segituan ekin genion bideari, baina pittin bat desorientatu ginen, eta Leitzaran bailararen hasiera heltzeko atajo txiki bat inprobisatu behar izan genuen. Kontatzeko moduko zerbait eduki ahal izateko...
Hasierako asmoa Leitza herriraino heltzea zen, baina ez genuen lortu. 10 bat kilometro eginda genituenean, Maddi gizarajoari bizikletako katea hautsi zitzaion. Ez genuen hau konpondu ahal izateko erremintarik, eta handik bizikletaz igarotzen zirenei galdetzen genien arren, inork ez zeraman gainean halakorik. Kilometro t'erdi atzerago igaro genuen iturrira itzultzea erabaki genuen, bertan denok elkarrekin bazkaltzeko. Haraino Maddi bizikletan igota eta guk esku batekin bultzatzen eraman genuen. Hala edonor dabil bizikletaz, esfortzurik egin gabe!
Iturrian etxetik eramandako bokadiloak bazkaldu genituen, eta jolasean eta tertulian aritu ginen pixkatean. Amaitutakoan, Unai monitorea Maddirekin Andoainera itzuli zen (haraino bultzaka eraman zuen baita ere!), kafe bero bat hartu eta gainerakooi itxoiteko. Besteok berriro goruntz abiatu ginen bizikletaz.

Dena izugarri lokaztuta eta putzuz beteta zegoen, eta zenbait tunel izugarri ilunak zeuden, ez zen batere ikusten. Hala ere, izugarri gustura egin genuen bidea!
Orduak aurrera egiten zuela ikusita, 15. kilometro inguruan buelta ematea erabaki genuen. Zein erraz egin genuen beherako bidea! Ia Andoainen ginela beste gorabehera bat eduki genuen halere, Axeli atzeko gurpila zulatu baitzitzaion. Hala ere, segituan kamara aldatu, puztu eta aurrera jarraitu genuen. Han heldu ginen Maddi eta Unairengana, goitik behera lokaztuta eta poz-pozik. Bizikletak berriro ere trenean sartu, eta sekulako egunpasa ederraren ostean, etxerako itzulera egin genuen, neka-neka eginda.